Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ogasunak gaurtik aurrera ireki ditu ateak 2023ko Errenta aitorpena modu presentzialean egin ahal izateko

Ogasunak gaurtik aurrera ireki ditu ateak 2023ko Errenta aitorpena modu presentzialean egin ahal izateko

19.000 zergadunek baino gehiagok hitzordua hartu dute Foru Ogasunak lurraldean zehar prestatu dituen 11 bulegoetan aitorpena egiteko

2024/04/16
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko Errenta Aitorpena aurkezteko modalitate mekanizatua aktibatu du. Gaurtik uztailaren 1era bitartean, Gipuzkoako zergadunek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dute aitorpena, nahi izanez gero. Foru Ogasunak emandako datuen arabera, 19.050ek baino gehiagok hitzordua hartu dute modalitate honetan egin ahal izateko, joan den ostiralean, apirilaren 12an, erreserba telefonoz (943113000) edo Internet bidez egiteko aukera zabaldu zenetik.

2023ko Errenta Aitorpena modu presentzialean egin ahal izateko, Foru Erakundeak 11 arreta-bulego prestatu ditu Gipuzkoako 9 udalerritan, 153 pertsonako lantalde propio batekin. “Gure erantzukizuna da Foru Ogasunarekin izapideak erraztea, eta, ildo horretan, kalitatezko aurrez aurreko zerbitzua eskaini nahi dugu, hala behar duten zergadunek aitorpena modu erraz eta erosoan egin ahal izan dezaten”, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi duenez. Horri dagokionez, izapideak euskaraz egin daitezkeela gogorarazi die zergadunei. “Gure taldea prest dago zerbitzua euskaraz emateko, eta, beraz, aitorpena egiterakoan hizkuntza hori erabiltzera animatzen ditugu zergadunak”. 2023ko Errentaren kanpainaren aurkezpenean emandako datuen ildotik, Foru Ogasunak uste du 77.000 zergadunek aukeratuko dutela modalitate hori aitorpena egiteko.

Errentaren kanpaina joan den astelehenean, apirilaren 8an, hasi zenetik, ia 100.000 zergadunek egin dute aitorpena astebetean, hau da, epe berberean aurreko urtean baino % 20,30 gehiagok. Zergadun horietatik 91.400 pertsonak onartu dute Foru Ogasunak bidalitako proposamena. Ogasunaren datuen arabera, bidalitako 275.900 proposamenen % 33 onartu da, hau da, aitorpen-proposamena jaso duten hiru zergadunetatik batek astebeteko epean onartu du.

Jokin Perona, Ogasun eta Finantza diputatua, pozik agertu da datu horien aurrean, “astebetean ia 100.000 zergadunek aitorpena egin izana oso datu positiboa da, eta kanpaina normaltasun osoz egiten ari dela egiaztatzen du”.

  

1568