Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Nekazaritza-ekologian, hiri-biodibertsitatean eta espezie mehatxatuen kontserbazioan berritzaileak diren hiru proiektuk Jasangarritasun Departamentuaren laguntza jaso dute

Nekazaritza-ekologian, hiri-biodibertsitatean eta espezie mehatxatuen kontserbazioan berritzaileak diren hiru proiektuk Jasangarritasun Departamentuaren laguntza jaso dute

Labore Txingudi, Naturtzaindia eta Aranzadi elkarteek guztira 18.428 euro jaso dituzte ingurumenean eragina duten proiektuak garatzeko.

2025/09/03
Subvenciones Administración Ambiental

Jasangarritasun Departamentuak beste laguntza-deialdi bat ireki du, elkarteetatik ingurumen-jasangarritasunarekin konprometitutako herritar-ekimenak bultzatzen jarraitzeko. Aurkezteko epea irailaren 19ra arte egongo da zabalik.

José Ignacio Asensio: “Elkarteek funtsezko zeregina dute ingurumen-sentsibilizazioan eta lurraldearen eraldaketa ekologikoan. Jasangarritasun Departamentutik konpromisoa, ezagutza eta parte-hartzea uztartzen dituen oinarrizko lan hau babesten jarraitu nahi dugu. Horregatik, beste deialdi bat egin dugu, Gipuzkoa jasangarriagoa, bidezkoagoa eta aktiboagoa izaten laguntzen duten herritar-ekimenen sare hori zabaltzen jarraitzeko”.

Jasangarritasun Departamentuak berretsi egiten du Gipuzkoako elkarte-sarearekiko konpromisoa, trantsizio ekologikoan gizarte-inplikazioa sustatzen duen laguntzen urteroko deialdi baten bidez. Aurtengo edizioan, 18.428 euro eman dira gizarte- eta ingurumen-balio handiko hiru proiekturi laguntzeko. Proiektu horiek tokitik lan egiten dute herritarren sentsibilizazioan, ezagutza zientifikoan eta ingurunearen kontserbazioan.

1. Txingudi: Agroekologia zabaldu

Kontsumo arduratsua ikuspegi agroekologiko eta ekofeministatik sustatzean oinarritutako proiektua. Elkarteak pedagogia- eta komunikazio-tresnetan lan egiten du, balio horiek herritarrei helarazteko eta bazkideen inplikazioa indartzeko.

2.Naturtzaindia: kiropteroen azterketa Arno eta Izarraitzen

Elkarteak Arno eta Izarraitzeko sistema karstikoetan saguzarren presentzia aztertzen du, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuak baitira. Helburua da espezieak, babeslekuak eta mehatxuak identifikatzea eta babes aktiborako oinarriak ezartzea. Funtsezko ekintza da kontserbazioari buruzko Europako zuzentarauak betetzeko.

3. Aranzadi Zientzia Elkartea: BiArtEko Mugi

Proiektu aitzindari honek zientzia, artea eta ekologia bateratzen ditu, Donostiako hiri-biodibertsitateari ikusgarritasuna emateko. Aranzadik, ibilbide naturalak, eskultura-babeslekuak, errealitate areagotua eta jarduera inklusiboak baliatuz, mugikortasun aktiboa, ingurumen-hezkuntza eta herritarren parte-hartzea sustatzen ditu.

Deialdi berria: elkarteei bultzada handiagoa ematea

Horrelako ekimen eraldatzaileak indartzen jarraitzeko, Departamentuak beste deialdi bat martxan jarri zuen abuztuaren 29an, ostiralean, lurraldeko irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 19ra arte egongo da zabalik. Partida horretara 16.400 euro bideratuko dira ingurumen-azterlanetan, ingurumen-boluntariotzan, herritarren zientzian eta hezkuntza ekologikoan oinarritutako proiektuak sustatzeko.

Jasangarritasuneko diputatu José Igancio Asensiorentzat, “hiru proiektu horiek Gipuzkoako elkarte-lanak duen potentzialaren adibide ona dira. Ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa, ezagutza eta parte-hartze soziala batzen dituzten ekimen horiek babesten jarraitu nahi dugu”.

“Horregatik, beste deialdi bat egin dugu, Gipuzkoa  jasangarriagoa, bidezkoagoa eta aktiboagoa izaten laguntzen duten herritar-ekimenen sare hori zabaltzen jarraitzeko”, azpimarratu du.

Jasangarritasun Departamentuak lurraldeko elkarteak animatu nahi ditu garapen-eredu bidezkoago, parte-hartzaileago eta ingurunearekiko errespetutsuago bat eraikitzen lagunduko duten proposamenak aurkez ditzaten.

Deialdiaren oinarriak eskuragarri daude jada Aldundiaren webgunean: https://gip.eus/q198m

  

2201