Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Osakidetzaren txertaketa protokoloak gizarte baliabide guztietan aplikatuko ditu Aldundiak, salbuespenik gabe

Osakidetzaren txertaketa protokoloak gizarte baliabide guztietan aplikatuko ditu Aldundiak, salbuespenik gabe

Foru erakundea telematikoki elkartu da gaur Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko erabiltzaileen familiekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera egin du gaur arratsaldean Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko erabiltzaileen familiekin. Bertan, foru erakundeak Osakidetzak administratzen duen txertoa hartu nahi duten erabiltzaile guztiek berau hartzeko duten eskubidea bermatuko duela esan diete. Parte hartu dute Gizarte Politikako foru diputatu den Maite Peñak eta Eusko Jaurlaritzako Koordinazio Soziosanitarioko zuzendari den Jose Antonio de la Rica, biak ala biak beraien lan-taldeetako kideez lagunduta. Aldundiak berretsi du adinekoen osasunak eta segurtasunak “lehentasun osoa” dutela COVID-19 gaitzaren mundu mailako pandemiaren testuinguruan, eta foru erakundeak norabide horretan jarraituko duela lanean. “Aldundiak Osakidetzaren txertaketa protokoloak gizarte baliabide guztietan aplikatuko ditu, salbuespenik gabe”, esan du Peñak.

          Pasa den astean, Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritzatik txertaketaren harira bidali zen idatziaren inguruan argibideak emateko deitu da gaurko bilera. Topaketan, erakundeen aldetik senitartekoei esan zaiena da txertaketa prozesua momentu honetan adinekoen egoitzan ari direla egiten eta, honen ostean, beste eremu batzuetan egingo dela, tartean eguneko zentroak. Horretarako, lehenik eta behin, Osakidetzak mota honetako instalazioetan jarraitu beharreko txertaketa protokoloak zehaztuko ditu eta, ondoren, Aldundiak martxan jarriko ditu lurraldeko eguneko zentro sare guztian. Prozesu honetan zehar, bilera informatiboak egingo dira tokian tokiko instalazioak txertaketaren beharretara egokitzeko, eta beharrezko informazio guztia helaraziko zaie erabiltzaileei zein beraien familiei.

          Maite Peña foru diputatuak ardura kolektiborako deia egin du, zeren eta “COVID-19 gaitzaren pandemia garaitzea guztion eskutan dago”. Honela, nabarmendu du Aldundia “lehen minututik” ari dela elkarlanean bai Osakidetzarekin zein Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin, eta modu koordinatuan hartzen ari direla neurriak gaixotasunaren hedapena geldiarazteko lurraldeko gizarte politikako baliabide sarean. “Kontutan izan behar duguna da zentro hauetan daudela edo artatzen direla COVID-19 gaitzaren aurrean zaurgarrienak diren pertsonak, eta horregatik ari gara guztiok ahalegin berezia egiten eremu honetan”, nabarmendu du. Bide batez, eskerrak eman dizkie arlo sozio-sanitarioan lanean ari diren profesional guztiei, egiten ari diren lanagatik.

  

1527