Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Suhiltzaileen lan poltsa deituko du Foru Aldundiak datozen egunotan

Suhiltzaileen lan poltsa deituko du Foru Aldundiak datozen egunotan

Bestalde, datorren urteko estatuko aurrekontu legeak ezarritako birjartze tasa aprobetxatuko da EPE berri bat egiteko

2018/12/12

Foru Aldundiak iragarri du datozen egunotan suhiltzaileentzako lan poltsa antolatuko duela, ahal bezain laster lurraldeko parke guztietan errefortzurako pertsonala kontratatzeko balioko duena, besteak beste. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azaldu duenez, lan poltsa hori azterketarik gabe gauzatuko da, suhiltzaile zerbitzuetan hautagaiek duten eskarmentua baloratuz, bereziki, prozesua arinduz. Etzi, osteguna, Foru Gobernuko ordezkariek ekimen berri horren xehetasunen berri emango diete langileen ordezkariei.

Gainera, Lasak baieztatu du datorren urteko estatuaren aurrekontu legeak ezarritako birjartze tasa, lehentasunezko lanpostuetan enplegu publikoko eskaintzak egitea ahalbidetzen duena, aprobetxatuko duela suhiltzaileeen EPE bat onartzeko. Gogoratu behar da 2017an jada beste EPE bat deitu zuela Aldundiak, 25 plaza kubrituz eta zerbittzuaren egonkortasuna areagotuz. Ildo berean, azterketak egin aurretik, kabo eta sarjentuen 13 eta 5 plaza bete ziren zerbitzuan, barne sustapenaren bitartez.

Bestalde, legealdi honetan zehar zerbitzuaren ibilgailu flotaren berrikuntza burutu da, milioi bat eurotik gorako inbertsioarekin, eta Larrialdien Koordinaziorako Zentral Bateratua jarri da martxan, Garberako udal suhltzaileen parkean, Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez. Bitarteko teknologiko berrienekin hornitu da Zentrala, eta 579.107,26 euroo inbertsioa egin du foru erakundeak.

Epe ertain luzean, nabarmendu du Aldundiak Gipuzkoa Babestu 20_30 egitasmoa landu duela, datozen hamabost urteetan zerbitzuaren etorkizuna diseinatzeko, lurraldeko larrialdien arreta hobetuz eta modernizatuz, erantzute denboretan zein giza baliabideen konpuruan. Batzar Nagusien gehiengoaren babesa du Planak eta, besteak beste, aurreikusten du plantilla handitzea 74 kide berrirekin. Horri esker, txanda bakoitzean parke guztiek suhiltzaile gehiago eduki ahal izango dituzte.

Lasak gogorarazi duenez, urtebeteko lanaren eta datu azterketaren emaitza da Plana. Suhiltzaileekin elkarlanean osatu da. Eta Udalen eta alderdi politiko guztien ekarpenak jaso dira. “Dagoeneko ari gara Plana Aurrera eramateko aurreneko pausoak ematen, baina datorren Foru Gobernuaren esku geldituko da hori gauzatzeko lehen pisuzko erabakiak hartzea. Oinarrizko adostasuna dago alderdion inguruan, denok onartzen dugu beharrezkoa dela zerbitzua eraldatzea eta indartzea, eta orain borondate politikoa da gakoa. Guk, egitasmo honen sustatzaileak izan garen heinean, erabateko konpromisoa dugu Plana ezartzeko, eta hala jakinarazi diegu suhiltzaileei”, ziurtatu du.        

Diputatuaren arabera, legealdian zehar hartutako neurri horiek guztiek erakusten dute Suhiltzaileen Zerbitzua “estrategikoa” dela Foru Gobernuarentzat, eta “hala izango dela aurrerantzean ere”. “Egia da behar bezain lan poltsa luzea ez edukitzeak zailtasunak ekarri dituela hutsuneak eta bajak betetzerakoan, baina zalantzarik ez dugu iragarritako neurriekin egoera hori zuzenduko dugula, eta Zerbitzuaren etorkizuna suhiltzaileekin adosten jarraituko dugula, orain arte egin dugun bezala”, amaitu du.
  

1347