Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Salgaien garraioari, garraio kolektiboari eta autonomoei zuzendutako deskontu berriak aktibatu ditu Foru Aldundiak

Salgaien garraioari, garraio kolektiboari eta autonomoei zuzendutako deskontu berriak aktibatu ditu Foru Aldundiak

Igande honetan hainbat hobari sartuko dira indarrean, kolektibo horiei laguntzeko eta mugikortasun iraunkorreko eredu baterantz aurrera egiteko

2023/09/26
Gobernu kontseilua

Igande honetan, urriaren 1ean, Gipuzkoako ordainlekuetan deskontu-plan berriaren hedapena osatuko da. Urte hasieran hasi zen plana martxan, eta orain salgaien garraiorako, garraio kolektiborako eta gure lurraldeko autonomo eta autonomoentzako hainbat hobari gehituko zaizkio. Plan berria oro har Gipuzkoako gaitasun handiko errepideetan aplikatzen da urtarriletik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri zuen neurrietako bat da, bai familiei bai enpresei eragiten dien inflazioari eta erregaien prezio altuei aurre egiteko.

Igande honetatik aurrera deskontu-kategoria berriak gehituta, lehenik eta behin, autonomoei eta Gipuzkoako enpresei laguntzen jarraitu nahi dugu krisiaren eraginaren aurrean, gure ustez errepideak funtsezko elementuak baitira garapenerako eta lehiakortasunerako, eta, horrez gain, mugikortasun jasangarria lortzeko bidean aurrera egin nahi dugu, nabarmendu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak astearteetan egiten den Gobernu Kontseiluaren ostean eskainitako prentsaurrekoan. Hobari berri hauekin, klima-aldaketari aurre egiteko emisioak murrizteko urratsak egiten jarraitzen dugu, ibilgailu eraginkorren eta garraio kolektiboaren erabilera sustatuz. Mugikortasun iraunkorraz ari garenean, ez gara soilik ingurumen-onurez ari, ongizate ekonomiko eta soziala ere bilatzen da. Garraio publikoak eta garraio kolektiboko gainerako ibilgailuek errepideak arintzen laguntzen dute, azaldu du.

Hiru deskontu-mota aplikatuko dira zuzenean Gipuzkoako ordainlekuetan hilabete berria sartzearekin bat. Salgaien garraioarekin hasita, EURO kategoriako kanona, motor eraginkorrak dituzten ibilgailu astunentzat onuragarria dena, AP-1 eta AP-8 autobideetan ere aplikatuko da zuzenean, aurtengo urtarriletik aurrera gaitasun handiko gainerako errepideetan eta Gipuzkoan aplikatzen zen bezala (A-636, N-I eta A-15). Horrela, salgaien garraioak, garabiak barne, % 25eko zuzeneko deskontua izango du bidesariaren gainean, motor elektrikoa, gasa edo hidrogenoa badute; % 20koa EURO 6 kategoriako motorren kasuan, eta % 15ekoa EURO 5 kategoriakoen kasuan.

Garraio kolektiboko ibilgailu astunentzako deskontuak ere sartzen dira indarrean, hala nola autobusentzako, autokarrentzako eta mikrobusentzako. Garraio publikoa sustatzeko neurri gisa, Aldundiak % 50eko deskontua aplikatzen du lehen bidaiatik AP-1, AP-8 eta A-636 autobideetako bidesarietan. Orain arte aipatutako bi kasuetan (garraio kolektiboa eta salgaien garraioak), tarifaren gaineko zuzeneko deskontua atzeraeraginezko izaerarekin egingo da, egindako ibilbideen egiaztagiriak aurkeztuta.

