Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea SEABIN PASAIA itsas zaborrontziak egunean bi kilo zabor baino gehiago bildu ditu

SEABIN PASAIA itsas zaborrontziak egunean bi kilo zabor baino gehiago bildu ditu

Proiektu pilotuak iraun duen bost laginketa-asteetan, ur gaineko 75 kilo zabor atera, eta 28.000 item inguru aztertu eta sailkatu dira.

2021/04/07

Jose Ignacio Asensio: «Itsas zaborra eta mikroplastikoak gure ozeanoetako ingurumen-erronka handienetako bat dira, eta administrazioen eta eragileen parte-hartzea eta bultzada ezinbestekoak zaizkigu arazoari aurre egiteko neurriak hartzeko».

 

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta MATER ontziko Sara Lizarzak, proiektuaren arduraduna bera, SEABIN PASAIA proiektu pilotuaren emaitzak eman dituzte. Proiektu horri esker, Pasaiako badian itsas zaborra biltzeko gailu bat instalatu zen 2020ko irailean, ur gaineko itsas zaborra biltzeko eta haren jarraipena egiteko sistema bat ezartzeko helburuarekin.

 

SEABIN ur gaineko itsas zaborra biltzeko eta haren jarraipena egiteko gailu berritzaile bat da. Horrelako itsas zaborrontziak 1.000 klub nautiko eta portu baino gehiagotan daude mundu osoan, eta Pasaiakoa da Bizkaiko Golkoan daukagun mota horretako lehenengo zaborrontzia. Proiektua koordinatzen duen MATER ontziak sustatu zuen SEABIN PASAIA, herritarren zientzian eta ingurumen sentsibilizazioan oinarritutako ikerketa-tresna gisa.

 

SEABIN PASAIA 2020ko irailean instalatu zen, eta itsas ekaitzak jasan eta gailua hainbat aldiz birkokatu ondoren, MATER ontziaren talde teknikoak lortu du behar bezala burutzea SEABIN PASAIA proiektu pilotua, zeinak helburutzat baitzuen Pasaiako badian ur gaineko itsas zaborra biltzeko eta haren jarraipena egiteko sistema bat aztertzea eta instalatzea.

 

Azterketa horren helburua ur gaineko itsas zaborraren prebentzioan eta ikerketan laguntzea izan da. Horretarako, datuak hartzeko jarraipen protokolo bat ezarri da, denbora-datuen serieak bermatzen dituena, horiek hobeto ezagutzeko. Horretarako, egunero laginketa egin da, 12 orduan behin harrapaketa-poltsa hustuz eta harrapatutakoaren pisua eta baldintza klimatikoak erregistratuz; materia organikoa itsas zaborretik eta mikroplastikoetatik bereizi da laginen prozesamenduan, eta itsas zaborraren (5 mm baino gehiagokoa) eta mikroplastikoen (2 eta 5 mm artekoak) analisi bat egin da, tipologiaren eta materialen arabera, emaitza kualitatiboak eta kuantitatiboak lortzeko.

 

Honako hauek dira bilketak edo laginketak iraun duen bost aste baino gehiagoan ateratako ondorio nagusiak: ur gaineko 75 kilo zabor inguru atera da, egunean bi kilo zabor, alegia. Denbora horretan 22.200.000 litro ur iragazi dira, eta guztira 27.547 item erretiratu eta aztertu dira.

 

Aztertutako itemen % 75 (20.972 item) mikroplastikoen kategoriakoak ziren. Batez beste, bi minutu eta erdiz behin, SEABIN gailuak mikroplastiko bat harrapatzen zuen. Kendutako mikroplastikoak bost tipologiatan sailkatu dira, eta poliespanak dira ugarienak (mikroplastiko guztien % 40). Zuntzak izan dira behatzen zailenak; hala ere, oso esanguratsua izan da analisian atzeman den belar artifizialaren zuntz kopuru handia.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi du urtero 10 milioi tona zabor inguru iristen direla munduko itsaso eta ozeanoetara: «itsas zaborra eta mikroplastikoak gure ozeanoetako ingurumen-erronka handienetako bat dira, eta administrazioen eta eragileen parte-hartzea eta bultzada ezinbestekoak zaizkigu arazoari aurre egiteko neurriak hartzeko». Horri lotuta, Ingurumeneko Departamentua lanean aritu da azken urteotan, itsas zaborra prebenitzeko, sailkatzeko, murrizteko eta herritarrak kontzientziatzeko hainbat proiektutan: Life Lema, Ekofish, Zero Zabor Uretan, Gipuzkoako zabor sakabanatuaren fokuen inbentarioa, besteak beste.

  

1325