Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Pasaiak Garagune berria du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat

Pasaiak Garagune berria du desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat

Goyeneche Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, lurraldeko 15. Garagunea ireki du, eta 12 plaza berri egokitu ditu desgaitasun intelektuala duten Pasaia inguruko bizilagunentzat.

Pasa den maiatzaren 26tik, Pasaiako Garagune berria martxan dago adimen desgaitasuna duten pertsona helduei eguneko arreta emateko baliabidea. Gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Gizarte Politikako diputatuak, Maite Peñak, bisitatu dute estreinatu berri den zentroa, "erdigunean kokatuta dagoena, irisgarria eta lotura komunitarioak indartzeko gaitasun handia duen gunea”, azpimarratu du diputatu nagusiak. Foru Aldundiko arduradunekin batera izan dira Goyeneche Fundazioko presidentea, Juan Ribera, gerentea, José Angel Mendiluce, zuzendari teknikoa, Maria Muñoz, baita zentroan lan egiten duen lantaldea eta Pasaiako Garaguneko 12 erabiltzaileak ere.

          Bisitan zehar, diputatu nagusiak Goyeneche Fundazioak adimen urritasuna duten pertsonen eta haien familien alde egiten duen lana eskertu du, "espazio inklusibo bat eskainiz, pertsona bakoitzak bere gaitasun pertsonalak eta sozialak gara ditzan, banakako arreta eta plangintzaren bidez". Izan ere, Goyenechek Pertsonarengan Zentratutako Plangintzaren ikuspegian oinarrituta lan egiten du, norbanako bakoitzaren talentuak eta gaitasunak, interesak, beharrak eta nahiak ezagutzen laguntzeko.

Markel Olanoren hitzetan, Goyenechek egiten duen lanean azpimarragarriena da "komunitatean benetako inklusioa" sustatzen dela, Garaguneak hiriguneetan kokatuta daudelako, "kalean bertan, auzoari ateak zabalik eta bizilagunekiko harremanetara irekita, eta horri esker, boluntariotza ere izugarri bultzatzen da”. "Goyeneche Fundazioaren lan egiteko modua Gipuzkoako eredu sozialaren adibide argia da, lankidetza komunitarioan eta elkartasunean oinarritua dagoena", gaineratu du diputatu nagusiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Pasaiakoa Goyeneche Fundazioak lurraldean irekitzen duen 15. Garagunea da. Baliabideak desgaitasuna duten pertsonen inguruneetara hurbiltzeko asmoz, eskualde bakoitzean zentro bat dago gutxienez: Arrasaten, Azpeitian, Bergaran, Donostian, Eibarren, Errenterian, Ibarran, Irunen, Legazpin, Ordizian, Pasaian eta Zarautzen, Kutxa Ekogunearen Zabalegi finkan kokatutako Pausoak okupazio-zerbitzuaz gain. Pasaiako Garagunearen irekieraren ostean, fundazioak 16 zentro eta 282 plaza ditu guztira adimen desgaitasuna duten pertsonei eguneko arreta emateko.

Pasaiako instalazio berria Arrandegi kalean dago, egokitu berri den lokal batean, eta 360 m2-ko azalera du, "erosoa, funtzionala eta irisgarria". Goyenecheko presidenteak azpimarratu duenez, irekiera horri esker, "baliabidea pertsona bakoitzaren eremu naturalera hurbiltzen dugu, eta erabiltzaileen garapen pertsonal eta sozialerako, eta bizitza komunitarioan parte hartzeko plataforma izatea bilatzen dugu".

  

1835