Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Ogasunak zortzi gipuzkoarretatik bati eman zion aurrez aurreko zerbitzua 2020an

Foru Ogasunak zortzi gipuzkoarretatik bati eman zion aurrez aurreko zerbitzua 2020an

Arreta presentziala murriztu egin zen pandemiaren eraginez, baina herritarrek ondoen baloratzen dituzten zerbitzuen artean egoten jarraitzen du

2021/03/12

Gipuzkoako Foru Ogasunak 100.947 gipuzkoarri eman zion aurrez aurreko arreta 2020 urtean. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak jakitera eman duenez, kopurua % 42,9 jaitsi da 2019 urtearekin alderatuta, COVID-19ren pandemiaren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien eraginez. Hala ere, zortzi gipuzkoarretik bat Foru Ogasunaren bulegoetatik pasa zen pasa den urtean. "2020an, 10etik 9,01eko notarekin baloratu zuten gure bulegoetan jasotako zerbitzua herritarrek, eta, beraz, kalitatezko zerbitzuaz ari gara, herritarrek gehien baloratzen duten zerbitzuetako batez", azpimarratu du foru arduradunak.

Peronak bisita sorta bat egin du atzo eta gaur Gipuzkoako Foru Ogasunak lurraldean zehar dituen ordezkaritzetara. Atzo, Azpeitiko, Eibarko eta Bergarako bulegoak bisitatu zituen; gaur, berriz, Tolosako, Irungo eta Okendoko bulegoetan izan da, azken hori Donostiako erdigunean dagoena. Tolosan, Peronak komunikabideen aurrean hitz egin du, bulegoetan iaz egin zen lanaren balantze txiki bat egiteko, eta Ogasuneko langile guztien inplikazioa eskertu du. "Urterik zailenean, arlo guztietan, zerbitzu honek duen kalitate maila altuari eustea lortu diogu", azpimarratu du.

Bulegoetan izan diren pertsonen zenbatekoa bulegoka xehatuz gero, Azpeitiko ordezkaritzara jo zuten herritarrak 6.209 izan ziren (2019ko datuekin alderatuta, -% 37,5). Bergararen eta Eibarren kasuan, ordezkaritza hauek 7.647 (-% 39) eta 8.875 (-% 45,5) pertsonari eman zieten zerbitzua, hurrenez hurren. Irungo bulegora 16.462 herritar joan ziren (-% 41,7), eta Tolosakora beste 11.146 (-% 38,1). Azkenik, aurrez aurreko bi arreta-bulego nagusiak Donostian daude: Errotaburuko egoitza nagusia izan zen erabiliena, 32.673 (-% 19,2) pertsona pasa baitziren bertatik, eta jarraian Okendo kaleko bulegoa, zeinak 17.935 herritarrei eman zien zerbitzua (-% 65,1). Azken horren kasuan, jaitsiera handiagoa izan da instalazioak egun gehiagoz egon zirelako itxita.

Ogasuneko diputatuak azpimarratu duenez, eta 2020ko Ogasuneko zerbitzuen kartan jasotakoaren arabera, 10etik 9,01eko notarekin baloratu zuten herritarrek Foru Aldundiaren aurrez aurreko arreta zerbitzua; jasotako tratuak, hizkerak eta artatu zituzten hizkuntzak, berriz, 9,39ko balorazioa jaso zuten. Gainera, bulegoetan itxaron beharreko denbora minutu 1 eta 52 segundokoa izan zela nabarmendu du. "Zifra ikusgarriak dira, zerbitzu honek lortu duen bikaintasunaren erakusgarri", azpimarratu du foru arduradunak, eta aurrez aurreko arreta zerbitzua osatzen duten pertsona "guzti-guztiak" zoriondu ditu lortutako emaitzengatik. "Ogasunaren aurpegia zarete, herritarrengandik hurbilen dagoena, eta, beraz, erakundearentzat berebiziko garrantzia duen zerbitzua zarete", azpimarratu du.

Pandemiari aurre egiteko hartutako murrizketen ondorioz aurrez aurreko arreta gutxitu bazen, balantzaren beste aldean telefono eta Internet bidezko arreta daude, esponentzialki hazi zirenak. Hala, pasa den urtean 441.917 telefono dei jaso ziren guztira, 2019an baino % 34 gehiago, eta horrek zerbitzu hori indartzera behartu zuen, batez ere bulegoak itxita egon ziren egunetan. Internet bidezko arretari dagokionez, Ogasunaren webguneak 1.044.931 bisitari izan zituen iaz, % 30,8ko igoera aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

 

Errenta mekanizatuko bulegoak

Datorren apirilean hasiko den 2020ko Errentaren kanpaina hasi bezperan, Peronak Gipuzkoako Foru Ogasunak lurraldean dituen Errenta Mekanizatuko bulegoez ere hitz egin du, apirila edo ekaina bitartean irekita egoten direnak (kanpainak irauten duen bitartean). Gaur egun, mota horretako ordezkaritzak daude Donostian (Errotaburuko egoitza nagusian, eta Gros eta Amara auzoetan), Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen eta Tolosan, non gipuzkoarrek beren errenta aitorpenak aurkeztu ditzaketen Foru Ogasuneko langileen laguntzarekin. Iaz, 51.457 errenta-aitorpen aurkeztu ziren bulego horietan, 2019koa baino txikiagoa pandemiaren eraginez.

Ildo horretan, Peronak azpimarratu du zerbitzu horrek, urtez urte, 10etik 9ko balorazioa eskuratzen duela Errentaren kanpainako zerbitzuen gutunean. "Ogasuneko langileekin eskaintzen dugun zerbitzu bat da, eta horrek erabateko segurtasun juridikoa ematen die herritarrei; hortik hain balorazio altua izatea", azaldu du. Gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Ogasuna teknologia berrien aldeko apustu garrantzitsua egiten ari da azken urteotan, baina horiekin moldatzeko zailtasunak izan ditzaketen kolektiboak ahaztu gabe. "Herritarren arretarako gure zerbitzua etengabe aldatzen eta hobetzen ari da, pauso irmoz ari gara aurrera egiten, baina inor atzean utzi gabe", defendatu du.

  

1655