Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Onetsi da 27 poligonora sartzeko lotune berria burutuko duen kontratazio espedientea

Foto Onetsi da 27 poligonora sartzeko lotune berria burutuko duen kontratazio espedientea

Onetsi da 27 poligonora sartzeko lotune berria burutuko duen kontratazio espedientea

Foru bozeramaileak nabarmendu du sarrera berriak Martuteneko enpresa parkeak egun duen sarbide bakarra arinduko duela.

Eider Mendoza foru bozeramailea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du GI-2132 errepidea Astigarraga parean Donostiako Martutene auzoan dagoen 27 poligonoarekin lotzeko proiektuaren kontratazio espedientean. “27 poligonoa enpresa parke zabala da, gaur egun sarbide bakarra duena, GI-40 errepidean dagoen biribilgune batetik egiten dena. Proiektu honen helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 6.709.300,98 euro da  (%21eko BEZa barne) eta lanak gauzatzeko epea hamar hilabete.

          “Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune ia zuzena eratzea ekarriko du. Honek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa”, zehaztu du Mendozak. Honela, sarrera berri honen irekierak mesede egingo dio GI-40ko zirkulazioari, ibilgailu kopurua murriztu eta hauen fluxua hobetuko baitu. Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Donostia eta Astigarragako udalek egindako eskariei erantzuten die proiektuak, Martuteneko 27 poligonorako sarrera-irteerak eta inguruko trafikoak arintzeko neurriak eskatzen baitzituzten.

Proiektuan proposatzen da lotura erdi bat egitea GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean, Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik poligonorako eta poligonotik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetzeko, hartara, gaitasun handiko sareko sarbidea ahalbidetzen da. “Bide berri bat sortuko da lotura erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen; ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu; eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuari lotuko zaio”, azaldu du foru arduradunak.

 

Zegamako errepidea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onetsi du GI-2637 errepidea Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea poligonoraino hobetzeko proiektuaren kontratazio espedientea. Horrela burutuko da errepide horren hobekuntza, N-1 errepidearen –Idiazabal parean– eta Zegamaren artean. Eider Mendoza foru eledunak azpimarratu du zer garrantzitsua den proiektua Zegamarentzat, “horrela bukatuko baitugu azpiegitura funtsezko bat udalerriaren orainerako eta gerorako”, adierazi du. Ekimenaren oinarrizko lizitazio aurrekontua 1.668.092 euro da, eta exekuzio epea, berriz, 6 hilabete.

Mendozak gogorarazi duenez, Foru Aldundiak, aurreko legealdian, funtsezko hobekuntza batzuei ekin zien GI-2637 errepidean: errepidea hobetu zen Ondaraldea poligonotik Zegamako herrigunerainoko bide-tartean, eta plataforma berean, bizikleta eta oinezkoentzako bide bat egin zen. “Bigarren fase honetan, berriz, GI-2637 errepidea zabaltzeko gelditzen zaigun bide-tartea hobetuko dugu, Kortabarriaren eta poligonoaren artekoa, eta horrela burutuko dugu errepide hori hobetzeko prozesua”, adierazi du foru eledunak, eta zehaztu du bizikleta eta oinezkoentzako bidea dagoeneko eginda dagoela, plataforma bereiz batean. 

Proiektu berriak 3 metro zabaleko 2 erreiko plataforma eta alde bakoitzean 0,50 metroko bazterbidea aurreikusten ditu, bere geometria doituz egungo plataforma ia bere osotasunean erabiltzeko. Bide-tartearen luzera, berriz, Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea poligonoraino, 1,3 kilometro da. Ondaraldea poligonorako sarbideak bere gaurko konfigurazioa mantenduko du, baina ibaiaren ondoko lotunean eskuinera biratuz sartzeko aukera gehitzen du, eta hala, galdara-lantegiaren aurretik igaro gabe sartu ahal izango da. Aitzitik, ez dira aldatuko Ondaraldea auzoa zeharkatzen duen ingurua eta Oria ibaiaren gaineko zubia.

 

Udal partaidetza

Beste alde batetik, Diputatuen Kontseiluak onetsi du Gipuzkoako udalentzako eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeentzako aurtengo deialdia, herritarren partaidetza sustatzekoa, 350.000 euroz hornitua. Foru diputatuak garrantzitsutzat jo du udalek betetzen duten rola, herritarrengandik hurbilen dagoen erakunde maila izanik, “beraz, Aldundian, eginkizun hori sustatu eta erraztu nahian, lankidetzan ari izan gara aurreko urteetan toki erakundeekin, finantza arloan laguntzearren udal eremuan bultzatutako herritarren partaidetza-prozesuei. Pasa den urtean, udal arloko 48 ekimen edo proiektu lagundu ziren diruz lerro honen bitartez.

          “Herritarren partaidetza kudeaketa publikoan inkorporatzea lagungarria da herritarrei erakundeenganako konfiantza sortzeko, hainbat arrazoi direla medio: gobernuak indartzea, politika publikoak legitimatzea, gizarte aniztasuna integratzea, gizarte interesak agenda publikoan sartzearen alde egitea, herritarrak bizitza publikoa ordenatzeko prozesuetan tartean sartzea, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotzea”, defendatu du foru arduradunak. Hortik, Aldundiak bultzatzen duen gobernantza-eredu ireki eta kolaboratiboaren aldeko apustua, herritarren partaidetza aktiboa baitu ardatz nagusietako bat.

          “Aintzakotzat hartuz aurreko urteetako esperientzia, udaletako bizitza politiko eta instituzionalean herritarren partaidetza-kultura bat bultzatzeari dagokionez, eta erantzunez toki eta eskualde eremuetatik jaso duen eskariari, Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezkotzat jotzen du udalei dirulaguntzak ematen jarraitzea, herritarren partaidetza sustatzeko, Gipuzkoako udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak ere onuradun posible gisa inkorporatuz”, azpimarratu du Mendozak.