Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Segurtasuna hobetzeko bide-lanak finantzatuko ditu Aldundiak Itsasondon, Olaberrian eta Gabirian

Segurtasuna hobetzeko bide-lanak finantzatuko ditu Aldundiak Itsasondon, Olaberrian eta Gabirian

Herri txikietako azpiegiturak bultzatzeko laguntzen barruan, datozen hilabeteetan burutuko diren hainbat lanen xehetasunak eman ditu Maria Ubarretxena foru diputatuak

2024/06/06
Maria Ubarretxena diputatua Itsasondoko alkatearekin

Maria Ubarretxena diputatua Itsasondoko alkatearekin


Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxena Goierriko hainbat udalerri txikitan izan da gaur goizean bertako alkateekin batera, datozen hilabeteetan abiaraziko diren bide-lanen inguruko xehetasunak aztertzen. Itsasondon, Olaberrian eta Gabirian egingo dira jarduketa berriak, bide-segurtasunarekin lotutakoak gehien bat, eta Legorretan, aldiz, Ibiurko urtegiko bidezubia eraberritzeko lanen berri eman du diputatuak.

          Bide Azpiegituretako departamenduak legealdi honetarako helburuen artean udalerri txikietako azpiegiturei bultzada emateko finantzazioa areagotuko du, inbertsio orokorrean egingo den gehikuntzarekin batera. 2024 urtean 615.000 euroko inbertsio orokorra egingo da eta honek “herri zein toki entitate txikiei baliabide gehiago eskaintzeko ahaleginari erantzuten dio”, diputatuak azaldu duenez. “Herri txikien eta landa eremuaren bizimodurako eta garapen sozial eta ekonomikorako funtsezkoak baitira azpiegitura hauek”. Halaber, Ubarretxenak erantsi du Gipuzkoa dela estatu mailan bide errepideen artapen- eta hobekuntza-lanetan proportzionalki inbertsio handiena egiten duen lurraldea eta herri txikiei dagokienez ere, “behar duten arreta” eskainiko zaie legealdi guztian zehar. Hala, “ahalik eta babes handiena ahalik eta herri gehienei” ematen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Ubarretxenak. 

          Kopuru orokor horren barruan, 200.000 euro bideratzen dira beren-beregi  udalen eskumenekoak diren errepide eta azpiegiturak hobetzen laguntzeko. Aurtengo deialdiari esker, 10 proiektu lagunduko dira 8 udalerri txikitan. Laguntza-lerro horien barnean kokatzen dira Goierriko herri hauetan eta beste hainbatetan egingo diren lanak.

          Itsasondon GI-2131 errepidean, garai batean N-Ia izan zena, hainbat puntutan egoera txarrean aurkitzen den hormigoizko hesia aldatzeko lanak egingo dira. Altzairu herdoilezineko hesitura batek ordezkatuko du gaur egungo egitura. 167 metroko luzera izango hesiak, seguruagoa eta sendoagoa dena eta gaur egungo funtzionaltasunari hobeto egokitzen zaiona. Udaletxeak lan hauek gauzatu ahal izateko, inbertsioaren % 85 finantzatuko du Aldundiak, 36.129,61 eurorekin.

          Olaberrian, aldiz, bide-segurtasuna hobetzeko lanak egingo dira. Hala, GI-2632 errepidean (0,120 PK) aurkitzen den zebra-bidean eskaripeko semaforoa jarriko da. Aldundiak 40.000 eurorekin lagunduko du proiektu hau (aurrekontuaren % 85).

          Gabirian, bestalde, Troiako meategietako errepideko bidegurutzea hobetuko da, GI-3540 eta GI-3520 errepideen artekoa, hain zuzen. Gaur egun, ibilgailuak bideratzeko inolako bide-marra edo seinalerik ez dauka bideak eta, ondorioz, biraketak abiadura handian eta era ez egokian egiten dira sarritan. Egoera hau hobetzeko lurzorua konpondu eta margotu egingo da eta bidegurutzea adierazten duen zutikako seinalizazioa jarriko da. Kasu honetan 5.937,53 euroko laguntza emango du Bide Azpiegituretako departamentuak, lanen % 85a finantzatzeko.

          Lan guzti hauek 2024ko laguntza-deialdiaren barruan daude eta, hala, aurten lizitatu eta exekutatzea aurreikusten da.

Ibiurko zubiaren eraberritzea

Halaber, Legorretako Ibiurko urtegira doan bidezubia eraberritzeko lanen berri ere eman du Ubarretxenak, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman baitio jada lizitazio prozesuari. Oria ibaia zeharkatzen duen 46,3 metroko zubi horrek kalteak ditu, batez ere, armaduran korrosioaren eraginez. Ubarretxenak azaldu duenez, kalteok departamenduak egin ohi dituen ikuskapen lanetan atzeman ziren eta jarduketa egitea erabaki zen. Aurrekontua da 494.714,66 euro eta lanak burutzeko epea lau hilabetekoa da, datozen hilabeteetan hasteko aurreikuspenarekin.

  

4119