Segurtasuna eta Beasaingo sarbidea hobetuko ditu aste honetan amaitzekoa den Antzizarko biribilgune berriak
Segurtasuna eta Beasaingo sarbidea hobetuko ditu aste honetan amaitzekoa den Antzizarko biribilgune berriak
Segurtasuna eta Beasaingo sarbidea hobetuko ditu aste honetan amaitzekoa den Antzizarko biribilgune berriak
Herriko puntu klabe horretan trafikoa berrantolatu da eta segurtasuna indartu da kiroldegiaren eta Loinazpe ikastetxearen inguruan

Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan amaituko ditu Antzizar auzoan, Beasainen, biribilgune berriaren eraikuntza-lanak. Jarduketa honi esker, GI-2632 errepidearen eta Igartza-Oleta bidearen arteko "T" formako bidegurutzearen ordez, biribilgune seguruago eta funtzionalago bat eraiki da. Lanak urrian hasi ziren eta 599.902 euroko inbertsioa izan dute; egunotan amaituko dira, asfaltatze eta margoketa lanak bukatzearekin batera, betiere eguraldiaren baldintzen arabera.
Proiektuaren helburu nagusia izan da trafiko handiko puntu horretan segurtasuna indartzea. Inguruko udalerrietako ibilgailuen fluxuak eta herri barneko desplazamenduak gurutzatu egiten dira tarte horretan. Biribilgune berriak zirkulazioa modu eraginkorragoan antolatzen laguntzen du, bai herrigunera nola industrialdeetara, eta horrekin batera istripuak izateko arriskua murrizten da. Segurtasunaz gain, auzoaren testuingurua ere kontuan hartu da, izan ere, biribilgunearen ondoan daude Antzizar kiroldegia eta Loinazpe ikastetxea, eta horrek oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorri handia dakar. Horregatik, beharrezkoa zen segurtasuna eta zirkulazioaren arintasuna bermatuko zuen esku-hartze egoki bat.
Biribilgune berriak kurba egiten duten sarrera-adarrak dituenez, ibilgailuak abiadura gutxitzera behartzen ditu, eta horrek bide-segurtasuna eta trafikoaren lasaitasuna hobetzen ditu. Kanpo-diametroa 34 metrokoa da, eta 6 metroko zabalera duen eraztun bat eta 9 metroko barne-radiodun espazioa ditu. Sarrera eta irteera adarrek, hurrenez hurren, 4 eta 4,5 metroko zabalera dute. Horrez gain, barneko eraztun zapalgarria dauka biribilguneak, garraio berezikoek maniobrak egin ahal izateko.
Jarduketak, halaber, argiteria publikoa egokitzeko lanak barne hartu ditu, trazadura berrira egokitutako luminariak jarriz, eta seinaleztapena, balizaketa eta inguruko babes-elementuak berritzeko lanak ere gauzatu dira.
4285