Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak eta Real Sociedad-ek proiektu bat sustatuko dute Ahuachapanen gazteen artean indarkeria prebenitzeko

Aldundiak eta Real Sociedad-ek proiektu bat sustatuko dute Ahuachapanen gazteen artean indarkeria prebenitzeko

Aldundiaren Gipuzkoa Coopera programaren esparruan

Hezkuntzaren eta kirol jardueraren bidez balioak transmititzea xede duen ekimena da.

Itxaso: «Bereziki harro gaude Realak, kirolaren bidez, balioetan oinarritutako hezkuntza eredu bat sustatzen duelako, inklusio soziala, elkartasuna eta bizikidetza bultzatzeko».

Kultura eta Lankidetza diputatu Denis Itxasok proiektu bat aurkeztu du gaur goizean: “Kirolaren bitartez balioak ikasiz: Ahuachapán udalerrian gazte indarkeria saihesteko estrategia bat, II. fasea”. Proiektua Aldundiaren Gipuzkoa Coopera programaren barruan kokatzen da, eta Real Sociedad Fundazioa, ADIC Asociación para el Desarrollo Ingteral Comunitario elkartea eta El Salvadorreko Ahuachapan udalerriko Alkatetza ari dira garatzen.Aldundiak 25.000 euroko ekarpenarekin finantzatu du.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Real Sociedad Fundazioko Andoni Iraolak, El Salvadorren proiektuaz arduratzen den Oscar Chicasek eta Mikel Anduezak, ADIC Asociación para el Desarrollo Integral Comunitario de San Salvador elkarteko zuzendariak.

Gipuzkoa Coopera Aldundiak 2017an abiarazitako proiektu bat da, xede duena Garapenerako Lankidetza sustatzea, lankidetzan ohikoak ez diren baina Gipuzkoan eta kanpoan ongi errotuak dauden erakundeetara zabalduz.

El Salvadorren indarkeria egiturazko bilakatu da, bai indarkeriak duen hedapenagatik, baita indarkeria horren adierazpideengatik. Herrialde horretan dagoen kohesio falta forma desberdinetan azaleratzen da. Forma horietako bat mugikortasun sozial eskasa da. Hau da: praktikan, pobre jaiotzeak pobre hiltzea dakar. Baina, agian, El Salvadorren gizarte kohesiorik ez egotearen adierazpide dramatikoena segurtasun falta da. Izan ere, azken 10 urteotan 35.000 bizitza eraman ditu segurtasun falta horrek. Gainera, erakunde publiko gehienganako konfiantza maila oso baxua da.

Nazio Batuen Garapenerako Programak, Giza Garapenaren 2013-2014ko Eskualde Txostenean, “Hiritarren segurtasuna, giza aurpegiarekin“ izenekoan, ezagutzera eman zuen ezen, El Salvador lehen postuan dagoela, % 92,3rekin, inguru hartan gazteen giza hilketako tasarik altuena duten hiru herrialdeen artean. Baita ere jasotzen da ezen gazteek osatzen dutela kriminaltasunak eta indarkeriak erasandako taldea, eta, aldi berean, indarkeriaren erantzule ohikoenak direla. Gainera, bultzatzen du ez estigmatizatzera gazte populazio guztia, baliabide urrikoak, gehienbat.

Tokiko mailan, segurtasunaren gaia herritarren kezka nagusienetako bat da, baita ere, Ahuachapan udalerrian. Izan ere, indarkeria eta delinkuentzia egoera jarraituan bizi dira, herriko bazter guztietan, eta horrek bereziki du eragina gazteengan eta herritarren arteko bizikidetzan.

Errealitate horren aurrean, xedetzat Ahuachapan udalerriko gazteen artean bizikidetza soziala sustatzea duen proiektu hau planteatu da, balioak praktikan jartzea sustatuz, hezkuntzaren eta jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez, gazteak ahulen sentitzen diren testuinguruetan, hots, eskolan eta komunitatean. Horretarako, joko garbiari buruzko programa bat garatzen ari da Dr. Arturo Romero kirol eremuan, jarrera eta portaera positiboak eraikitzeko estrategia ludiko gisa, bakean oinarritutako kultura sustatzeko, gazteen artean indarkeria prebenitzeko eta ikastetxera doazen 1.974 ikasleen segurtasuna hobetzeko. Eskolaratu gabe dauden 574 gazterekin ere egin da lan. Kontzeptu jakin batzuk barneratu nahi zaizkie: joko garbia kirolean, joko garbia bizitzan, eta aisialdia jarduera fisikoarekin eta kirolarekin betetzeko gogoa.