Bi garraio-kategoria horietarako, gainera, erabilera-maiztasunagatiko deskontuak egongo dira bidesari berberetan urriaren 1etik aurrera – kasu honetan ez atzeraeraginez –. Deskontua % 10ekoa izango da 21. eta 50. bidaietan, eta % 13koa 51. bidaiatik aurrera. Europako Batzordeak baimendutako portzentajerik handiena da. Hirugarren deskontu-mota, berriz, jarduera profesional eta autonomoei zuzenduta dago, baldin eta jarduera ekonomikoa ibilgailu arinaren erabilerarekin lotuta badago, taxien, empresa-ibilgailuen edo anbulantzien kasuan bezala. Jarduera horiek erabileragatik deskontu progresiboen planaz baliatu ahal izango dira igandetik aurrera. AP-1, AP-8 eta A-636 errepideetako ordainlekuetan aplikatuko da, tarifaren % 10eko deskontuarekin 21. bidaiatik aurrera eta % 13ko deskontuarekin 51. bidaiatik Aurrera, kasu honetan ere.

Hobari horietako edozeinen onuradun izateko, beharrezkoa da ibilgailua BIDEGI sisteman alta emanda egotea eta Abiatu edo antzeko gailu bat izatea (ViaT edo TAG). Informazio guztia BIDEGIren webgunean (www.bidegi.eus) edo bulegoetan kontsulta daiteke.

Batzar Nagusietako agerraldiak

Bestalde, Berasaluzek jakitera eman duenez, Eider Mendoza diputatu nagusiak agerraldia egingo du bihar, asteazkena, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernu eta Erregelamendu Batzordean, legegintzaldi honetarako foru gobernuak dituen lan ildo nagusiak ganberako indar politiko guztiekin partekatzeko. Ez da agerraldi bakarra izango; izan ere, datozen asteetan diputatu guztiek ariketa bera errepikatuko dute, eta beren departamentuetan aurreikusitako ekintza-ildoen berri emateko asmoa dute, dagoeneko osorik zehaztuta dagoen egutegiarekin.

Hala, ostegunean, hilak 28, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuaren txanda izango da; ostiralean, hilak 29, Jose Ignacio Asensio Iraunkortasuneko diputatua eta Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatua; urriaren 2an, Ane Insausti Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Irune Berasaluze Gobernantzako diputatua; hilaren 4an, Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatua; hilaren 5ean, Goizane Álvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua; eta hilaren 6an, Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko diputatua eta Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatua.

Diputatu nagusiak eta bere gobernu osoak modu proaktiboan erabaki dute Batzar Nagusietan parte hartzeko eskaera egitea, ganberako indar politiko guztiak Kudeaketa Plan Estrategikoaren definizioan inplikatzeko. Plan horrek legegintzaldi honetako lehentasun eta politika nagusiak ezarriko ditu. Foru gobernua harreman sistematikoak izaten ari da lurraldeko gizarte zibileko eragile, elkarte eta ordezkariekin, abendurako amaituta izatea espero den ibilbide-orri hori zehazteko helburuarekin. Urrats berri honekin gauza bera egin nahi da oposizioko indarrekin, “haien ekarpenak jaso nahi baititugu, eta, oposizioko indarren eta sail bakoitzaren arteko interlokuzio bidea ireki”, adierazi du Berasaluzek.

“Herritarrek oso mezu argia helarazi digute: alderdi politikook azpimarra jar dezagun ez banatzen gaituenean, batzen gaituenean baizik, eta lan egin dezagun Gipuzkoaren aldeko akordioak lortzeko, ziurgabetasun handiko une honetan, etorkizuneko erronka garrantzitsuekin. Guztiok eman behar dugu geure onena, eskari horri erantzun ahal izateko. Badakigu maiatzeko hauteskundeetako emaitzek inoiz baino gehiago behartzen gaituztela elkarlaneko gobernantza-eredu ireki batean sakontzera. Hori egiteko konpromiso sendoa dugu, hurbiltasunetik, umiltasunetik eta gardentasunetik abiatuta, eta ekimena hartu eta Batzarretara joateko erabakia asmo horri erantzuten dio”, amaitu du bozeramaileak.

  

1785