Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tokiko administrazioan jazarpen sexistaren aurrean jarduteko protokoloa

Tokiko administrazioan jazarpen sexistaren aurrean jarduteko protokoloa

Berdintasunerako Organoak bultzatutako dokumentuak prebentzioan jartzen du azpimarra.

2020/06/11

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoak eskuliburu orientagarri bat argitaratu du aste honetan, udalek eta tokiko erakunde publikoek administrazioaren barruan jazarpen sexistaren aurrean jarduteko protokoloak garatu ditzaten. Gidaren sustatzailea den Berdintasun Organoak jakitera eman duenez, dokumentu horren helburua da toki administrazio osoari laguntzea "prebentzio jarduerak" eta "prozedura argi eta zehatzak" aurreikusten, bai eta "barne egiturak ere, jazarpen sexistari edo indarkeria sexistari behar bezala erantzuteko".

Ohikoa da lan eremuan indarkeria sexistaz ari garenean jazarpen sexistaz aritzea eta, horren baitan, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena ezberdintzea. Lan arloko indarkeria matxistaren adierazpen horiek langileen duintasunaren aurkako erasoa eta sexuagatiko diskriminazioa dira. Horregatik guztiagatik, administrazio publikoek arlo horretan duten erantzukizun eta erreferentzialtasun berezia dela eta, Tokiko administrazio publikoan jazarpen sexistaren prebentziorako eta horren aurrean jarduteko protokoloak egiteko gida plazaratu du Aldundiak.

FRAk (oinarrizko eskubideen Europar Batasuneko agentzia) 2014an argitaratutako inkesta baten arabera, 15 urtetik aurrera gutxienez behin sexu jazarpena jasan duten 28 estatu kideetako emakumeei dagokienez, % 32k lankide bat, nagusi bat edo bezero bat aipatzen dute egiletzat. Era berean, lanbide gaitasuna duten edo zuzendaritza postuetan dauden emakumeen % 75 inguruk sexu jazarpena jasan dute bizitzan zehar.

Berdintasunerako foru zuzendari Miren Elgarrestak adierazi duenez, "jazarpen sexistaren adierazpen guztiak jokabide gaitzesgarriak" dira, eta hainbat eskubide urratzen dituzte, hala nola emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidea, duintasunari zor zaion begirunea izateko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, lanerako eta segurtasun eta osasun politika egokirako eskubidea, eta ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea.  Iritzi horretakoa da Lanaren Nazioarteko Erakundea ere, Elgarrestak dioen bezala, laneko sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena "langileen oinarrizko eskubideen urraketa, laneko osasun eta segurtasun arazoa eta lan egoera onartezina" direla uste baitu.

Gidaliburu hau jarduera ildo horren barruan sartzen da, eta, ondorioz, bai Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunerako dituen politiketan, bai berdintasunerako tokiko politiken eta lurraldean indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politiken esparruan. Hau da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak eta Gipuzkoan emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Aurre! Foru Planak osatzen duten foru politiken esparruan, eta Gipuzkoako udalen berdintasunerako planen esparruan.

Berdintasunerako foru zuzendariak, erakundeek arlo horretan duten zereginari erreferentzia eginez, adierazi du administrazio publikoek "eredu izan behar dutela eta traktore gisa jardun" indarkeria matxistaren aurkako politiketan.  Horregatik guztiagatik, Aldundiaren helburua da administrazioko lan esparruan jazarpen sexistari aurre egiteko prebentzioa eta jarduera landu nahi duten lurraldeko udalei eta toki erakundeei "jarraibideak ematea".

 

Bigarren belaunaldiko protokoloak

"Bigarren belaunaldiko protokoloak aktibatzea da helburua", azaldu du Elgarrestak, hau da, jazarpen sexistaren aurrean jarduteko eskuliburu "espezifikoak", indarkeria mota hori lan arriskuen prebentziorako planen esparruan soilik kontuan hartzetik harago doazenak, hori baita orain arte egin dena. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundia protokolo espezifiko bat lantzen ari da, lehendik dauden prebentzio sistemetan beste pauso bat emateko eta lan eremuetan jazarpen sexista prebenitzera soilik bideratutako protokolo bat sortzeko.

"Kontuan harturik emakumeak lan eremuan geroago sartu direla gizonak baino, gizonek definitutakoak dira erakunde kulturetan integratutako arau, behar eta interesak, zeintzuek erreferentzia egiten baitiete efikaziari, efizientziari eta arrakasta lortzeari.  Aitzitik, prozedura horiek emakumeen berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko lan kultura sustatzeko beharrari egin behar diote erreferentzia, sexu jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko jokabideak onartezintzat jotzeko eta sexismorik gabeko lan-harremanak ezartzeko", adierazi du.

Gidan jasotako jarraibideak Gipuzkoako udalen errealitatera eta beharretara egokitu daitezen, batetik, lau udalerritako udalen esperientziak eta jardunbide egokiak hartu dira kontuan (Donostia, Iruñea, Pasaia eta Zizur Nagusia), eta, bestetik, lan prozesuak sortu dira lurraldeko udaletako teknikariekin.

Gidaliburuak ezartzen duenaren arabera, laneko eremuan jazarpen sexista edo indarkeria sexista prebenitzeko eta horri aurre egiteko protokolo batek barne tresna bat izan behar du, eta, bertan, mota horretako indarkeria egoerei aurre egiteko prebentzio jarduerak eta prozedura argi eta zehatzak aurreikusi behar dira, bai eta mota horretako indarkeria egoerei erantzun egokia emateko barne egiturak ere.  Prebentzio jarduerak edo neurriak, hala nola prestakuntza ekintzak, lan giroaren eta buruzagitzetako aginte estiloaren analisia, arriskuaren balorazioa lanpostuen eta lan arloen arabera, etab.

Halaber, balizko kasuei erantzuteko prozedura egituratu eta sistematizatuak jaso behar ditu, besteak beste kontsulta eta salaketa mekanismoak, salatutako egoeraren ikerketa, horri buruzko barne jarduketen proposamena, etab. Prozedura horiek argiak eta zehatzak izan behar dute, eta ez dira nahasi behar urrats, emaitza eta denbora bakoitzaren helburuetan.

  

1542