Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Rafaela Romerok GGLAko txandakako presidentzeta uzten du izugarrizko kudeaketa eginez eta MUGI txartelak historiako daturik onenak sendotuz

Rafaela Romerok GGLAko txandakako presidentzeta uzten du izugarrizko kudeaketa eginez eta MUGI txartelak historiako daturik onenak sendotuz

Azken lauhilekoan, hileko 11.000 txartel berri egin dira batez beste. Urteko hazkundeari dagokionez, nabarmentzekoa da gazteen kolektiboa: 2022an 101.151 gazte ziren txartelaren titularrak, eta 2019an, berriz, 91.456.

2023/02/10
Rafaela Romeo y Eluska Renedo

Rafaela Romero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren orain arteko presidenteak eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean, Eluska Renedo Illarregi Agintaritzaren zuzendariarekin batera, eta bien artean aurkeztu dute MUGI sistemaren 2022ko balantzea. Era berean, elkarrekin errepasatu dituzte datorren otsailaren 14an amaituko den biurtekoaren mugarri nagusiak. 

Egun horretatik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioetako sailburuorde Luis Pedro Marco de la Peñak hartuko du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren txandakako presidente-kargua, zeina agintaritzako kideek sinatuko baitute datorren astean egitekoa den batzarrean. Halaxe itxiko da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak azken bi urteetan izan duen jarduera bizia, besteak beste, honako lorpen hauekin:
•    MUGI sistemaren sarrera Arabako sare osora, dela tranbian, dela Gasteizko hiri-autobus publikoetan (TUVISA), dela hiriarteko foru-zerbitzuan (ARABABUS). Guztietan ere, BAT txartelarekin parekatu dituzte tarifak.
•    MUGI sistema osatzen duten operadoreen arteko doako transbordoen hasiera: Lurraldebus, Euskotren, dBus, Renfe eta beste hiri-garraioetan.
•    Renfek MUGI sistemaren barruan jarraitzeko hitzarmenaren sinadura eta MUGI txartela kargatzeko aukera eskaintzaren hasiera, bai operadorearen leihatiletan, bai saltzeko makinetan. 
•    Bilboko Metroan integratzea —Euskadin erabiltzaile gehien dituen garraiobidea—, tarifak BARIK txartelarekin parekatuta. 
•    Aurreikusita dago Bilbobus eta BizkaiBus ere integratzea. 
•    Gipuzkoako garraio publikoaren ereduak, MUGI sistemak, piztu duen interesa nazioarteko hainbat erakundetan, hala nola POLISen (garraio eta berrikuntzarako hiri eta eskualdeak) eta, bereziki, Europako Parlamentuko Mugikortasun Batzordean. Foro horren aurrean, Rafaela Romero presidenteak azalpen zehatza egin zuen 2022ko ekainean, erakundeak berak eskatuta.

“Jarduera biziko bi urte izan dira, eta, gainera, MUGI sistema eta Gipuzkoako kasua aurkezten izan gara deitu diguten toki guztietan: Europako Parlamentuan eta aditu profesionalen foroetan, kasu. Gure sistemak Gipuzkoako mugetatik harago ere badu indarra eta aitortza, eta horren arrazoia da buru-belarri lan egiten dugula herritarren premiei erantzuteko, haien aniztasuna kontuan hartuta”, adierazi du Rafaela Romero foru diputatuak. “Niretzat ohore handia izan da Gipuzkoarako ez ezik Euskadi osorako ere txartel bakarrera gero eta gehiago hurbiltzen gaituen bide honetan parte hartu izana”, gaineratu du, eta erreferentzia egin du  MUGI sistema etorkizuneko tarifa-integraziorako euskal sistemaren oinarri gisa hartzeko Eusko Jaurlaritzak emandako pausoari.

Suspertze urtea operadore guztientzat
Aurkeztutako urteko balantzearen datuei dagokienez, 2022a sendotze urtea izan da Gipuzkoan MUGI sistemari atxikitako operadore guztietan bidaiariak berreskuratzeari dagokionez, kontuan izanik pandemiak inpaktu handia izan zuela haien datuetan: Lurraldebus, Euskotren, Renfe eta dBus dira operadore horiek, baita lurraldeko hiri garraioko hamar zerbitzuak ere.

Ehunekotan, MUGI sistemak bidaiarien % 93,72 berreskuratu zituen 2022an, pandemiaren aurreko datuekin alderatuta, eta ia 70.000.000 erabiltzaile erregistratu zituen. 

Suspertzeko joera joan den udaberrian ere nabarmentzen zen, eta areagotu egin zen prezioak % 50era jaistearekin batera —joan den ekaineko lege-dekretuaren ondorioz, zeina Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak abuztuan eginiko batzarrean onetsi baitzen—. Horren ondorioz, sendotu egin zen joera hori. Hori horrela, erabiltzaile kopuruari dagokionez, 2022an 10.000.000 bidaiari berreskuratu ditu MUGI sistemak, aurreko ekitaldiko datuekin alderaturik.

Aurkeztutako datu nagusien artean, hauek nabarmentzen dira:
•    Datuak operadoreen arabera banakatuz gero, azpimarratzekoa da Euskotrenen bidaiarien goranzko joera: 13.433.180 bidaiari izan zituen 2022an, 2019ko erregistroetan baino % 4,55 gehiago. Bestalde, Renfek % 11 handitu zuen bidaiarien kopurua 2022an, 2021eko datuekin alderatuta, batez ere konpainiaren beraren doako tarifak eta MUGIren tarifa beheratuak aplikatzearen ondorioz.
•    Urteko azken lauhilekoari erreparatzen baldin badiogu, % 50eko deskontu gehigarriak indarrean jarri ondoren, operadore guztiek areagotu zuten bidaiari kopurua 2021arekin alderatuta, eta 2019ko zifretara hurbildu ziren.
•    MUGI txartelaren erabilerari buruzko datuei dagokienez, adierazten dute txartel horrek funtsezko eginkizuna izan duela pandemian: % 90etik gorako erabilera maila izan du kasu guztietan, eta % 94tik gorakoa dBusen kasuan. 
•    Bestalde, erabiltzaileen profilari dagokionez, nabarmentzekoa da gazte kolektiboaren hazkundea: 2022an 101.151 gazte ziren txartelaren titularrak, eta 2019an, berriz, 91.456.
•    Erabiltzaile berriei dagokienez, 2022ko irailean 14.231 txartel eskaera erregistratu ziren, eta kopuru horri eutsi egin zitzaion azken lauhilekoan. Bestalde, txartelaren kargek islatzen dute zer-nolako aurrezkia eragin duen sistemak herritarren artean, irailetik aurrera ezarritako % 50eko deskontuekin.
•    Azkenik, erabilera errekorren eta MUGI txartelaren eskaeren ildo beretik, MUGI erabiltzaileen arretarako bulegoak 20.000 dei jaso zituen irailean, inoiz izaniko dei kopururik handiena. Eskaera hori hileko 12.000 deien gainetik mantendu da lauhilekoko gainerako hilabeteetan.

Ildo horretan, Eluska Renedo Illarregi Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zuzendariak nabarmendu du “presidenteak aktibo eta inplikaturik” jardun duela “Garraioaren Lurralde Agintaritzaren jardunari proiekzioa emateko”, eta gustura agertu da 2022ko datuen bilakaerarekin. “Orain 2023an planteatzen dizkigun erronketan pentsatzeko unea da, MUGI sistema garatzen jarraitzeko”, amaitu du.

  

2816