Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Olatuak Plus, Gipuzkoan kultura proiektuak sustatzeko eta zabaltzeko Kultura Departamentuaren programa berria

Olatuak Plus, Gipuzkoan kultura proiektuak sustatzeko eta zabaltzeko Kultura Departamentuaren programa berria

Olatuak Plus programa berri bat da, Kultura Departamentuak diruz lagundutako kultura proiektuak sustatu eta zabaltzeko, haren programazio ildoetan ongi txertatzen direlakoan.

2021/02/26

Olatuak Plus lan-prozesu bat da, non Kbulegoaren bidez (Foru Aldundiko kultur bitartekaritzako bulegoa) proiektua garatzen eta egokitzen laguntzen baita, programazioan eta kultura plataformetan hobeto txertatzeko.

Horrela, Olatuak Plusen bildutako proiektuak KMKko ekintza publikoetan gauzatuko dira eta, ingurune digitalera egokituta, #KMKElkarrizketak plataforman jasoko dira, haien ikusgarritasuna areagotuz.

Erakusketa-bide bikoitz horrek, proiektuak sustatzeaz gain, publiko berriei esperientzia berriak eskaini nahi dizkien lan ildo batean aurrera egin nahi du, Gipuzkoako kultura panorama zabaldu nahian.

Olatuak Plus osatzen duten lehenengo lau proiektuak honako hauek dira:


El Refugio de Papel

El Refugio de Papel podcast literario bat da, Amaia Garcia Martinezek eta Slawomira Joanna Grabowskak sortua, publikoaren pentsamendu kritikoa babestea helburu duena. Kapitulu bakoitzak gai desberdin bat planteatzen du, literatura testuak beste diziplina batzuekin lotuta erabiliz, gaiaren dimentsio soziala eta historikoa landuz eta gogoeta eta pentsamendua piztu nahian.

Olatuak Plusen parte hartzeak podcastaren beste gertakari bat planteatzera eraman ditu, liburutegien etorkizuna ardatz hartuta; erakunde horiek, museoak eta beste kultura zentro batzuk bezala, aldaketa estrategikoa jasaten ari dira zerbitzuetan eta gizartean duten posizionamenduan.

Gertakari berezi honek, soinutik eta "liburutegi giroko zaratatik" landuko ditu bai "etorkizuneko liburutegi guztiak" zikloaren edukia, bai Koldo Mitxelena Kulturgunearen liburutegiaren funtsak.

Gertakari hori euskaraz eta gaztelaniaz egingo da, eta martxoaren erdialdean egongo da eskuragarri #KMKElkarrizketak-en.

Esnatu naiz

Esnatu naiz proiektuak trans batek Gipuzkoako landa-eremuan duen bizitzari heltzen dio, formatu alaian. Euskarazko kabaret bat da, LGTBI+ gaiei buruzko zentzu pedagogiko eta dibulgatzaile sakona duena.  Olatuak Plusen, formatu berri bat da, LGTBI+ kolektiboko pertsonen testigantzak erabiliko dituena.

Gainera, #KMKElkarrizketak-en, kabaret horretaz gozatzeaz gain, eskuragarri egongo da pieza sortzeko prozesu osoa, asmatzen denetik azken definiziora arte.

Andoni Mutiloak, Esnatu naiz taldearen sustatzaileak, jatorrizko pieza KMKn programatzeko egokitu du.  "Kabaret+gonbidatuarekiko elkarrizketa" formatu berria da, fikzioa errealitatearekin konektatuko duena.

Estreinaldia maiatzaren 27rako aurreikusten da, eta, ondoren, esan bezala, #KMKElkarrizketetan egongo da eskuragarri.

 

Libro de ilustradoras vascas

“Libro de ilustradoras vascas” Katarzyna Lebiedzinskaren argitalpena da. Euskal Herriko emakumezko ilustratzaileen lana jasotzen duena.  Bere asmoa da emakumezko ilustratzaileen lana ikusaraztea eta ilustrazioa lehen planoan jartzea, diziplina artistiko gisa.

Olatuak Plusen sartzeko, emakumezko sortzaile gipuzkoarrei jarri zaie arreta, eta pandemiak eta konfinamenduak nolako arazoak ekarri dizkieten baliabide eskasian, prekarizazioan eta zainketetan.

KMKren programazioaren barruan, datorren apirilaren 17an, mahai-inguru bat egingo da. Bertan, argitalpena aurkeztuko da eta, horrekin batera, Gipuzkoako hiru sortzaileren lana.

Ekitaldiaren grabazioa eta argitalpena #KMKElkarrizketak webgunean egongo dira eskuragarri.

Zirriborroak eta gero

Zirriborroak eta gero, Idoia Zabaletak, Ixiar Rozasek eta Arantxa Mendiharatek bultzatutako proiektua da, paradigma-aldaketa baterako alternatibak aztertzen ditu, jasangarritasunaren ideiatik abiatuta. Mundu posibleei buruzko kontakizunak eta fabulak dira, ipuin laburren bilduma gisa aurkeztuak, esperientzia errealak estrapolatuz. Aldaketarako zirriborroen bilduma bat dira, ekintza errealen eta irudimenezkoen gida bat, literatura-ekoizpena eta kontsumo-aukerak batuz aukera berrien lurraldea sortzen duena. 

Orain, kontakizunak zabaltzeko bide berriak ikertzen ari da proiektua, eta, Olatuak Plusen parte hartzeko, irrati-nobela beste publiko batzuengana iristeko formatu gisa planteatzen da.  Uxue Alberdi idazle eta bertsolariaren laguntza du, eta jorratutako gaia Usurbilgo kooperatiba batean planteatzen den hirigintza feministaren aukera izango da.

Lehenengo emanaldian, izango ditugu, batetik, Harkaitz Canok Goiener-etik abiatuta idatzitako Kintsugi fabula, Arrate Rodriguezen ilustrazioekin, eta, bestetik, Uxue Alberdik idatzitako fabula, Paula Estevezen ilustrazioekin, abiapuntu dituena Usurbilgo hirigintza eta feminismoaren proiektua eta Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua.

Dokumentu horiek #KMKElkarrizketak-en egongo dira eskuragarri, eta, irrati-nobelaren ekoizpena amaitzen denean, hori ere plataforma horretan egongo da eskuragarri.

 

 

  

1371