Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tokioko Nakagin dorreko bizitegi-kapsulen erreplika bat jarriko dute Kontxako badian MUGAK Bienalak irauten duen bitartean

Tokioko Nakagin dorreko bizitegi-kapsulen erreplika bat jarriko dute Kontxako badian MUGAK Bienalak irauten duen bitartean

Atari elkarteak antolatu du Nakagin 1:1 instalazioa, eta urriaren 22tik abenduaren 12ra bitartean egongo da ikusgai.

2019/10/22
  • Horrekin batera, Japoniako arkitekturari eta bizitegi txikiei buruzko hitzaldi eta lantegiak ere antolatu dira.
  • Japoniako arkitekturari buruzko erakusketa aurtengo Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalerako antolatu diren ehundik gora jarduera garrantzitsuenetako bat da.

Arkitektura herritarrengana hurbiltzeko eta diziplina horrek artearekin eta kulturarekin zer-nolako loturak dituen aztertzeko asmoz, ehundik gora jarduera antolatu ditu MUGAK-en bigarren edizio honek Donostian, Bilbon eta Gasteizen, eta Japoniako arkitektura izango da aurtengo Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaleko protagonistetako bat. Horretarako, Tokioko Nakagin dorreko bizitegi-kapsulen erreplika bat jarriko da Euskadiko toki enblematikoenetako batean, Donostiako Kontxako badian, urriaren 22tik abenduaren 12ra bitartean.

Kisho Kurokawa arkitektoak 1972an amaitua, Nakagin dorrea Tokioko Ginza auzoan eraiki zuten, eta berehala bihurtu zen mugimendu metabolistaren sinbolo, arkitektura eta hirigintza organismo bizi eta aldakorrak direla aldarrikatzen zuen aldetik. Eraikina bere egitura zentralagatik nabarmentzen da, eta haren inguruan 10 metro koadroko zenbait kapsula ditu kokatuak, bizitegi-kapsulak izan zitezen, momentuko premien arabera beste modulu batzuk jarri edo daudenak birziklatu edo ordezkatzeko prest.

Tamaina txikiko etxebizitzei buruzko eztabaida betean gauden honetan, Europa osoan ostatu-kapsulak izugarri zabaltzen ari diren honetan, eta etxebizitzak gizarte gero eta aldakorrago batera egokitu behar direla argi ikusten den honetan, Nakagin dorreko etxebizitza-bizitegien tamaina errealeko bizitegi-kapsula baten erreplika jarriko da Donostiako Klub Nautikoa dagoen horren aldamenean. 

Duela 49 urte proiektatu zuten arren, eraikinak gaur egungo galdera eta kezka askori erantzuten die. Zein dira mugikortasunaren mugak arkitekturan? Eraikinek ba al dute gizarte-aldaketetara egokitzeko adinako ahalik? Nolakoa izango da etxebizitzen geroa? Jasangarriak al dira tamaina txikiko etxebizitzak? Bienalak irauten duen bitartean,  galdera horiei eta beste askori erantzun nahi die MUGAK-ek herritarrekin eta arkitekturan diharduten profesionalekin batera.

Atari elkarteak antolatua, erakusketak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, bai eta Japoniak Espainian duen enbaxadaren eta Japonia Fundazioaren babes nominala ere. Nakagin dorreari buruzko zikloan, gainera, bisita gidatuak egingo dira bizitegi-kapsularen erreplikara (ostegunetik igandera, aurrez izena eman ondoren, hemen: info@atari.eus), eta hiru dokumental proiektatuko dira: batetik, Nakagin Capsule Tower. Japanese Metabolist Landmark on the Edge of Destruction, azaroaren 5ean; bestetik, Kochuu, azaroaren 12an, eta azkenik, Kisho Kurokawa: From Metabolism to Symbiosis, azaroaren 23an.

Hori gutxi ez, eta Yoshihiko Ito arkitektoak, Tokai Unibertsitateko Arkitektura Saileko irakasle titularra bera, hitzaldi bat emango du azaroaren 23an, eta lantegi bat, berriz, azaroaren 23an, Hitzaldian, Ito-k mugimendu metabolistari buruz hitz egingo du, batetik, eta gerraosteko Tokioko eraikin ikoniko hori babesteko dauden zailtasun ikaragarriez, bestetik. Azaroaren 23ko lantegiak, berriz, garai eta leku desberdinetako espazio minimoez gogoeta egitea du helburu. Lehenago, ordea, urriaren 28an, Antonio Scarponi arkitekto italiarrak hitzaldi bat emango du, eta urriaren 29an, berriz, lantegi bat, alderdi estatikoek arkitekturan zer-nolako mugak dituzten gaitzat hartuta.

Husos estudioko lagunak ere etorriko dira gurera, eta urriaren 30ean, hitzaldi bat emango dute ate-joka ditugun erronka larriei buruz: gaur egun, gizarte-ereduak askotarikoak dira, eta higiezinen sektorearen presioa ikaragarria da gure hirietan, eta horrek etxebizitzak zer izan beharko lukeen galdetzera behartzen gaitu. Azkenik, David Riberak gogoeta bat partekatuko du gurekin hurrengo azaroaren 8an, babestutako ondare modernoaz eta hura zaintzeko moduez, gaur egun baliteke-eta bere jabeek Nakagin dorrea eraistea.

Ehundik gora jarduera

Nakagin 1:1 erakusketarekin batera, MUGAK Bienalak ehundik gora erakusketa, hitzaldi eta jarduera antolatu ditu urriaren 10etik abenduaren 12ra bitartean, denak ere Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren laguntzaz prestatuak. Arkitektura herritarrengana hurbiltzea da Bienalaren asmo nagusia, hiri hobeak, orekatsuagoak eta justuagoak lortzeko eztabaida- eta gogoeta-gune bihurtzea. Bigarren edizio honetako jarduerak Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira, eta hogeita hamarren bat elkarteren babesari esker, ehundik gora erakusketa, hitzaldi, film-emanaldi, lantegi eta bisita gidatutan parte hartzeko aukera egongo da.  

 

  

1375