Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Foto Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Europak klima aldaketari aurre egiteko martxan duen dinamika nagusia da Climate-KIC, eta Kirsten Dunlop zuzendaria Gipuzkoan da egunotan

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria abiatu du Gipuzkoak, Climate-KIC-ekin

Trantsizio ekologikoko proiektu aitzindaria jarri du martxan Gipuzkoak, lurraldea eredu ekonomiko, sozial eta ingurumeneko jasangarriago baterantz mugiarazteko. ‘Gipuzkoako Deep Demonstration’ izeneko esperimentazio aurreratuko prozesuaren eskutik egingo da trantsizio hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak bultzatzen du ekimena, eta Eusko Jaurlaritzaren eta nazioartean erreferente diren bi eragileren laguntza jasoko du: Climate-KIC, Europar Batasunak klima aldaketari aurre egiteko martxan duen ekimen nagusia, eta Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (ELGA). “Eragile hauen laguntzarekin martxan jarri dugun prozesuaren helburua da Gipuzkoa esperimentaziorako lurralde aurreratu bihurtzea, hemendik abiatuta trantsizio ekologikoa gauzatzeko”, esan du Markel Olano diputatu nagusiak.

          Ekimena gaur arratsaldean aurkeztu da, Miramar jauregian egin den bilera batean. Bertan izan dira, diputatu nagusiarekin batera, Kirsten Dunlop, Climate-KICeko zuzendaria; Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Jose Ignacio Asensio, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatua; Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Ondare Natural eta Klima Aldaketako zuzendaria; Alex Boto, IHOBEko zuzendaria; eta Leire Cancio, Agirre Lehendakari Centerreko ordezkaria. Topaketa Climate KICeko ordezkariak aste honetan Gipuzkoan egiten ari diren bisitaren testuinguruan kokatzen da. Honela, aste guztian zehar hainbat lan jardunaldia egiten ari dira, eta bihar eragile industrialekin topaketa egingo da, MUBIL mugikortasun berrirako zentroa bisitatuz.

          Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuan, abiapuntua Gipuzkoa Eredua izango da, lehiakortasun ekonomikoa eta kohesio soziala oinarri dituena. Hemendik abiatuta, eta zutabe hauek mantenduz, karbono isurketa maila baxuak dituen ekonomia baterantz trantsizioa burutu nahi du lurraldeak. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren agendan hizki larriz idatzi den helburua da honakoa: “Europa mailan, desberdinkeria gutxien dituen lurraldeen artean kokatzearekin batera, foru erakundearen agendaren erdigunean egongo da datorren hamarkadan zehar, eta guztiz dator bat Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskadi digitalago, berdeago eta inklusiboagoaren eraikuntzarekin”.

          Prozesu honetan, lurralde mailan zein nazioartean diren eragile erreferenteek hartuko dute parte. Batetik, Etorkizuna Eraikiz ekosistema osatzen dutenak: think tanka, proiektu esperimentalak eta erreferentzia zentroak (ZIUR, MUBIL, Naturklima, Adinberri…). Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren ekosistema, erakundea bera eta IHOBE (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) edo BRTA (Basque Research & Technology Alliacen) bezalako eragileekin. Prozesuari nazioarteko dimentsioa emateko, Climate-KIC eta ELGAren sektore publikoaren berrikuntza behatokiaren ekarpenak eta laguntza jasoko dira eta, azkenik, bestelako koordinazio eragileek ere hartuko dute parte (Agirre Lehendakaria Center, Arantzazulab, Debagoiena 2030…).

 

Gipuzkoa, esperimentazio gunea

“Gipuzkoa prest dago, mundu mailan ondo posizionatuta dago, jasangarritasunaren alorrean esperimentazio gune bihurtzeko. Nazioarte erreferente bihurtzeko anbizioa dugu alor honetan”, esan du diputatu nagusiak. Bide horretan, Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuan garrantzizkoak diren nazioarte eragileak gehitu izanean jarri du azpimarra, eta esan du Etorkizuna Eraikiz dela esperimentazio aurreratu horren adibiderik argiena. Ekimen horren bitartez, Gipuzkoa hasia da etorkizunera begira dituen erronkei erantzuten, elkarlana eta esperimentazioa oinarri hartuta. “Eta, gaur gaurkoz, gure eredu ekonomikoa jasangarriago eta sostengarriago bihurtzea –aldi berean lurraldearen lehiakortasunari eta gizarte kohesioari eutsiz–, etorkizuneko agenda horren erdigunean kokatu behar dugu”, gaineratu du.

          Horrela, Gipuzkoa Deep Demonstration prozesuaren eskutik, Etorkizuna Eraikizek jauzi kualitatiboa emango du, ikuspegi sistemikoa barneratuz eta batez ere trantsizio ekologikoari eta jasangarritasunari lotutako agenda bereganatuz. “Helburu honi lotutako esperientziak jaso nahi ditugu eta nazioarteko eragileen laguntzarekin, proiektu esperimentalak definitu eta abian jarri”, esan du Olanok. “Gure helburua da esperimentazio aurreratuko espazio bihurtzea, eredu jasangarriagoetara mugitu nahi duten baina eskala handiagoan jokatzen duten eskualde eta lurraldeei frogak egiteko irekia. Gipuzkoak anbizioz jokatu nahi du, eta Europa mailan abangoardia izan nahi du trantsizio ekologikoan”, nabarmendu du.

Ekimen hauek guztiak zeharo lerrokatzen dira gainera, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Basque Green Deal edo Itun Berdearekin. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak adierazi duenez, “inor atzean utziko ez duen etorkizun iraunkorragoa lortzeko helburua du Euskadiko Itun Berdeak. Emisioak murriztea eta energia berriztagarria sortzea barneratzen ditu baina gainera, eredu ekonomikoa ere bada, industria eta teknologia direlarik palanka nagusiak. Ondorioz, zientzia, teknologia, ekonomia zirkularra, industria, trantsizio energetikoa edo elikaduraren katea bera helburu berarekin bat datoz”. Sailburuak adierazi duenez epe ertain eta luzera Jaurlaritzak landuko duen estrategia honetan “lehen pausuak eman ditugu dagoeneko” baina oraindik egiteke dagoen bidean gizarte osoaren inplikazioaren beharra ere azpimarratu du.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuak, bere aldetik, esan du “Gipuzkoak COVID osteko garai honetan trantsizio ekologikorako baldintzak indartu dituela, klima krisi honen aurrean energia iturri garbiagoen aldeko apustu sakona eginez; esate baterako "Gipuzkoa 2050" Energiaren Iraunkortasun Estrategian lantzen ditugunak, edo eta energia Komunitateekin eta kooperatiba guztiekin, trantsiziozko energi zentroa sortuaz, energia eraginkortasun eta digitalizazioa, edo  jendearen kontzientzia indartzen Argitu bezalako programekin”. Gainera, nabarmendu duenez, “bide ibilbide orri bat ere sortu dugu Gipuzkoan hain ekoizpen sektore garrantzitsuen deskarbonizazioa sustatzeko edo Zubietako Hidrogeno Berdea sortzeko planta batekin, edo eta deskarbonizatutako garraio publikoaren aldeko apustua eginez”.