Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Politikagintzan bidea urratu duten gipuzkoar emakumeen ekarpena aitortuko du Aldundiak

Politikagintzan bidea urratu duten gipuzkoar emakumeen ekarpena aitortuko du Aldundiak

Azken lau hamarkadetan ordezkaritza politikoa izandako emakume aitzindarien lana ezagutzera emango da M8aren atarian egingo den ekitaldi batean, “berdintasunaren hazia” ereiten egindako guztiaren errekonozimendu gisa.

Azken lau hamarkadetan Gipuzkoako eta Euskadiko politikagintzan bidea urratu duten gipuzkoar emakumezkoek euskal gizartearen eta berdintasunaren alde egindako ekarpena ikusarazi eta aitortuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren Martxoaren 8aren atarian egindako ekitaldi batean. Haziak, euskal politikan aitzindariak izan diren emakumeak izenburupean, hainbat alor, alderdi eta erakundetan ordezkaritza politikoa eduki izan duten emakume bidegileen testigantza ezagutzera emango da eta, horrekin batera, egindako lanagatik errekonozimendu kolektiboa eskainiko zaie.

Hala jakinarazi dute gaur goizean Aldundian eskainitako prentsaurrekoan Ion Gambrak eta Miren Elgarrestak, Giza Eskubideetako eta Berdintasuneko foru zuzendariek. Haiekin izan dira beren testigantza eskaini duten hiru emakume. Batetik, Inaxi Otegi, diktaduraren osteko lehen emakumezko alkatea (Zizurkil); bestetik, berriz, Maria Jesus Aranburu eta Gema Zabaleta, Gipuzkoako lehen emakumezko foru diputatuak izanak, biak ere. Jakinarazi dutenez, martxoaren 7an egingo da ekitaldi publikoa –18:30ean–, astelehenarekin, Donostiako Antzoki Zaharrean.

“Berdintasunaren hazia erein zuten emakumeen ekarpena ikusarazi eta aitortu nahi dugu ekitaldi honekin. Haien lanak gipuzkoar gizartearen eta politikagintzaren bilakaeran arrasto garrantzitsua utzi duelako, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu direlako. Bakoitzak bere alderdietan, bere ibilbide politikoan, gizarte zein herri ordezkaritzan, kristalezko sabaiak hautsi dituzte. Estereotipoak gainditu, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean mugarriak ezarri eta ondorengo belaunaldientzako bidea urratu izan dute”, gogoeta egin du Elgarrestak.

Berdintasuneko zuzendariaren esanetan, Gipuzkoa Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izateko ahalegin partekatuan, “berebiziko garrantzia” du ahalduntzearen garrantzia plazaratzea eta ikusaraztea. “Benetako berdintasun eraginkor eta egiazko baterantz aurrera egiten jarraitzeko, funtsezko faktorea da. Inaxi, Maria Jesus eta Gema bezalako emakumeak eredu dira, haien bideari jarraituz, konpromiso politikoan eta publikoan sinesten dugun guztiontzat eta, zalantzarik gabe, aitzindariak dira ahalduntze politikoaren eta sozialaren alorrean”, adierazi du.

Gainera, Gambrak gehitu duenez, “Euskadiren eta gizarte justu baten eraikuntzan” andrazkoek izandako protagonismo “berezia” goraipatu nahi izan dute Haziak egitasmoaren bitartez. “Maila askotan funtsezkoa izan da herri ordezkaritza izan duten emakume bidegileek egin duten ekarpena. Euskadiren erakundetze prozesuan, autogobernuaren eta herri politiken garapenean, nahiz elkarbizitzaren eta kultura politiko demokratiko baten aldeko konpromisoan, aitzindariak izan dira”, nabarmendu du Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak.

Haien zuzen ere, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzak ekin zion egitasmo honi orain dela urte eta erdi, euskal politikagintzan aitzindari izandako emakumeen testigantza jaso asmoz. Lan horretan aritu da, foru zuzendaritzaren babespean, Ainhoa Novo EHU-UPVko Zientzia Politikoetako irakaslea, zeinek dokumentatu dituen 18 emakume bidegileren testigantza eta elkarrizketak. Ikerketa horren helburua izan da diktaduraren osteko urteetan bidea urratu duten emakumezkoen lekukotasunak jasotzea, datozen urteetan etorri daitezkeen azterlan berriek material hori guztia eskuragarri izan dezaten eta egiten diren ikerketetan andrazkoen ahotsa eta ekarpena kontuan hartua izan dadin.

Dokumental laburra

Euskal gizarteko alderdi eta mugimendu politiko desberdinetan jardun duten ordezkariak elkarrizketatu ditu Novok, gipuzkoar gizartearen pluraltasun eta sentsibilitate anitzak kontuan izanda. Guztiek ere, maila pertsonalean eskaini dute beren testigantza eta ez, beraz, alderdi politikoen izenean.

Jasotako lekukotasunak ezagutzera eman asmoz, dokumental labur baten ekoizpena sustatu du Foru Aldundiak. Ikus-entzunezko hori, hain justu, martxoaren 7ko ekitaldi publikoan estreinatuko da Antzoki Zaharrean. Gainera, emakume aitzindari haien bizipenak eta gogoetak solasaldi batean bertatik bertara entzuteko aukera edukiko dute bertaratzen diren herritarrek. Ekitaldia irekia izango da, baina beharrezkoa da aurretik sarrera eskuratzea, www.gipuzkoa.eus/haziak webgunean.

 

‘HAZIAK’ EGITASMORAKO BEREN TESTIGANTZA ESKAINI DUTEN EMAKUME AITZINDARIAK

  1. Inaxi Otegi, Gipuzkoako lehen emakumezko alkatea. Zizurkil. (HB).
  2. Mirentxu Etxeberria, Tolosako alkatea. (EAJ-PNV).
  3. Aurora Bascaran, Eibarko alkatea. (PSE-EE).
  4. Gema Zabaleta, lehen foru diputatua. (PSE-EE).
  5. Maria Jesus Aranburu, lehen foru diputatua. (EAJ-PNV).
  6. Begoña Amunarriz, lehen eusko legebiltzarkideetako bat. (EAJ-PNV).
  7. Mari Karmen Garmendia. Sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea (EAJ-PNV).
  8. Arantza Quiroga. Eusko Legebiltzarreko presidentea (PP).
  9. Marta Mitxelena, lehen batzarkideak (EE).
  10. Bakarne Larrañaga, lehen batzarkideak (EAJ-PNV).
  11. Esther Larrañaga, Gipuzkoako BBNNetako lehen presidentea (EAJ-PNV).
  12. Ana Miranda, lehen senataria eta Europako parlamentuko diputatua (PSE-EE).
  13. Ana Urchueguia, Lasarte-Oriako alkatea (PSE-EE).
  14. Maria Jose Usandizaga, Donostiako zinegotzia diktadura osteko lehen legealdian eta Espainiako Kongresurako hautagaia (UCD/PP).
  15. Maria Pilar Larreina, Donostiako gestorako alkateordea.
  16. Lola Arrieta, Donostiako gestorako zinegotzia (Alderdi Komunista exekutibako kidea).
  17. Anttoni Nazabal, Zaldibiako zinegotzia lehen legealdian (HB).
  18. Kontxu Yarza, Hernaniko Udalean Lasarteko zinegotzia (HB).
  

2819