Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Queretaro, Gipuzkoako industria sarea nazioartean hedatzeko funtsezko leku

Queretaro, Gipuzkoako industria sarea nazioartean hedatzeko funtsezko leku

Nazioartekotzea, hazkundea eta lehiakortasuna: Gipuzkoako mugetatik kanpo aukera berriak bilatzea xede duen misio baten ardatzak. Irizar, Reiner, TTT eta Tecnipesa, Gipuzkoako ehunaren nazioarteko proiekzioa ardatz duten jardunaldietako protagonistak

Gipuzkoako Foru Aldundia

Aste honetan Mexikora joandako Gipuzkoako enpresa misioa urrats sendoz ari da aurrera egiten lurraldeko enpresa sarearen nazioartekotzea bultzatzeko, haren hazkunde jasangarria sustatzeko eta lehiakortasuna indartzeko testuinguru ekonomiko globalizatu batean.

Parte hartzen duten Gipuzkoako enpresek erakunde eta enpresa agendaz osatutako egitarau trinkoa garatzen ari dira Querétaro estatuan, Latinoamerikako industria polo nagusietako batean. Helburua, nazioarteko lankidetza, inbertsio eta garapen aukerak identifikatzea eta etorkizuneko elkarlan estrategikoetarako bide berriak zabaltzea da. Ekimen horrek ikuspegi partekatu bati erantzuten dio, izan ere, enpresak dira Gipuzkoako ekonomiaren eta ongizatearen motorra, eta horiek atzerrian indartzeak eragin zuzena izango du lurraldearen eta herritarren ongizatean.

Erakundeen arteko lankidetza Gipuzkoako enpresak Mexikoko merkatuan sustatzeko

Asteazkenean, ordezkaritzak bilera bat izan du Queretaroko Kluster Automotrizarekin eta Estatuko Garapen Jasangarriko Idazkaritzarekin (SEDESU). Bilera horietan, Gipuzkoako eta Mexikoko enpresa ekosistemen arteko lankidetza ildoak jorratu, eta sektore estrategikoetan sor daitezkeen sinergiak aztertu dira, besteak beste, automobilgintzaren alorrean.

Gainera, egunean zehar, enpresek zenbait bilera egin dituzte tokiko eragile eta laguntzaileekin, harreman sarea indartzeko eta aztertzeko elkarrekin egin daitezkeen proiektuak, aurrerantzean ezarpenak, itun teknologikoak edo merkataritza akordioak ekar ditzaketenak.

Irizar, Reiner, TTT eta Tecnipesa enpresen nazioarteko proiekzioa eta Mexikon dituzten ekoizpen instalazioak bertatik bertara ikusi ditu ordezkaritzak

Arratsaldean, IRIZAR Mexiko enpresaren instalazioak ikustera joan da ordezkaritza; bertan, AEBetako merkaturako mugikortasun soluzioetara bideratuta dagoen ekoizpen aurreratuko lantegi baten funtzionamendua ezagutu du. Bisita horren bidez, ordezkariek aukera izan dute herrialdean errotuta dagoen euskal enpresaren lan egiteko modua, berrikuntza-maila eta estrategia gertutik ezagutzeko.

Agendarekin jarraituz, ordezkariek REINER enpresak Queretaron duen lantegia bisitatu dute. Industria talde horrek ia mende bateko ibilbidea egin du; 1925ean sortu zen eta Deban (Gipuzkoa), Polonian eta Mexikon ditu ekoizpen zentroak. REINER, industriaren nazioartekotzearen adibide argia da, eta sektore automotriz eta sanitarioetarako osagai plastikoen fabrikazioan espezializatuta dago. Queretaroko instalazioa 2017az geroztik dago martxan, eta zutabe estrategiko bihurtu da enpresaren proiekzio globalaren barruan.

Gaur, osteguna, misioak aurrera jarraitzen du, Mexikon kokatutako enpresekin topaketak eginez eta Queretaron ezarrita dauden Gipuzkoako bi enpresa erreferente bisitatuz. Alde batetik, TTT Group, automobilgintzarako eta aeronautikarako tratamendu termikoetan eta estalduretan espezializatua, eta, bestetik, TECNIPESA, sei hamarkada baino gehiagoko esperientzia duena, biltegiak kudeatzeko eta automatizazio industrialerako teknologietan.

Testuinguru horretan, ordezkaritzarekin batera joan den Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak honako hau nabarmendu du: “Gipuzkoan enpresa ehun sendo eta konprometitua dugu, eta enpresa askok ibilbide luzea egin dute nazioartekotze prozesuetan. Esperientzia hori funtsezkoa da, trakzio-enpresek beren ibilbidea partekatzeko eta nazioartean hedatzea helburu duten beste konpainientzat erreferente bihurtzeko aukera eskaintzen duelako. Kapital enpresarial baliotsua dugu: gure lurraldearen lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa sustatzen duten benetako txapeldunak, sarritan jendaurrean ezagunak ez badira ere”.

Lehiakortasuna eta lurraldearen indartzea: hazkunde partekaturako estrategia

Misioa Gipuzkoak bere ekonomiaren lehiakortasuna nazioartekotzearen bidez indartzeko duen erakunde estrategiaren parte da. Gipuzkoako enpresen kanpo posizionamendua hobetzeak, haien garapena bultzatzeaz gain, lurraldearen lehiakortasunari eta, beraz, herritar guztien ongizateari laguntzen dio.

Industria eta erakunde eragileekin harreman zuzena izatea ardatz duen agenda trinkoaren bidez, Gipuzkoako ordezkaritzak eredu ekonomiko ireki, berritzaile eta munduko industria-gune nagusiekin konektatuta dagoenaren aldeko apustua sendotuko du.

Misioa joan den astelehenean abiatu zen eta nazioartean zabaltzeko aukera duten Gipuzkoako zenbait enpresek osatzen dute, hala nola L&L Rotary Solutions, Grupo TTT, Stern Hidráulica, Sortek, Fundiciones Aizpurua, Loiri, Ezcurra-Esko, Zubiola S. Coop., Reiner, Electrotécnica Urumea, Tecnipesa, Safeloc Systems, eta Real Sociedad de Futbol entitatea.

Mexikon, dagoeneko ezarrita dauden edo jarduera egonkorra duten Gipuzkoako beste enpresa batzuk batu ziren, besteak beste, Fagor Arrasate, Irizar, UR Global, Mondragon Unibertsitatea, Metagra, EUN Group, Ieteam, GH Cranes, Danobat, ULMA Packaging eta ELAY Group.

  

5534