Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Plus 55 programak tailerrak antolatu ditu Donostiako klima-aldaketaren eragina ezagutarazteko Donostian

Plus 55 programak tailerrak antolatu ditu Donostiako klima-aldaketaren eragina ezagutarazteko Donostian

55 urtetik gorako pertsonentzako ingurumen-sentsibilizazioko tailerra burutuko da.

2021/09/17
  • José Ignacio Asensio: “Funtsezkoa da herritarren ikuspuntua ezagutzea, Klima Aldaketaren arazoari aurre egiteko”.
     
  • Aitziber San Román: “Helduek esperientzia handia dute, eta inor baino hobeto dakite guztion artean ingurumena hobetu dezakegula”.

 

  • Marisol Garmendia: “Guztiok gaude sartuta klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta gure helduak funtsezko aktiboa dira”.

Donostiako ingurumen-arazo nagusiak eta horiek klima-aldaketan duten eragina ezagutarazteko, Donostiako Udalak, Gizarte Ekintza eta Ekologia Zinegotzigoen bitartez, Donostia Kulturarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuarekin lankidetzan, sentsibilizazio tailer bat garatuko dute, Plus 55 programaren baitan, 2021eko urritik 2022ko maiatzera arte.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Ekologia eta Osan Publikoko zinegotziak, Aitziber San Román Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Carlos Pérez Olozaga tailerren edukien koordinatzaileak aurkeztu dute ekimena. Bere hitzaldian, Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela eragile, administrazio, enpresa eta herritarren artean lan eta lankidetza guneak sustatzea proiektu iraunkorrak sustatzeko: “Lurraldeen eta hirien etorkizuna zehazteko, beharrezkoa da hurrengo urteetan garatu beharreko ekintzen ibilbide-orria sortzea. Ibilbide-orri bat, eragile guztien ikuspegia jasotzen duena, 55 urtetik gorako pertsonen ikuspegia barne”.

Foru arduradunak gaineratu duenez, “tailer horien xedea da herritarrei jakinaraztea oso garrantzitsua dela eta beharrezkoa dela halako ekimen publikoek, sektore pribatuarekin eta gizartearekin lankidetzan, jarduera zehatzak bultzatzea lurralde-mailan klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko”.

Bestalde, Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek nabarmendu duenez, “helduak + 55 programan egiten ari diren lana garrantzitsua da. Gizartearen zati nabarmena dira, eta gertaera batzuengatik kezkatuta daude, hala nola aldaketa klmatikoagatik, ukaezina den zerbait bezala ikusten baita. Ekarpenak egin ditzakete, baina, batez ere, jakin nahi dute, eta, ondoren, lagundu”.

Ildo horretatik, Marisol Garmendia Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi du: “Beti aipatzen dugu gazteek etorkizun hurbilari aurre egiteko duten garrantzia, baina klima-aldaketaren aurkako borroka honetan, gure ingurunea eta ingurumena hobetzeko, guztiok dugu konpromisoa. Gero eta maizago ikusten ari gara sute eta uholde handiak. Horretaz ohartzea eta haien ondorioak leuntzeko laguntzea zeregin komuna da, denok parte gara horretan”.

Carlos Pérez Olozaga Kalapieko kideak proposatu zuen herritarrei zuzendutako ekimen hau, eta hark koordinatzen ditu programaren edukiak + 55en laguntzarekin. Tailerra astean behin emango da, bi taldetan: 10:00etatik 11:45era eta 12:00etatik 13:45era. Goizeko 10 bisita gidatu ere egingo dira. Inaugurazio hitzaldia datorren asteazkenean, urriaren 20an, izango da, Ernest Lluch Kultur Etxeko ekitaldi aretoan.

Besteak beste, gai hauei buruzko hitzaldiak emango dira: Gipuzkoako energia-trantsizioa, geotermia eta itsas energiak, etxean energia aurreztea, eta komunikabideetako ingurumen-arazoen tratamendua. Bisiten artean, txangoak egingo dira Albaola, Artikutza, Cristina Enea parkera edo katamaran ibilbidea Jaizkibeldik Uliara.

Tailer hauek egiteko, beren arlo profesionalean esperientzia handia duten hizlariak eta gidak egongo dira. Gainera, zorrotz beteko dira COVID-19aren aurkako protokolo guztiak, bai gelako saioetan bai bisita gidatuetan. Halaber, CO2 maila neurtuko da, bai gelan bai irteeretako autobusetan, aireztapen maila egokia bermatzeko.

Tailerraren kostua 30 eurokoa izanen da, katamaran eta autobus ibilaldiak barne. Gehienez ere 45 lagun onartuko dira talde bakoitzeko. Matrikulazioa irailaren 22tik aurrera egingo da. Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan jramon_duarte@donostia.eus helbide elektronikoan.
  

1548