Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ogasunak 70 milioitik gora itzuli ditu jada Errenta kanpainan

Ogasunak 70 milioitik gora itzuli ditu jada Errenta kanpainan

Lehen bi asteen balorazio positiboa egin du foru erakundeak. Aurkeztu diren aitorpenen kopurua %24 igo da aurreko urteko egun berdinarekiko.

Gipuzkoako foru Ogasunak 70 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie jada gipuzkoarrei, 2019ko Errenta kanpaina martxan jarri zenetik bi aste bete direnean. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, itzulketak ahalik eta azkarren egitea “inoiz baino garrantzitsuagoa da”, Gipuzkoako herritarrei likidezia injekzio inportantea egitea suposatzen baitu. Gaineratu duenez, eta nahiz eta Covid-19aren pandemiak sortu duen ezohizko egoera kanpainan zuzenean eragiten ari den, “aurretik egindako lanari esker, gure teknologia garapenak Errenta kanpaina honetan ere kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izatea ahalbidetu digu. Orain artekoaz egiten dugun balorazioa, beraz, positiboa da”.  

          Mendoz hedabideen aurrean agertu da gaur bideokonferentzia bidez, aste honetan Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan, 2019ko Errenta kanpainak orain arte eman duenaren errepasoa egin da. Lehen bi astetan, zenbatekoak positiboak dira. Foru bozeramaileak azaldu duenez, aurkeztu diren aitorpenen kopurua 123.000 baino gehiago dira jada, pasa den urteko kanpainako egun berean baino %24,5 gehiago. Etxeetara bidaltzen diren autolikidazio proposamenei dagokionean, pasa den urteko kanpainako egun berdinean baino 21.000 gehiago onartu dira, hau da, %23ko hazkundea.

          Errenta aitorpenaren online modalitatea izaten ari den zifra onetan ere jarri du azpimarra foru bozeramaileak, modalitate presentzialaren ordezko gisa egonkortzen ari baita. “Sei egun bakarrik daramatzagu modalitate hau martxan jarri zenetik eta aurkeztu diren aitorpenak 10.000 baino gehiago dira jada, pasa den urteko kanpainaren epe berean aurkeztu zirenak baina hiru aldiz gehiago”, nabarmendu du. Puntu honetan, “herritar guztiek etxetik mugitu gabe aitorpena aurkezteko” martxan jarritako erremintak izaten ari diren harrera ona nabarmendu du. Zehazki, azaldu du 4.730 aitortzailek erabili dutela BAK kodea eskuratzeko prozedura telematikoa, aitorpena jartzeko beharrezkoa dena; eta beste 535 lagunek erabili dutela aitorpenaren aurkezpena ordezkari bati emateko prozedura.

          Hau guztiagatik, Errenta kanpainako lan taldea zoriondu nahi izan du Mendozak, egiten ari diren lana “txalotzekoa” baita. “Krisia hasi zenetik esan dugu Aldundiaren helburua zergadunei malgutasuna eskaini eta gure esku dauden kontuetan likidezia ematea dela; Errenta kanpainaren itzulketen bidez likidezia hori ematen diegu. Aldundia eta Ogasuna laguntzeko daude eta, gure esku dagoen guztia egiten ari gara krisialdi honetan gure herritarrei eta enpresei laguntzeko”, aldeztu du. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie baita ere Gipuzkoako herritar guztiei, urtean zehar egiten dituzten ekarpenak egiten baitute posible gure ongizatea sostengatzen duten zerbitzu publikoak finantzatzea.

 

Osakidetzari dohaintzak

Bestalde, Ogasunaren arloan baita ere, Aldundiak Foru Agindua onartu du (Agindua izaki, ez da Kontseiluan onartu), Covid-19 gaitzaren aurkako borrokan laguntzeko Osakidetzaren alde egiten diren emari, dohaintza, ekarpen eta doako zerbitzu prestazioen aldeko zerga hobaria onartzeko. Honela, mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriak aplikatuko zaizkie, hau da, pertsona fisikoen kasuen %20ko kenkaria PFEZan; eta pertsona juridikoen kasuan, Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria zehazteko garaian, dohaintza hauen zenbatekoa partida kengarritzat hartuko da.

