Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tolosa, berdintasunaren hiriburu

Tolosa, berdintasunaren hiriburu

Olanok «arrakastatsutzat» jo du Berdintasunaren Nazioarteko Kongresua: 520 lagun elkartu ditu Tolosan eta «etorkizuneko berdintasun politika publikoak diseinatzen jarraitzeko» balioko du

Otsailaren 14an eta 15ean Tolosan izan da «Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna» Berdintasunaren Nazioarteko Kongresua, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta antolatua. Gipuzkoako gizartearen ordezkaritza zabal bat eta «maila goreneko eta garrantzia handiko» hizlariak bildu dira bertan. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, kongresu hau «mugarri garrantzitsu bat» izan da Gipuzkoarentzat, eta gaineratu du «berdintasuna Gipuzkoako agenda politiko berriaren erdigunean dagoen gaietariko bat» dela, eta «Tolosan entzun, partekatu eta hausnartu duguna oso eduki baliotsua» dela «etorkizuneko berdintasun politika publikoak diseinatzen jarraitzeko».

          Guztira 520 lagunek hartu dute parte kongresuan, emakumeak gehienak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriak zituen helburu guztiak bete egin dira. Tolosa, Gipuzkoaren bihotzean dagoen udalerria, berdintasunaren hiriburu bihurtu da bi egunez, baina, izatez, egunerokoan «erabakitasunez» jarduten du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde, herritarren ahalduntzean eta partaidetzan sakontzen, sentsibilizazioa areagotzen eta indarkeria matxista desagerrarazteko lanean.

Feminismoa 4.0 kongresua xede argi batekin antolatu da: berdintasunaren aldeko eskari sozialak gero eta indartsuago diren testuinguru berri hau ulertzen laguntzeko helburuz. Kongresuko lan-saioetan eta paneletan ekonomia, herritarrak eta indarkeria matxista gaiak jorratu dira, eta arreta berezia jarri da ulertzen gaur egun bizi dugun uneak zer lotura duen emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko nazioarteko mugimenduarekin eta horrek zer inplikazio izango duen etorkizuneko politika publikoak diseinatzerakoan.

          Askotariko ikasbideen artean, nabarmentzekoa izan da Roca Cobo A Coruñako Unibertsitateko doktorearen hitzaldia. Adituaren arabera, berdintasun politika publikoak beharrezkoak dira emakume guztien ongizatea bermatzeko, «baldin eta politika horiek izaera eraldatzailea badute. Beharrezko tresna bat dira feminismoarentzat eta berdintasunerako bidean». Cobok sakon aztertu du berdintasun politika publikoen eta mugimendu feministaren arteko harremana, Estatuaren eta mugimendu feministaren artean historikoki egon den harremanaren inguruko hausnarketa eginez, eta asistentziazko politiken eta berdintasun politika publikoen arteko desberdintasuna nabarmenduz. Orobat, feminismoak politika publikoetan izan duen papera eta gaur egun duen egoera aletu ditu.

«Feminismoa 4.0 hausnartzeko eta partekatzeko espazio bat izan da, eztabaidatzeko eta ikuspegi desberdinak partekatzeko leku bat, guztiok ere helburu jakin batekin: emakumeen eta gizonen berdintasunean lanean eta sakontzen jarraitzea», esan du diputatu nagusiak. «Gure helburua da Gipuzkoa Europan pertsonen arteko desberdintasun txikiena duen lurraldeetako bat izatea. Berdintasunaren alde ari gara lanean, uste dugulako hori dela Gipuzkoa sendo bat eraikitzeko oinarria».

  

1730