Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Pertsona bakarrak jarraitzen du COVID-19n positibo emanda

Pertsona bakarrak jarraitzen du COVID-19n positibo emanda

Aldundiak foru agindu batean jaso ditu "zuhurtzia handiz" gizarte zerbitzuetan COVID-19ri aurre egiten jarraitzeko neurriak.

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, datorren astean argitaratuko da "prebentzio, euste eta koordinazio" neurri guztiak jasoko dituen foru agindua, gizarte zerbitzu eta baliabideek hartzen jarraitu beharko dituztenak, bai adinekoen arloan, baita desgaitasunean, gaixotasun mentalean, gizarteratzean, haurren babesean eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arloan. Gaineratu du helburua dela “normaltasun berria zuhurtzia handiz arautzea” eta neurri horiek indarrean jarraituko dutela COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ezaugarriak aldatzen ez diren bitartean.

Mendozak gogorarazi duenez, 3. fasea gainditu ondoren eta, ondorioz, alarma-egoeraren indarraldia amaituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak foru agindu batean jasotzeko beharra ikusi du "pertsona guztien ongizatea eta osotasuna bermatzen jarraitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak, bai gizarte zerbitzuen erabiltzaileena, bai laguntza ematen dieten langileena".

Jasorako neurriak sei kategoriatan banatzen dira: antolaketa-, prebentzio- eta higiene-neurriak; prebentzio- eta kontingentzia-planak; bisitei buruzko neurriak; egoitza-zentroetako erabiltzaileak kanpora ateratzekoak; egoitza-zentroetan egonaldi iraunkorrean sartzeko neurriak; eta komunikazio-, prestakuntza- eta hedapen-neurriak. Horiek guztiak, gainera, "intentsitatean modulatu beharko dira, zentroen eta zerbitzuen ezaugarriak eta unean uneko egoera epidemiologikoa kontuan hartuta", adierazi du bozeramaileak.

          Orain arte, eta osasun-krisia hasi zenetik, Gizarte Politikako Departamentuak bi plan diseinatu ditu –Txoke Plana eta Errealitate Berrira Egokitzeko Plana–, irizpideak bateratzeko eta COVID-19aren aurrean erantzun "azkar eta eraginkorra" koordinatzeko Gipuzkoako gizarte-zerbitzu eta -baliabideetan. Foru agindua dagoeneko bidali zaie zerbitzu horiek kudeatzeaz arduratzen diren erakundeei, eta krisialdian hartu diren erabakiak elkartzen eta egokitzen ditu, erakundeekin eta osasun arloko agintariekin koordinatuta.

          Beraz, dokumentuak jasotzen du, besteak beste, zentroek eta zerbitzuek beharrezko diren antolaketa-neurriak hartu beharko dituztela kutsatze-arriskuak prebenitzeko, segurtasun-distantziak mantenduz, maskara erabiliz, higienea eta garbitasuna areagotuz, zentroak sektorizatuz eta erabilera komuneko espazioak zatituz. Prebentzio- eta kontingentzia-planak izateaz gain, adinekoentzako egoitza-zentroek gutxienez bost asterako eduki beharko dute norbera babesteko ekipamenduen segurtasun-stocka, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin komunikazioa mantendu beharko dute orain arte bezala, "azkar informatuz COVID-19 kasu susmagarri edo positiboren bat izanez gero".

Bisitei dagokienez, 3. fasea gainditzen denetik, bi pertsona joan daitezke bisita bakoitzera, eta ez dute nahitaez berdinak izan bisita guztietan. Era berean, Mendozak gogorarazi du dementzia larriak edo defizit sentsorialak dituzten pertsonek bisitak izan ditzaketela kontaktu fisikoarekin, "gainbegiratuta eta prebentzio neurriak zorroztuta". Kanporako irteerei dagokienez, ekainaren 20tik baimenduta daude: "Irteerek, lehentasunez, izaera terapeutikoa dute, prebentzio neurri guztiak zorroztuz garatzen dira, eta zentroek ezarritako ordutegietan egiten dira", esan du Mendozak. Bestalde, egoitzetan egonaldi iraunkorretarako sarreretan, 14 eguneko isolamendua egin beharko da, eta PCRa egingo zaie hasieran zein amaieran.

Zentro eta zerbitzu guztiek hedapen-, komunikazio- eta prestakuntza-planak garatu beharko dituzte, erabiltzaileen, profesionalen eta senideen arteko prebentzioari eta jardunari dagokienez. Gainera, Eider Mendozak azpimarratu du Aldundiko Ikuskaritza Zerbitzua arduratuko dela, "orain arte egin duen bezala, onartutako neurriak betetzen direla zaintzeaz".

 

Aldaketarik gabe egoitzetan

Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adinekoen egoitzen azken orduko egoeraren berri eman du, eta COVID-19ri dagokionean, azken 24 orduetan ere aldaketarik egon ez dela adierazi du; ondorioz, ez da kasu berririk, ez da heriotzarik, ezta mediku altarik ere izan sareko 65 zentro eta 5.425 plazatan.

Gaur egun, bakarra da COVID-19n positibo emanda jarraitzen duten adineko pertsona, eta Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan dago. Osasun-krisia hasi zenetik, 394 adinekok gainditu dute gaixotasuna, 168 pertsona hil dira COVID-19rekin, 16 dira kasu positiboak izan dituzten zentroak, eta, gaur arte, horietatik 15ek atzean utzi dute birusa: Tolosako Iurreamendi, Eibarko Egogain, Irungo Caser Residencial Anaka, Zarautzko Santa Ana, Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Zumaiako Otezuri, Donostiako Aita Etxe, Beasaingo Arangoiti, Donostiako La Paz, Ordiziako San Jose, Zumarragako Argixao, Eskoriatzako Jose Arana, Eibarko San Andres, Arrasateko Iturbide eta Donostiako Berra.

  

1292