Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Suhiltzaileekin akordioa lortu da funtzionamendu eredu berria ezarri eta Zerbitzuaren etorkizuna definitzeko

Suhiltzaileekin akordioa lortu da funtzionamendu eredu berria ezarri eta Zerbitzuaren etorkizuna definitzeko

Hainbat hobekuntza eta 48 lanpostu berri sortzeko konpromisoa adostu dira, besteak beste, lan-ordezkaritzaren gehiengoareki

2024/03/19
Gobernu kontseilua

Aldundia akordio batera iritsi da Gobernantza Departamentuari atxikita dagoen Suhiltzaile Zerbitzuko langileen ordezkariekin. Akordio hori joan den astean sinatu zuten sindikatuen gehiengoak, LAB eta CCOOren aldeko botoarekin eta ELAren abstentzioarekin; akordioak arautzen ditu laneko eta funtzionamenduko baldintzak, zenbait hobekuntza sartzen dituelarik giza baliabideen antolaketa eraginkorragoa eta operatiboagoa izan dadin. Horrez gain, zerbitzua sendotzea izango du helburu, horretarako 48 plaza berri sortu eta plan estrategiko berria abian jarriko direlarik, besteak beste.

Irune Berasaluze foru bozeramailea pozik azaldu da akordioarekin, “elkarrizketa eta lan askoren emaitza izan dena”, eta eskerrak eman ditu “suhiltzaileen ordezkariek adostasun batera iristeko izan duten borondateagatik. Zenbait gai denborarekin zehaztu beharko ditugu, eta erronka izango da garapen horretan asmatzea, baina garrantzitsuena da akordio honekin finkatu egiten ditugula Suhiltzaile Zerbitzuaren egungo eta etorkizuneko oinarriak, premisa oso argiarekin: lankidetzatik zerbitzu modernoa, kalitatezkoa eta arina finkatzea, aukera emango diguna ahalik eta hoberen erantzuteko Gipuzkoan gertatzen diren larrialdiei, izan ere, urtean 4.500 larrialdi inguru izaten dira”, adierazi du.

Ohiko funtzionamenduari dagokionez, akordioak arautzen ditu mugikortasuna, disponibiliatea, guardiak, absentziak eta bajen kudeaketa bezalako alderdiak. 4+2 deituriko funtzionamendu eredua ezarriko da eta horrek eragingo du suhiltzaile ibiltariaren edo ‘parkez parkekoa’-ren lanpostua desagertzea; hartara, kabo eta suhiltzaile postu bakoitza Aldundiaren zortzi parkeetariko bati atxikita egongo da. Konpentsazio ekonomiko bat ezarriko da ordainsaria egokitzeko zerbitzua emateko adostu diren mugikortasuneko eta disponibilitateko baldintza berrietara.

4+2 eredua ezartzeko, adostu da 2025eko EPEan sartzea suhiltzaileen plaza huts guztiak, baita sortutako 48 plaza berriak ere. Hautaketa prozesuak ere urte horretan bertan onartuko dira. Lan talde bat sortuko da deialdi horren oinarriak zehazteko, eta talde horretako kide izango dira Funtzio Publikoko eta Suhiltzaileen Zerbitzuko teknikariak. Gogoratu behar da dagoeneko 2023ko EPEan onartu zirela 12 kabo, 2 sarjentu eta 2 ofizial plaza.

Adostutako beste puntu bat izan da hautaketa prozesuen diseinu eta kudeaketa osoa Foru Aldundiaren ardura izango dela. Horrez gain, aurten bertan ebatziko dira 20/2021 Legetik datozen egonkortze prozesuetako izendapenak (13 suhiltzaile, 8 kabo eta 2 sarjentu). Konpromiso horiek guztiak langileen ordezkariekin adostutako kronograma batean jaso dira.

Berasaluzek azpimarratu duenez, “prozesu hauek mugarri izango dira enplegu publikoa egonkortzeari eta bitartekotasuna murrizteari dagokionez, baita giza baliabideak indartzeari dagokionez ere, eta aukera emango dute erakundean orokorra den eta Suhiltzaile Zerbitzuan bereziki nabarmena den belaunaldien arteko erreleboan aurrera egiteko”.

Bestalde, akordioan sartu dute Aldundiak Zerbitzuaren Plan Estrategikoa legealdi honetan martxan jartzeko konpromisoa. Horretarako, berrikusiko da Gipuzkoa Babestu 20/30 plana eta plangintza berrian ezarriko da etorkizunerako norabide berria. Planaren edukia definituko duten eragileen artean egongo dira langileak nahiz langileen ordezkariak.