“Ondorioz, erabaki honekin Covid-19 gaitzari aurre egiteko ahaleginean, Osakidetzari ekarpenak eta dohaintzak egiten ari diren herritar, elkarte eta enpresak egiten ari direna aitortu nahi dugu. Ez da hainbeste hobari hauen bitartez jendea ekarpenak egitera animatzea, baizik eta egin dutenen keinua saritzea”, esan du Mendozak. “Euskal Herrian, Osakidetza osatzen duten gizon eta emakumeak ari dira lehen lerroan Covid-19 gaitzaren aurkako borrokan eta, hau honela izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bere ekarpen txikia egin nahi izan die, zerga hobari hauen bitartez”, gehitu du.

 

Desinfekzioak

Bestalde, gaurko Kontseiluan suhiltzaileen foru zerbitzuak orain arte egin duen lanaren errepasoa ere egin da. Lau aste daramatzate lurraldeko adinekoen egoitzak desinfektatzeko lanetan. Gaur arte, guztira 224 desinfekzio egin dituzte Aldundiko suhiltzaileek. Martxoaren 23an egin zen lehenengoa eta, ordutik hona, egunean ia zortzi desinfekzio egiten etorri dira, bataz beste. Hasiera batean, astean behin desinfektatzen zen egoitza bakoitza eta, orain, lau egunean behin.

          Mendozak gogoratu du suhiltzaileak egoitzetara 5-6 laguneko taldetan joaten direla, eta hiruzpalau ordu ematen dituztela bertan, hori baita egoitza bat ondo desinfektatzeko behar den denbora tartea. Zona komunak, korridoreak, sarrerak, ateak… desinfektatzen dituzte, horretarako, hipokloritoa oinarri duen soluzioa erabiliz, fumigadoreen eta eskuzko garbiketaren bitartez zabaltzen dutena. Ondoren, logelak enpresa espezializatu batek desinfektatzen ditu. Desinfekzioak gauez egiten dira, egoiliarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Foru zerbitzuak Donostiako suhiltzaileen eta DYArekin laguntza jasotzen du ahalegin honetan, eta Eusko Jaurlaritzako emergentzia zerbitzuen koordinazioa.

 

Etxealditik Euskaraldira

Eider Mendoza foru bozeramaileak, baita ere, gipuzkoarrak animatu ditu Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzera. Joan den otsailean iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak modu ofizialean dagoeneko Euskaraldirako prestatzen hasia zela. “Konfinamendu egoera zail eta gogorrean gaude, baina txalogarriak dira testuinguru honi modu positiboan eta eraikitzailean erantzuten dioten egitasmoak. Horietako bat da, zalantzarik gabe, Etxealditik Euskaraldira. Datozen egunotan etxeko hizkuntza ohituren inguruko gogoeta egitea proposatzen digu ariketa kolektibo honek eta, etxean geratzea hain garrantzitsua den honetan ere, komunitate gisa euskaraz bizitzera eta gozatzera animatzen gaitu”, azaldu du Mendozak.

Horregatik, ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu gipuzkoarrak, “euskararen biziberritzean etxeko transmisioak berebiziko garrantzia” duelako eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoak elementu horretan  jartzen duelako arreta, hain zuzen ere. “Hizkuntza ohiturak aldatzeko eremurik zailena familia bera dela esaten dute adituek, normalean ohitura horiek oso errotuak egoten direlako. Honi buruzko hausnarketa egiteko modua eskainiko digu eta, bide batez, udazkeneko Euskaraldirako entrenatzen joateko aukera eskainiko digu”, adierazi du Mendozak.

  

1588