Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Rafaela Romerok: “Mugikortasun iraunkor baten alde egiten dugu apustu eta hori lortzeko modurik onenetako baten alde, iraunkortasunean hezita”

Rafaela Romerok: “Mugikortasun iraunkor baten alde egiten dugu apustu eta hori lortzeko modurik onenetako baten alde, iraunkortasunean hezita”

Ostiral honetan, Mugikortasuneko diputatuak ikasle-talde batekin batera parte hartu du Plazaolako Bide Berdean izan den jarduera batean. Jarduera horrek mugikortasun iraunkorra, garraio publikoaren erabilera eta intermodalitatea sustatzen ditu Gipuzkoan, eta kohesio soziala, oreka eta iraunkortasuna bultzatzen ditu bere dimentsio guztietan (ingurumena, ekonomia eta gizartea).

2019/10/18

Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak, Rafaela Romero sozialista buru duenak, Sentsibilizazio Kanpaina bat martxan jarri du mugikortasun iraunkorra sustatzeko Leitzarango Bisitarien Etxearekin batera ‒Andoainen kokatua Leitzaran-Plazaola Bide Berdean‒. Ekimen honen helburu nagusia da bizikletaren erabileraz populazioa sentsibilizatzea, garraiobide iraunkor bat dela eta oraingo beste modalitate batzuekin konektatzeko aukera ematen duela kontuan hartuta.

“Mugikortasun Iraunkorraren Triatloia” da jarduera, lau ordu inguru irauten dituena: garraio publikoan, Andoainera iristen da Gipuzkoako edozein gunetik; oinez, ibilbide bat egiten da Plazaolako Bide Berderaino, baita bide horren zati bat ere –bi kilometro inguru– eta azkenik bertaratuak bi taldetan banatzen dira; talde batek bizikletaz egiten du Bide Berdearen zati bat, eta besteak bizikletak konpontzeko tailer batean parte hartzen du.

Romero diputatuak adierazi duenez, kanpaina honekin “agerian uzten dugu jarrera iraunkorrak eta proaktiboak nabarmentzeko premia eguneroko lekualdaketak egiten ditugunean. Baina, horrez gain, kirolaren eta osasunaren ideia ere azpimarratu nahi dugu, gipuzkoarren bizi-eredutzat”.

Ekimen honetako parte-hartzaileak Gipuzkoako lurralde osoko ikastetxe publiko eta pribatuetako ikasleak dira, Bigarren Hezkuntzakoak (DBH) edo Batxilergokoak. Jarduera sustatzeko 69 ikastetxe bisitatu dira; zuzenean deituta eta mailing bidez eman da ezagutzera kanpaina, eta 300 ikaslek parte hartuko dute bertan.

Dagoeneko 300 ikasle inskribatu dira, baina plazak irekita daude oraindik eta erreserba egiteko zuzenean jarri behar da harremanetan Leitzarango Bisitarien Etxearekin, telefonoz, 943300929, edo posta elektroniko bidez,
info@leitzaran-andoain.com.

  

1891