Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Trantsizio digital eta ekologikoen “potentzial eraldatzaile osoa” guztion artean aprobetxatzeko deia egin du Markel Olanok

Trantsizio digital eta ekologikoen “potentzial eraldatzaile osoa” guztion artean aprobetxatzeko deia egin du Markel Olanok

Re-think Industry’ II. jardunaldian, enpresen eta eragile ekonomikoen 450 ordezkari inguru elkartu dira Kursaalean

Erakunde desberdinetako ordezkariak

Erakunde desberdinetako ordezkariak


Kursaal biltzar jauregian Foru Aldundiak antolatutako ‘Re-Think Industry’ jardunaldiaren bigarren edizioa egin da gaur, Etorkizuna Eraikiz lankidetza gobernantzaren dinamikaren barruan, Gipuzkoako ETEek eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatzeko, eta enpresa horiei lehiakortasuna indartzen laguntzeko.  Jardunaldiak arrakasta handia izan du parte hartzeari dagokionez; izan ere, lurraldeko enpresen, eragile ekonomikoen, sektoreko elkarteen eta I+G zentroen 450 ordezkari inguru elkartu dira Kursaalen esperientziak trukatzeko eta trantsizio digitalari eta ekologikoari lotutako erronkei arrakastaz aurre egin dieten Gipuzkoako enpresen kasuak ezagutzeko.

            Ekitaldiaren inaugurazio instituzionalean Markel Olano diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hartu dute parte. Olanok “zuhurtasun mezu bat” helarazi du, baina baita “konfiantza eta positibotasun mezu bat ere”, bizi ditugun “garai konplexuen aurrean. Jarrera horrek eramango gaitu hazteko aukerak ikustera, jada eraikitakoa galtzeko mehatxuak beharrean. Ilusioz betetako erronka bat dugu: guztion artean etorkizuneko ekonomia eraikitzen jarraitzea, industria sendo, digital, aurreratu eta jasangarri batean oinarrituta, eta pertsonekin eta planetarekin konprometituta. Horregatik da hain garrantzitsua Gipuzkoan eta Euskadin metatzen ari garen aurrerapenak eta ezagutza partekatzea, gure lehiakortasuna hein handi batean zehaztuko duten bi prozesutan, hala nola trantsizio digitalean eta ekologikoan”.

            Olanok eskatu du “paradigma aldaketa horren ahalmen eraldatzaile osoa aprobetxa dadila negozio ereduak bere osotasunean birpentsatzeko, produktu, zerbitzu eta antolatzeko modu berriak sortuz”. Horretarako, “funtsezko hiru alderdi” jarri ditu mahai gainean: “Ukiezinetan eta talentuan inbertitzea, hobetzeko tartea baitugu. Eraldaketa horiek inklusiboak izan daitezen lortzea, enpresa txikiak atzean gera ez daitezen eta beren balio kateetan lehiakorrak izaten jarrai dezaten; eta, azkenik, erakundeen laguntza eta hurbiltasunaz gain, inoiz baino gehiago eta hobeto lankidetzan aritzea, baita enpresen artean ere, eta eragile guztiak inplikatzea: sektoreko elkarteak, ekosistema, I+G zentroak, klusterrak eta garapen agentziak, besteak beste”.

            Ildo horretan, azken bi urteetan, "Gipuzkoa Digitala" programaren bidez, Aldundiak 239 enpresa digitalizatzeko lankidetza proiektuei lagundu die, 5,3 milioi inguruko zuzkidura jarrita, bai maila aurreratuko enpresentzat, bai oraindik bidea urratzen hasi direnentzat, azken horiek garapen agentzien laguntzarekin. Ekonomia zirkularraren esparruan, halaber, “ahalegin handia” egin da: iaz 60 proiektu baino gehiagok jaso zituzten dirulaguntzak, 3 milioi guztira. Era berean, Naturklima erreferentzia zentroaren bidez sektore horren jarduera ekonomikoa sustatzen da.

Bestalde, Eneko Goia alkateak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari lurraldeko enpresen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten ekimenak bultzatzen jarraitzeagatik. "Ekonomia eta enpresa ehunak laguntzen digu aberastasuna sortzen, gero erakundeetatik modu ekitatiboan banatu behar dugun aberastasun hori, gizarte kohesionatua izaten jarraitzeko. Horretarako, ezinbestekoa da aurrera egiten jarraitzea, erakunde publikoen eta enpresa ehunaren eskutik eta sarean lan eginez. Helburua da Gipuzkoa eta Donostia erreferente izatea hainbat esparrutan", adierazi du.