Bi estrategia planteatu dira: batetik, joko garbiaren bidez balioetan sentsibilizatzeko ekintzak gauzatzea, Ahuachapan udalerriko ikastetxe arriskutsuenetako ikasleekin; eta, bestetik, kirolean joko garbia sustatzeko programa bat garatzea, Ahuachapan udalerriko komunitate biolentoenetan.

Programa garatzen zen bitartean, landa eremuko hiru ikastetxe publikotako haurrekin lan egin da. Ikastetxe horietan guztietan oso zabaldua dago indarkeria. Bestalde, Ahiachapan udalerriko La Montañita, Chipilapa eta Puertas Negras kantoietako gazteekin ere lan egin da. Horietan guztietan hiru ekintza garatu dira: ikasleak balioetan sentsibilizatzeko lantegi ludikoak; joko garbia xede duten futbol txapelketak (eskolakoak eta komunitarioak); eta motibaziozko hitzaldien ziklo bat, El Salvadorreko goi errendimenduko kirolarien eskutik.

Jarduera horietan guztietan 20 irakaslek, 673 ikaslek eta 540 gaztek parte hartu dute. Horiei guztiei adiskidetasuna, taldeko lana, kirol espiritua eta norbera hobetzeko grina bezalako balioak transmititu zitzaizkien.

Programak harrera bikaina izan du, eta erabilitako metodologia berritzailea izan da oso. Horregatik, Ahuachapan udalerriko kontzejuak erabaki du ekimen hau beste ikastetxe batean errepikatzea, eta horretarako babesa eskatu dio ADIC elkarteari, egin berri duten proiektuaren bigarren fase bati heldu ahal izateko.

Proiektua bat dator Real Sociedad Fundazioaren helburu fundazionaletako batekin; hau da, kirola gazteen formazio integralari lotuta egotea, eta, bereziki, balioetan hezteko printzipioari.   Hezkuntzako egiturekin lankidetzan jardutea da xedea, kirola abiapuntutzat hartuta balioetan hezteko eredu bat diseinatu eta ezartzeko, ulertzen baita kirolak inklusioa, elkartasuna, esfortzuaren kultura, osasuna eta taldeko lana sustatze dituela.  

«Bereziki harro gaude Realak, kirolaren bidez, balioetan oinarritutako hezkuntza eredu bat sustatzen duelako, inklusio soziala, elkartasuna eta bizikidetza bultzatzeko», esan du Itxasok.

ADIC elkartea: Asociación para el Desarrollo Integral Comunitario

ADIC elkarteak 28 urte baino gehiago daramatza Ahuachapan departamenduan, askotariko proiektuak gauzatuz.  Urte hauetan guztietan egindako lanari esker, oso gertutik ezagutzen dituzte departamenduko herri desberdinetako familiek bizi dituzten premiak eta zailtasunak, zeinak kontrastatzeko askotariko azterketa eta diagnostikoak egin baitira, eta baita bilera eta lantegiak ere. Bestalde, urtero eskari asko jasotzen dituzte, proiekturen bat kudeatzea eskatuz.

ADIC elkarteak, sortu zenetik, 148 proiektu gauzatu ditu, eta horietatik 102 Ahuachapan departamenduan. Horrek guztiak 19.18 milioi euroko inbertsioa ekarri du. Ahuachapan udalerrian, berriz, tokiko entitateak 14 proiektu gauzatu ditu, 2,4 milioi euroko inbertsioarekin.

Gipuzkoa Coopera

Proiektu hau Gipuzkoa Coopera programaren barruan sartzen da. Programa horren bidez, Gipuzkoako entitate garrantzitsu asko kooperazio proiektu bat garatzen ari dira, hala nola Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza Eskola, Kukai Dantza Taldea, Tabakalera, DIPC, Real Sociedad Fundazioa, Zinemaldia, ASPEGI eta CFM.

Ekimen honen bidez, Foru Aldundiak Gipuzkoako gizartera zabaldu nahi du garapenerako lankidetzan elkarrekin lan egiteko erantzukizuna eta aukera.  “Laguntza eta elkartasun premiak gero eta handiagoak direnez, eta gizartearen zati garrantzitsu bat modu aktiboagoan parte hartzeko aukera eskatzen ari denez, komenigarritzat jo da beste pauso bat ematea Gipuzkoa osora zabaltzeko lankidetza. Gipuzkoa Coopera ekimenari esker, herritarrak, gure enpresak, eta ekonomia, gizarte eta kultura arloko eragileak gehiago inplikatzea lortu dugu, guztion zeregina baita mundu bidezkoagoa eta solidarioagoa sortzea», azaldu du itxasok.

Helburua da garapenerako lankidetza modu poliedrikoan lantzea, eta lankidetza horretatik ateratzea beren ingurunean aldaketak eragiteko gai diren pertsonak eta entitateak.                                                          

  

1341