Tolosaldeko bost etxetatik batek pobrezia energetikoa pairatzen du
Tolosaldeko bost etxetatik batek pobrezia energetikoa pairatzen du
Tolosaldea Garatzenen pobrezia energetikoari buruzko diagnostikoaren arabera, Tolosaldeko 987 etxebizitza (% 5,3) pobrezia energetiko larrian daude eta 3.160 etxebizitza (% 16,4) pobrezia energetiko erlatiboan.
Bost arrisku-talde dira kaltetuenak eta pobrezia energetikoa jasateko aukera gehien dituztenak: langabeak, etxebizitzaren jabe ez direnak, migratzaileak, emakumeak eta guraso bakarreko familiak.
José Ignacio Asensio: “Egoera energetiko konplexu bati egin behar diogu aurre, eta une egokia da herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eredu energetiko berriak azkartzeko, pertsona ahulenei arreta berezia eskainiz. Ildo horretatik, Tolosaldean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren finantziazioarekin eta Next Generation funtsen laguntzarekin sustatzen ari diren 18 energia-komunitate daude martxan. 0 kilometroko energia eredu horren bidez, familiek eta saltokiek 500 euro aurreztuko dituzte urtean”.
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko presidenteak parte hartu dute Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko garapen agentziak, egindako Tolosaldeko pobrezia energetikoaren diagnostikoaren aurkezpenean. Hau da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren energia planaren ekintzetako bat eskualdeko energia planak bultzatzeko. Pobrezia energetikoari aurre egiteko eta energia berriztagarrietan oinarritutako eredu jasangarria sustatzeko, Departamentuak 50.000 euro bideratuko ditu lurraldeko eskualde bakoitzerako.
Datuen arabera, Tolosaldean 3.160 etxebizitzak (eskualdeko etxeen %16,4k) pobrezia erlatiboa jasaten dute, eta 987 etxebizitzak (%5,3k) pobrezia larria. Hau da, 4.000 etxebizitza baino gehiagotan, eskualdeko bost etxebizitzatik batean, pobrezia energetikoa hauteman da, modu batera edo bestera.
Arrisku-faktoreak kontuan hartuta, zaurgarritasun handiko pertsonen profila definitzen da. Pertsona bakarreko eta diru-sarrera gutxiko familiak dira ahulenak, bereziki 45 urtetik gorakoak eta langabezia egoeran daudenak.
Egoera honen aurrean, foru-diputatuak azpimarratu du premiazkoa dela energia-trantsizioaren palanka guztiak aktibatzea, gizarteko geruza behartsuenen beharrei aurre egiteko eta Gipuzkoako bost etxetatik bati eragiten dion energia-pobreziari aurre egiteko: “Egoera energetiko konplexu bati egin behar diogu aurre, eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eredu energetiko berriak azkartzeko irtenbideak emateko unea da. Ildo horretatik, Tolosaldean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren finantziazioarekin eta Next Generation funtsen laguntzarekin sustatzen ari diren 18 energia-komunitate daude martxan. 0 kilometroko energia eredu horren bidez, familiek eta saltokiek 500 euro aurreztuko dituzte urtean”.
Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko presidentearen hitzetan, pobrezia energetikoa “gugandik gertu” existitzen da: “Akaso erraz ikus ez badaiteke ere, gugandik gertu dago: neguan berogailua jarri ezina, gehiegizko fakturak, behar baino kontsumo txikiagoa, ordainketetan atzerapena… Egoera horri aurre egiteko urrats batzuk finkatu ditugu, zaurgarritasun egoera horretan dauden familiak artatzeko”. Gizartea formatu eta ahalduntzeko ere urratsak ematen jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela gehitu du Urruzolak, "baita burujabetza energetiko handiago bat lortzeko” ere.
Tolosaldea Garatzeneko ekintzak
Tolosaldean pobrezia energetikoa pairatzen dutenei gizarte zerbitzuek emandako erantzunen analisia ere bildu du diagnosiak. Zerbitzuaren mugak eta praktika onak ezagutzeko aukera eman du horrek, hobetzeko jarduera protokolo bat sortzeko.
Pobrezia Energetikoaren aurkako Formazio Programa abiatu da maiatzean, Goienerren laguntzarekin. Gizarte langileak ahaldunduz, erabiltzaileei eta herritarrei laguntza eta informazioa era integralago batean eman ahal izatea ahalbidetu nahi da horrela. Gizarte zerbitzuetako langileek ez ezik, Ertzaintzak, Osakidetzak, Udaltzaingoak, Gurutze Gorriak eta zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboekin lan egiten duten eskualdeko elkarte eta eragile sozialek ere parte hartu dute saioetan, guztiek rol garrantzitsua izan baitezakete-eta, pobrezia energetikoaren prebentzioan eta irtenbidean.
Aurrera begirako bestelako proposamenen bide-orri bat ere biltzen du diagnosiak. Besteak beste, kasuak identifikatzeko eta bideratzeko jarraibide argi eta zehatzak biltzen dituen protokolo baten beharra erakutsi du azterlanak. Energia bulegoaren rola, zentzu horretan, giltzarri izan daiteke, zuzeneko aholkularitza emanez, prebentzioan lan eginez, eta komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpainak eginez.
Protokoloaz gain, gainera, kasuak koordinatzeko sare edo mahai bat sortzea proposatzen da, kasuak identifikatzen edota kudeatzen laguntzeko prest dauden kanpoko eragile guztien artean. Azkenik energiaren eta energia-pobreziaren sektorean okupazio-planak sustatu nahi dira, profesionalak gaitzeko eta arlo horietan aditu bihurtzeko, eta kalteberak diren kolektiboekin arreta lanak gauzatzeko. Horretarako lanbide-prestakuntza espezifikoa ematea beharrezkoa izango da.
Arrisku faktoreak
Faktore askok eragiten dute pobrezia energetikoan: egoera pertsonalak (familia egitura, lan baldintzak, diru-sarrerak…), merkatuak (prezioa), inguruneak (klimak) edo etxebizitzaren isolamendu eta ekipamenduen baldintzak, besteak beste.
Hori kontuan hartuta, zaurgarritasun handia dutenen profila zehaztu da: pertsona bakarreko eta diru-sarrera maila baxukoak dira zaurgarrienak, batik bat, 45 urtetik gora izan eta lanik gabe daudenak.
Bost dira arrisku faktoreak. Lehenengoa langabezian dauden pertsonei dagokie, pobrezia energetikoa izateko 12,3 aldiz aukera gehiago baitituzte. Tolosaldeko langabeziari buruzko datuak kontuan hartuta, egoera horretan dauden eskualdeko pertsonak 3.184 izango lirateke.
Pobrezia energetikoaren arriskua areagotu dezakeen beste faktore bat da etxebizitzaren jabe ez izatea. Zehazki, arriskua boskoiztu egiten da. Bestalde, migratzaileek horrelako pobrezia izateko aukera bost aldiz handiagoa da. Gogoratu behar da Tolosaldeko biztanle migratzaileak gaur egun % 10,57 direla, 2.081 pertsona.
Guraso bakarreko familien kasuan, lau aldiz probabilitate handiagoa dute energia-pobrezia izateko. INEen arabera, mota horretako 1.400 familia daude Tolosaldean. Azkenik, emakumea izatea bosgarren arrisku faktorea da, horrelako pobrezia jasateko probabilitatea 2,6 aldiz handiagoa baita.
3441