Azkenik, Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu du “erakundeen arteko kolaborazioa eta lankidetza publiko-pribatua benetakoa” dugula. “Lerrokatuta ditugu erronkei erantzuteko tresnak. Eta aurreko urteetako zailtasunetan, pandemiak eragindakoak eta Ukrainiako inbasioaren ondorioz iritsitakoak, zailtasunak-zailtasun, dinamismoa erakutsi dugu, bai erakunde publikoetatik eta batez ere eta bereziki zuengandik, enpresen partetik. Ondo definitutako lan hau, industrian, berrikuntzan eta nazioartekotzean oinarrituta, oinarri sendo batekin iristea ahalbidetu digu, eta hori eraginkortasun handiz kudeatu behar dugu lurraldearen lehiakortasunari eusteko”.

Lau lan mahai

Re-think industry 'delakoaren helburua izan da eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren irismena eta negozioetan nola eragiten duen ulertzen laguntzea; identifikatzea gure ekosisteman zein eragile giltzarrik ematen duten laguntza prozesu horiek gauzatzeko; lurraldeko enpresa aurreratuen esperientzia ezagutaraztea; eta gune bat eskaintzea beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak partekatu ahal izateko, horrela, sareko lana sustatzeko eta lankidetza bide berriak irekitzeko. ETEak sentsibilizatu eta trebatzeko oinarri bikoitza dugula, negozioaren eraldaketa digital eta jasangarrian aurrerapausoak ematen hasi diren enpresak zein oraindik bidea urratzen hasi ez direnak kontuan hartuta, jardunaldiaren muina lau saio paralelok osatu dute, horietako bakoitza eragile batek gidatuta. Saio horietan zenbait arrakasta kasu aurkeztu dira, eta ondoren mahai inguru bat egin da.

Lehenak, "Nire prozesuak eragingarriago bihurtzen" izenekoak, AFM Cluster taldea izan du buru, eta Ekide, Gurelan eta Talleres Tellería enpresek parte hartu dute. Bigarrena, "Produktu berri adimendun eta berdeagoekin lehiatuz", Innobasquek gidatu du eta Iruko Berri, Apel eta Domusa Teknik enpresek osatu dute taldea.  Hirugarrenak, "Gure bezeroengana gerturatzen" izenekoak, Gipuzkoako Bazkundea izan du gidari eta Alfa Hogar, Reiner eta Bernardo Ecenarro SA enpresak izan dira bertan. Laugarren saioan, "Arintasuna lortzeko erakundean aldaketa zuzenduz", antolakuntzaren eraldaketa izan da ardatza, eta, Adegiren gidaritzarekin, Casa Eceiza, Spanset eta Game SA enpresen esperientziak ezagutzera eman dira.

Jardunaldian bi inspirazio hitzaldi izan dira, bata, saioa hasteko eta bestea, bukatzeko.  Aurrena, Javier Martínez Aldanondo ahokulariak eman du: «Erakunde adimentsuen mundurantz». EHUn Zuzenbidean graduatua da eta Internet Managementeko masterra egin zuen Kataluniako Institutu Teknologikoan. Txilen bizi den gipuzkoar hau Knowledge Works-eko bazkidea eta Knoco-ko zuzendaria da (Ingalaterran egoitza duen aholkularitzako nazioarteko sarea).

“Ez dago adimena baino gauza garrantzitsuagorik, gure burmuinak mekanismo hori garatzen baitu bizirik irauten dugula ziurtatzeko –azaldu du–. Enpresa bat ez bada behar bezain adimenduna, desagertu egingo da. Adimena da gizakion ezaugarri nagusia, eta erabaki onak hartzeko gaitasunak definitzen du. Pertsona edo erakunde batek erabaki onak har ditzan, ezinbesteko bi elementu behar ditu: ezagutza eta ikaskuntza. Munduko herrialde garatuenek ezagutza sortzen dute, eta ez lehengaiak. Aprobetxatzen badakigu, albiste ona  da, Gipuzkoak ezin duelako lehiatu tamainaren, indarraren edo baliabide naturalen arabera. Gure herritar eta erakunde guztien adimen maila areagotzeari lehentasuna ematen badiogu eta eraldaketa digitalaren palanka baliatzen badugu, aukera asko ditugu gure helburua lortzeko, alegia, jasangarritasuna hobetzeko”.

Amaierako hitzaldia, «Fabrikazio sektorearen eraldaketa digitala: berrikuntza eta talentua, inpaktu handiko faktore gisa» Nerea Aranguren Danobat Group taldeko Berrikuntza zuzendari eta Ideko enpresako zuzendari kudeatzaileak eman du.  “Industriaren eraldaketa digitala prozesu itzulezina da, eta dagoeneko abian dago. Faktore askok sustatu dezakete eraldaketa, baina agian bi nabarmentzen dira besteen artean: berrikuntza teknologikoak eta inplikatutako pertsonak”, adierazi du. Ponentzian zehar, industria enpresa txiki eta ertainei eraldaketa horretara arrakastaz hurbiltzen lagun diezaieketen bi faktore horiei buruzko gako batzuk berrikusi ditu.

  

2678