Proposamenak jasotzeko epea irekita, martxan 2021eko Aurrekontu Irekiak
Proposamenak jasotzeko epea irekita, martxan 2021eko Aurrekontu Irekiak
Foru erakundeak milioi bat euro bideratu du ekimenera, eta 340.000 eskuorri bidaltzen hasi da egunotan, Gipuzkoako etxe guztietara iritsiko direnak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan ditu jada 2021eko Aurrekontu Irekiak, Etorkizuna Eraikiz foru programaren testuinguruan kokatzen den ekimena. Hasi berri den lehenengo fasean, herritarrek euren proposamenak aurkeztu ditzakete eta, jasotako ideiekin, proiektuak osatuko ditu foru erakundeak. Gero, berriro ere herritarrei emango zaie hitza, proposatu dituzten proiektuen artean aukeraketa egiteko. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, foru erakundeak milioi bat euro bideratu ditu 2021eko Aurrekontu Irekietara eta, baliabide hauekin, gizarteak aukeratutako bost proiektu diruz laguntzea aurreikusten da. “Ilusio berezia egiten digun ekimena da, herritarrekin aurrez aurreko harremana izan eta partaidetza bide zuzen eta zabala irekitzen dielako”, nabarmendu du foru arduradunak.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Mikel Pagola Herritarren Partaidetzako foru zuzendariarekin batera, 2021eko Aurrekontu Irekien prozesuaren berri emateko. Biek gogoratu duenez, ekimena Etorkizuna Eraikiz foru programaren aterkipean kokatzen da. “Politika egiteko modutan aldaketa bat egin nahi dugu Etorkizuna Eraikizen bitartez, administrazioa eta herritarren artean azken urtetan sortu den arrakala murriztu edo gainditzeko. Horretarako, gobernantza eredu berri baten alde egiten ari gara: elkarlaneko eta irekia”, adierazi du Mendozak. Bide horretan, gaineratu du, funtsezko rola jokatzen du herritarren partaidetzak.
Pasa den legealditik ari da Aldundia Aurrekontu Irekien prozesuekin lanean eta, pasa den urtetik, diru partida zehatza bideratzen du alor honetara. “2020ko Aurrekontu Irekien prozesuan, hasiera batean, 1,2 milioi euro genituen aurreikusita. COVID-19 gaitzaren pandemiaren iritsierak, ordea, gure aurrekontuan doiketak egitera behartu zigun eta, ondorioz, zuzkidura hori erdira jaitsi zen”, gogoratu du Mendozak. Gainera, herritarrek aukeratu zituzten sei proiektuetatik bat ezin izan zen aurrera eraman, nazioarteko mugikortasunean oinarrituta baitzegoen eta pandemiari aurre egiteko murrizketek ezinezkoa egin zuten aurrera eramatea. “Herritarrek aukeratu zituzten gainerako bost proiektuetatik lau martxan dira, eta bosgarrena aurki aurkeztuko dugu”, esan du.
Aurten, ordea, indarberrituta itzuli da Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaritzak kudeatzen duen ekimen hau. “2021ean indartsu heldu diogu berriro ere Aurrekontu Irekien apustuari, eta milioi bat eurora igo dugu alor honetara bideratzen dugun kantitatea”, esan du. Baliabide hauekin, herritarrek aukeratzen dituzten bost proiektu bultzatzea aurreikusten du Aldundiak, bakoitzari gehienez 200.000 euro bideratuta. “Agerian utzi nahi izan duguna da Aurrekontu Irekien proiektuan sinesten dugula, eta iraganean eraginkortasun handia erakutsi duen ekimena delako”, nabarmendu du.
Martxoa eta ekaina
Gipuzkoako Foru Aldundiak orain martxan jarri duena prozesuaren lehenengo fase publikoa da, non herritarren proposamenak “sake librean” jasoko diren. Horretarako, hiru dira foru erakundeak ireki dituen partaidetzarako bideak. Alde batetik, 340.000 eskuorri bidaltzen ari da Gipuzkoako etxe guztietara, egitasmoaren berri eman eta partaidetzarako aukera emanez. Horrela, herritarrek eskuorria osatu eta, frankeo ordaindua duenez, inolako gasturik gabe bidali dezakete bueltan Aldundira. Bestalde, web orriaren bitartez (www) ere bidali daitezke proposamenak eta azkenik, hirugarren kanala, proposamenak Aldundiko sarreran jarri den urna erraldoian uztea da. Martxoaren 31ra bitarte aurkeztu daitezke proposamenak lehenengo fase honetan.
Ondoren, hurrengo hilabetetan Aldundiak etxe barruko lana egingo du, jaso diren proposamenak ordenatu, ideien egingarritasuna egiaztatu eta proiektuak osatzeko. Hauek sei alorretan taldekatuko dira, lehentasunezko esparru bezala identifikatu direnak: enplegua eta aktibazio ekonomikoa, gizarte arloa, gazteria, adinekoak, kultura-hezkuntza arloa eta mugikortasun iraunkorra. “Eta, nola ez, 2020 urtea pandemiaren urtea izan denez, 2021 honetan COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko ikuspegia ere kontutan izango dugu prozesu osoan zehar”, esan du Mendozak.
Azkenik, aukeraketa fasea ekainean egingo da, eta berriro ere herritarrei emango zaie hitza. Oraingo honetan, lehenengo fasean jaso diren proposamenetatik eratorritako proiektuen artean bost aukeratu beharko dituzte herritarrek. “Berriro egingo da buzoneoa, berriro aktibatuko ditugu parte hartzeko telematikoak eta, pandemiaren egoerak ahalbidetzen badu, aurrez aurreko topaketetan jarri nahi genuke azpimarra”, esan dute foru arduradunak. Fase honetan bozkatuen suertatzen diren proiektuak izango dira Aurrekontu Irekien laguntza lerroaren bitartez finantzatuko direnak eta, aurreikuspenen arabera, uztaila bukaerarako prozesu osoa amaitutzat ematea espero da.
“Herritarrei parte hartzera animatzea besterik ez zaigu geratzen”, esan du Mendozak bukatzeko. Gehitu duenez, ekimen honetan ahalegin berezia egiten du Gobernantza departamentuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen ari den gobernantza ireki eta elkarlanekoarekin %100ean lerrokatuta dagoen ekimena delako. “Zer esanik ez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren parte izanda, foru proiektu honi ematen zaion ikusgarritasun eta bultzada. Pasa den urteko prozesuan, fase guztietan, 15.000 lagunek hartu zuten parte, eta erronka aurtengo honetan zenbateko hori hobetzea litzateke”, itxi du Mendozak.
1970