Zerga-bilketa

Berasaluzek urteko zerga-bilketaren datuen berri ere eman du, Gipuzkoan % 10,8ko igoera izan duena 2023koaren aldean. Guztira, 870,4 milioi euro bildu dira urtarrilean eta otsailean, 2023ko aldi berean baino 84,9 milioi gehiago. Sarrera osoak % 10,9 gehitu dira eta itzulketak % 12,6. Zuzeneko zergen bilketa likidoak % 17,6 egin du gora, eta zeharkako zergenak % 1,1. Lehenengo bi hilabeteetan izandako bilakaera positiboa, batez ere, lan-etekinen gaineko atxikipenen diru-sarreren hazkundeari zor zaio. Era berean, aipatzekoa da BEZaren ondoriozko diru-sarreren igoera, kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenak eta BEZaren itzulketak.

Zergen araberako zifrak banakatuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, lan-etekinei buruzko atalean 68,5 milioi euro bildu dira (+%17,2). Zerga horren balantzea positiboa da, bilketa likidoa % 16,9 hazi baita, hau da, 73,3 milioi euro gehiago. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 4 milioi igo dira 2023ko aldi beraren aldean. Igoera horren arrazoi nagusiak diru-sarrera gordinak 2,7 milioi gehiago izatea eta itzulketak 1,3 milioi euro gutxiago izatea dira.

Foru Erakundeak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa metatua % 0,2 igo da, hau da, 0,6 milioi euro gehiago. Atal honetan, diru-sarrerak 6,3 milioi euro gehitu dira (+%1,9); itzulketak 5,7 milioi euro gehitu dira (+%13,4).

Foru bozeramaileak datuen irakurketa positiboa egin du, baina argitu du otsailera arte bilketa urte osoko bilketaren % 12 eta % 15 artekoa dela, beraz, “oraindik goiz da urte osoaren aurreikuspena egiteko. Zuhur jokatu behar da eta arreta berezia jarri behar da testuinguru makroekonomikoan gerta daitezkeen aldaketetan, baina gaur aurkeztutako zifrek konfiantza ematen digute ezarritako helburuak bete ahal izateko, eta jarduera ekonomikoaren martxa onaren isla dira”, adierazi du.

Korrika

Halaber, Berasaluzek adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten ere Korrikarekin bat egingo duela; 23. edizioa joan den ostegunean hasi zen Irunen, ‹Harro Herri› lemapean. Aldundiak Idiazabalen erosi du kilometro bat, eta hantxe izango da martxoaren 23an. Foru gobernuko zenbait kiderekin batera, Eider Mendozak hartuko du lekukoa AMPO enpresaren eskutik eta Iñaki Alberdi alkateari emango dio, 9:45ak aldera.

Aldundiak 2022ko edizioan Beasainen hartu zuen parte, eta, aurreko bietan, Donostian. “Oraingo honetan herri txikiei eta landa inguruneari keinu bat egin nahi izan diegu, funtsezkoak direlako gure orekarako, eta funtsezkoak izan direlako Gipuzkoan gure hizkuntza biziberritzeko ere, arnasgune izan diren heinean. Ilusioz beteta gaude gure ekarpena egiteko eta kilometro hori gozatzeko; horregatik, idiazabaldarrak gonbidatzen ditugu gurekin batera korri egitera”, esan du bozeramaileak.

Halaber, Aldundiak deialdia luzatu die lurraldeko herritar guztiei, Korrikarekin bat egin dezaten. “Korrika talde lanaren eta lankidetzaren eredu da, komunitate gisa gure hizkuntzarengatik sentitzen dugun harrotasunarena, eta euskaraz bizi, lan egin, gozatu eta erlazionatu nahi dugunontzako oztoporik edo diskriminazioarik gabeko etorkizun baten ilusioarena, errebindikazio hori gaur egun ere behar-beharrezkoa baita. Normalizazio prozesuan aurrera jarraitu nahi dugu, atzerapausorik eman gabe, beti gizartearen eskutik, gizartearen gehiengoak hala eskatzen digulako. Eta argi dugu Korrika bezalako ekimenek pizten duten aktibazio soziala gakoa dela hori lortzeko, berrikuntzarekin batera”, adierazi du.

Korrikaren 23. edizioak guztira 2.700 kilometro egingo ditu 11 egun eta 10 gauetan, 205 herri eta hiritatik pasata. Lehenengo egunean Gipuzkoatik eta Lapurditik igaro zen, handik Behe Nafarroara, Zuberora eta Nafarroara joan zen, eta atzo Araban sartu zen. Lurraldea punta batetik bestera zeharkatu ondoren, Hernanitik sartuko da Gipuzkoan eta, handik, herriz herri, Bizkaira joango da. Asteburua iritsitakoan, Gipuzkoara itzuliko da, eta Nafarroatik igaro ondoren, martxoaren 24an amaituko da, Baionan, festa handi batekin. Lehen edizioa 1980an egin zen Oñati eta Bilbo artean eta, geroztik, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa bihurtu da, adin eta egoera desberdinetako ehunka mila pertsona batzen dituelako.

  

1548