Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Telelana ezartzeko laguntzak 376 ETE eta autonomotara iritsi dira

Telelana ezartzeko laguntzak 376 ETE eta autonomotara iritsi dira

Aldundiak 850.000 euro bideratu ditu programa berri horretara, hasieran aurreikusitako zenbatekoa 400.000 eurorekin indartuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bonu teknologikoen programaren deialdiko laguntzak eman ditu. Programa horren helburua da Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainei eta profesional autonomoei laguntzea COVID-19aren ondorioz telelana ezartzeko egindako gastuetan.  377 enpresek jaso dute programa honetako laguntzaren bat, 850.000 euro guztira. Enpresa horien % 57 (214 guztira), bost langilez edo gutxiagoz osatuta daude; % 16 (60 guztira) 5etik 10era bitarteko langilez; % 19 (71enpresa), 11tik 25era arteko langilez osatuta daude; eta % 8 (31 enpresa) 25etik 50era arteko langilez. Enpresa motari dagokionez, 249 sozietate mugatuak ziren, 72autonomoak, 31 sozietate anonimoak, 13 ondasun-erkidegoak eta 11 kooperatibak. Dirulaguntzaren batez besteko zenbatekoa 2.255 eurokoa izan da.

          Eskualdeei erreparatuta, enpresa onuradunetako 161 Donostialdean kokatzen dira; 44 Bidasoan; 40 Beterrin; 24 Deba Behean; 20 Tolosaldean; 19 Urola Erdian; 16 Deba Garaian; 11 Urola Kostan; 9 Urola Garaian, eta 9 Goierrin. Begibistako korrelazioa dago eskualde bakoitzean zerbitzu enpresek dituen pisuaren, eta programaren emaitzetan izandako presentziaren artean.

Deialdia 50 langile baino gutxiago dituzten lurraldeko profesional autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei zuzendu zaie.  Programa berri honen bidez, Foru Aldundiak ordaindu ditu telelana ahalbidetzeko helburuarekin enpresek eta profesional autonomoek egindako gastuak, hala nola PCak eta eramangarriak, web-kamerak, mikrofonoak eta bideokonferentzia-sistemak, software ofimatikoa, segurtasun informatikoko elementuak eta kasu bakoitzerako espezifikoak izan daitezkeen beste batzuk, prestakuntza edo aholkularitza gastuak barne. Diruz lagundu da egindako edo egin beharreko gastuaren % 100, BEZa kanpo; gehienez ere 4.000 euro enpresa bakoitzeko.  

Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak programaren balantze positiboa egin du, eta onuradunen profila azpimarratu du: "% 73, 10 langile baino gutxiagoko enpresak izan dira, eta autonomoak. Horixe zen helburua, baliabide gutxien dituztenak eta, beraz, ahulenak direnak babestea.  Birusaren aurrerapena geldiarazteko hartutako neurrien ondorioz, enpresa gehienek telelaneko neurriak inprobisatu behar izan dituzte. Enpresa handiek lan eredu hori ezartzeko gaitasuna dute, baina beharrezkoa zen prozesua indartzea, eta bereziki ETEei laguntzea, gure sare ekonomikoaren % 99 baitira, telelana egiteko behar diren ekipoak eta elementuak eskuratzen, jarduerari eutsi ahal izateko", azaldu du.

Programa berri honen hasierako zuzkidura 450.000 eurokoa zen, baina epea ireki eta ordu gutxira agortu zenez, Foru Aldundiak beste 400.000 euro bideratzea erabaki zuen, eskaera gehiagori erantzun ahal izateko.  "Une batean eskaerek Aldundiaren aurreikuspenak eta gaitasuna gainditu zituzten. Horrek erakusten du asmatu egin dugula programa hau abian jarrita, eta ehun ekonomikoaren premia nabarmen bati erantzuten diola.  Badakigu une honetako beharrak mugagabeak direla eta, epea berriro irekiz gero, motz geratuko ginatekeela, baina premiazko neurri baten aurrean gaude, eta uste dut Aldundiak ahalegin handia egin duela, kontuan hartuta, batetik, dituen baliabideak eta, bestetik, krisi egoera honetan dauden beste behar eta esparru batzuei erantzuteko beharra", adierazi du. 

          Ildo horretan, gogorarazi du berriki onartutako Ekonomia Berreskuratzeko Planak hainbat neurri jasotzen dituela, epe laburrera zein ertainera eta luzera begira, eta horietako asko ETEek eta autonomoek jaso ahal izango dituztela. Halaber, https://www.gipuzkoa.eus/es/web/covid19ekonomia online plataformak biltzen du Foru Aldundiak eta Gipuzkoako ekosistemako beste erakunde eta eragile batzuek enpleguari eusteko eta likidezia lortzeko eskaintzen dituzten baliabideei eta laguntzei buruzko informazioa.

  

1687