Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ogasunak prest ditu errenta telematikoki erraz aurkeztu ahal izateko mekanismoak

Ogasunak prest ditu errenta telematikoki erraz aurkeztu ahal izateko mekanismoak

Prest dago jada B@k kodea lortzeko prozedura telematikoa, eta beste pertsona bati ordezkaritza emateko mekanismoa asteartean egongo da.

Gipuzkoako Foru Ogasunak prest ditu Errenta aitorpena internetez aurkezteko erraztasunak ematea helburu duten mekanismoak. Apirilaren 15ean irekiko da aitorpena modu telematikoan aurkezteko epea. Covid-19 gaitzak eragin duen alarma eta konfinamendu egoera dela, beharrezkoa izan da errentaren modalitate mekanizatua edo aurrez aurrekoa (Ogasuneko bulegoetan egiten dena) atzeratzea agertokia normaltzen den arte. Honen aurrean, Ogasunak kaltetuei egiten dien gomendioa da aitorpenak internet bidez aurkeztea.

          Aipatutako apirilaren 15etik aurrera, modalitate hau erabiltzea nahi duten zergadunek Zergabidea online plataformara sartu beharko dute (https://zergabidea.gipuzkoa.eus/). Atari honetan sartzeko beharrezkoa da ziurtagiri elektronikoa edota B@kQ edo B@k kodeak erabiltzea. Behin barruan, Ogasunak duen informazio fiskala jaitsi ahal izango du zergadunak, falta diren datuak txertatu eta plataforma honen bitartez bere aitorpena aurkeztu. Gainera, aurreko urteko zerga aitorpena inportatzea ere ahalbidetzen du Zergabideak eta, autolikidazio proposamena jaso dutenen kasuan, hau aldatu eta onartzea.

 

Zergabideara sarbidea lortzea

Zergabideara sartzea errazteko, Ogasunak B@k kodea eskuratzeko modu guztiz telematikoa aktibatu du, eta honi esker erabiltzaileak edozein tramite egin ahal izango du plataforman. Pasahitza lortzeko online galdetegi bat prestatu da Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus/es/bak). Bertan kontraste datua eskatuko da, aplikazioan sartu beharko dena alta emateko. Kontraste datua zergadunak bakarrik ezagutzen informazioa da, eta azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztutako errenta aitorpenen emaitza da.

          Behin kontraste datua sartuta, eskatzaileak posta elektronikoa jasoko du kode batekin eta IZENPEko web helbide batekin. Bertan kodea sartu beharko du, eta tramitazioarekin jarraitu. Prozesua osatzen duenean, identifikazio medio bat eskuratuko du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko zerbitzu guztietara sarbidea emango diona, Ogasuneko departamentuak Zergabidea plataformaren bidez ematen dituenak barne. B@k kodea hau alarma egoera amaitu eta 15 egunera iraungi egingo da, eta bere funtzionamendu eta utilitateak B@kQ kodearen ia berdinak dira.

 

Beste pertsona bati ordezkaritza ematea

Aldi berean, Gipuzkoako foru Ogasunak prozedura telematikoa jarri du martxan, zergadunak beste pertsona bati bera ordezkatzeko baimena emateko, bigarren honek bere 2019ko Errenta aitorpena aurkeztu dezan. Apirilaren 14an egongo da erabilgarri mekanismoa, Aldundiaren egoitza elektronikoan (https://egoitza.gipuzkoa.eus). Sistema berri honek ez du behar inon bertaratzea, ez eta ordeztuaren eta ordezkariaren arteko kontaktu fisikorik. B@k kodea eskuratzeko prozeduran bezala, hemen ere kontraste datu bat txertatu beharko da alta ematerako orduan, horretarako sortutako aplikazio informatikoan. Datu hau zergadunak azken lau urtetan Gipuzkoan aurkeztu duen azkeneko errenta aitorpenaren emaitza da, itzultzera edo ordaintzera. Modu honen bidez emandako ordezkaritzak aldi baterako bakarrik izango dira.

 

Zerga informazio eskuratzea

Azkenik, B@k kodea lortu eta aitorpena aurkezteko beste pertsona bati ordezkaritza emateko prozeduretan eskatzen diren kontraste datuak eskuratzeari dagokionean, zergadunak dagokion urteko zerga aitorpena kontsultatu dezake, edota bere kontu korronteko mugimenduetan begiratu. Beste aukera bat da zerga informazio hau 943 11 30 00 doako telefonoan eskatzea, edota Ogasuneko web orrian, www.labur.eus/ogasuna esteka jarraituz. Informazioa eskatu ostean zergadunak jakinarazpenak jasotzeko Ogasunari adierazi dion helbidean jasoko ditu, posta orokor bidez. 

  

1775