Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ostiral honetan amaituko da desgaitasuna duten gazteei zuzendutako Udaleku Irekietan izena emateko epea

Ostiral honetan amaituko da desgaitasuna duten gazteei zuzendutako Udaleku Irekietan izena emateko epea

Ekainaren 26tik uztailaren 21era izango dira, Gipuzkoako hamaika udalerritan. 10 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude.

2023/05/11
Udalekuak

Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin batera, desgaitasuna duten haur eta gazteentzako udaleku irekiak antolatu ditu. Desgaitasunen bat duten 10 eta 21 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Programa honen (UDA) helburua da desgaitasunen bat duten pertsonentzako aisia- eta astialdi-eskaintzen dagoen hutsunea betetzea, eta kolektibo horri hainbat plan eta jarduera eskaintzea, udaz eta bizikidetzaz gozatu ahal izan dezaten.

Programa lurraldeko hamaika udalerritara hedatzen da. Arrasate, Aretxabaleta, Azpeitia, Azkoitia, Donostia, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ordizia, Beasain eta Zarautz.

Kultura eta Gazteriako diputatu María José Telleriak adierazi duenez, kirola eta aisialdiko eta denbora libreko eskaintza eskubide bat dira gazte guztientzat, eta berdintasunaren eta justiziaren printzipiotik eskaini behar dira. Gero eta udalerri gehiagotara iristen gara, 11 dira jada. Espero izatekoa da herri gehiago batzea pixkanaka, lurralde osoan erantzuna emateko. Departamentu honek ekimen hori babesten jarraitzen du, lurraldeko gazte guztiengana, salbuespenik gabe, iristeko eta beste aukera batzuk eskaintzeko, bai gazteei, bai haien familiei.

Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak, Blanca Aranguren presidenteak, eskertu egin du hirugarren urtez jarraian Gipuzkoako Foru Aldundiak – zehazki, Gazteria Departamentuak – egin duen apustua: «laguntza hori gabe ezin izango baikenuke kolonia horiek antolatu. Ezin dugu ahaztu desgaitasuna duten gazteen oinarrizko eskubide bati erantzuten dioten aukerak sortzen ari garela. Gainera, familia-ingurunea bateragarri egiteko aukera eskaintzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da askotan. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot Kutxa Fundazioari, aurten ere programa honetan parte hartu duelako eta horrek jende gehiagorengana iristea ahalbidetzen duelako».

Izen-emateak maiatzaren 12ra arte, ostirala, daude zabalik. Interesdunek 943 46 25 14 telefonora deituta eman dezakete izena. Ez dago plazen mugarik, helburua inor kanpoan ez geratzea baita. Ehun bat gaztek izena ematea espero da.

Prezioak honako hauek dira: 70 euro astebetea, 120 euro bi astebete, 170 euro hiru eta 215 euro hilabete osoa. Kolonien ordutegia 09:30etik 13:30era izango da.

  

1731