Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundia, Pasaiako Udala eta Proisa Elkartea lankidetzan arituko dira Proisa Kultur Gunea abian jartzeko

Aldundia, Pasaiako Udala eta Proisa Elkartea lankidetzan arituko dira Proisa Kultur Gunea abian jartzeko

Lankidetza hitzarmena sinatu da

2017/06/12
  • Denis Itxaso: “Proisa berreskuratuz, bultzada berri bat ematen zaio kulturari eta biziberritze prozesuari Pasaian”

Kultura diputatuak, Denis Itxasok, Pasaiako alkatesak, Izaskun Gómezek, eta Proisa Elkarteko lehendakariak, Igor Carballok lankidetza hitzarmen bat sinatu dute PROISA KULTUR GUNEA izeneko kultur proiektua diseinatu, garatu eta abian jartzeko, Pasai San Pedroren kultur ahalmen handia indartu eta gaur egungo premiei erantzuna ematearren.

Pasai San Pedron PROISA izeneko gizarte eta kultur ekipamendu bat zegoen, Frontoiko Zumardian kokatua, eta bertan partehartzeko, doako eta autogestionatutako hainbat kultur jarduera gauzatzen ziren. Pasaiako Udaleko udal arkitektoak, 2011n, aurri egoerako irizpen teknikoa eman ondoren, eta herritarrentzat zuen arriskua ikusita, 2015eko martxoan eraitsi egin zen ekipamendua, eta, gaur egun, orube bat besterik ez dago.

Pasai San Pedron dagoen partehartzeko kultur mugimendu aktiboa kontuan hartuta, hitzarmena sinatu duten entitateek uste dute udalerriak ekipamendu bat behar duela gizarte eta arte arloko jarduerak gauzatu ahal izateko, eta modu horretan herriaren kultur ahalmena handitzeko. Mugimendu horrek bultzatuta, orubea erabili eta kudeatzeko aurreproiektua prestatzen ari dira, azken hilabeteetan gauzatu den partaidetza prozesu baten bidez. Denis Itxaso Kultura diputatuaren esanetan “Proisa berreskuratuz, bultzada berri bat ematen zaio kulturari eta biziberritze prozesuari Pasaian”. Ildo beretik, Itxasok hauxe azpimarratu du “sorkuntzarako eta partaidetzarako guneak irekitzea ezinbestekoa da pasaitarren garapena eta ongizatea sustatzeko, eta, gainera, aurrerapen ekonomikoa eragiten duen faktore bat da”.

Hori dela eta, hiru erakundeek erabaki dute elkarlanean jardutea eta hitzarmen hau sinatzea. Horren arabera, Kultura Departamentuaren ardura izango da: Pasai San Pedroren premia soziokulturalei buruzko partaidetza prozesuetan laguntzea, PROISA KULTUR GUNEA proiektu kulturala zehazteko eta autokudeaketako eredua finkatzeko; Pasaiako Udalarekin eta PROISA elkartearekin batera parte hartzea PROISA KULTUR GUNEA kultur proiektuaren helburuak, erronkak eta abian jartzeko prozesua zehazteko partaidetza prozesuan; udal teknikariei aholakularitza eskaintzea premien programa zehazteko; antzeko beste esperientzia eta errealitate batzuk ezagutzeko kontaktuak eta baliabideak jartzea; proiektua gauzatzeko finantzaketa bilatzen laguntzea; eta Pasaiako Udalak egindako aurreproiektuan oinarrituta Exekuzio Proiektua idatziko duen talde teknikoari egindako enkargua finantzatzea, betiere Udalak obrak egiteko konpromiso irmoa hartu eta Proisa Kultur Proiektuaren bideragarritasuna kontrastatu ondoren, eta aurrekontu baliabideak kontuan hartuta.

Pasaiako Udalak, bestalde, Kultura Departamentuarekin eta PROISA elkartearekin batera, parte hartuko du PROISA KULTUR GUNEA kultur proiektuaren helburuak, erronkak eta abian jartzeko prozesua zehazteko partaidetza prozesuan; Hiri Antolaketako Arauak aldatzeko espedientea irekiko du, Pasaiako Udal Batzarrak 2015eko otsailaren 24an, aho batez, onartutako akordioaren arabera; PROISA KULTUR GUNEA proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren eta bere eskumenekoak diren izapide administratiboak egingo ditu; eta aurreproiektua enkargatuko du.

PROISA Elkarteak partaidetza prozesua egingo du, 2014ko hasieran egindakoaren jarraipena, eta, metodologia proaktiboak erabiliz, Pasai San Pedroko kolektibo, elkarte eta mugimendu soziokultural ezberdinekin lanketa bat egingo du PROISA KULTURA GUNErako kultur proiektu integral bat zehazteko, sentsibilitate guztiak bilduz. Kultur proiektu integral horrek proposamen artistikoak, kulturalak eta sozialak izango ditu, eta horietarako erabiliko diren espazioek eta ekipamenduek bete beharko dituzten ezaugarriak zehaztuko ditu, Premien Azterketa osatu bat idatziz.

Halaber, Pasaiaren behar berezietara egokituko den autokudeaketako eredu bat garatu eta proposatuko du PROISA KULTURA GUNErako, eta Bideragarritasun Plan baten mendean jarriko du proposatutako autokudeaketako eredu hori.

 

 

  

1344