Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Tresna elektriko eta elektronikoetatik eratorritako elementuak berreskuratzeko hitzarmena

Tresna elektriko eta elektronikoetatik eratorritako elementuak berreskuratzeko hitzarmena

Ingurumen Departamentuak eta CEIT zentro teknologikoak lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute, industria teknologikorako balio handia duten lur arraroetatik eratorritako elementuak berreskuratzeko.

2022/03/29

José Ignacio Asensio: «Teknologia berdeetan inbertitzea oso garrantzitsua da Gipuzkoan ekonomia zirkularra garatzeko, eta oinarrizkoa da enpresen lehiakortasun ekonomikoa irizpide berde eta jasangarrietan oinarrituta sustatzea ahalbidetuko duen eredu aldaketa gauzatzeko».

Antonio González: «Aurten, 2021ean hasi genituen esperimentuen diseinua sendotuko dugu, neodimioaren errekuperazio-prozesuak gauzatu ahal izateko. Aldi berean, elementu horren prezipitazio, adsortzio eta estrakzio saiakuntzetan lan egingo dugu».

Gipuzkoako Ingurumen diputatu José Ignacio Asensiok eta Ceit teknologia zentroko gerente Antonio González Prada CEITeko zuzendariak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, 20.000 eurokoa, lur arraroetatik eratorritako elementuak, industria teknologikorako balio handikoak, berreskuratzeko. Tresna elektriko eta elektronikoen (mugikorrak, ibilgailuak edo gailu medikoak) hondakinetan dauden elementu horiek funtsezkoak dira komunikazioetarako, elektronikarako, automobilgintzarako edo medikuntzarako.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «unibertsitateek eta teknologia-zentroek GK Recycling klusterrean parte hartzea ezinbestekoa da baliabideen erabilera eraginkorragoan aurrera egiten jarraitzeko, natura-inguruneko lehengaien erauzketa murrizteko eta materialen bizitza luzatzea sustatzeko». Era berean, adierazi du «teknologia berdeetan inbertitzeak garrantzi handia duela Gipuzkoan ekonomia zirkularra garatzeko, eta eredua aldatzeko oinarria dela, enpresen lehiakortasun ekonomikoa irizpide berde eta iraunkorren arabera sustatzeko».

Hitzarmen honen bidez, bi erakundeek indartu egiten dute industria teknologikorako lur arraroetatik eratorritako elementuak berreskuratzearen aldeko apustu bateratua. Zehazki, lankidetza hitzarmen honen helburua da iaz Ingurumen Departamentuaren eta CEITen artean hasitako ikerketa ildoan aurrerapauso bat ematea. Ikerketa ildo haren helburua zen gailu elektronikoetan (GEEH) dauden hondakin imanetatik abiatuta neodimioaren (Nd) birziklapen aurreraturako prozesu solbometalurgiko bat garatzea. 

 

Proiektu horren barruan, CEITek disolbatzaile organikoak eta bestelako konposatu kimikoak (likido ionikoak, adibidez) erabiltzearen bideragarritasuna aztertzen du, lur arraroetatik eratorritako elementuen kalitate handiko birziklapenera iristeko, hala nola neodimioarena (Nd) eta disprosioarena (Dy). Ildo horretan, proiektuaren fase berri honetan neodimioan aberatsak diren disoluzio azidoak lortu nahi dira, bigarren mailako lehengai iturrietatik, hala nola GEEHetan dauden NdFeBen iman iraunkorrak.

CEITeko zuzendariak Antonio Gonzálezek azaldu duenez, «2021ean neodimioa berreskuratzeko prozesuak egin ahal izateko abiarazi genituen esperimentuen diseinua finkatuko dugu aurten. Aldi berean, elementu horren prezipitazio, adsortzio eta estrakzio saiakuntzetan lan egingo dugu».

Era berean, proiektuaren esparruan, ikerketa ildo berri bati ekingo zaio, erauzitako Nd kopurua maximizatzeko eta erreaktiboen kontsumoa eta disoluzioan nahi ez diren metalen kantitatea minimizatzeko, burdina kasu (Fe).

Gipuzkoak ekonomia zirkularraren alde egindako apustua

Horren guztiaren azken helburua da neodimioa eta oxido-disprosioa % 98tik gorako purutasun mailarekin berreskuratzea eta prozesu-errendimendu handia lortzea. Era berean, proiektuak Gipuzkoako hainbat enpresa inplikatu nahi ditu bere garapenean.

Gaur egun, lehengai horren munduko erreserben heren bat Txinan dago, eta Txina da lur horietatik eratorritako oxidoen esportatzaile nagusia da. Kontrol horrek ziurgabetasuna eta aldakortasuna sortzen ditu merkatuan, eta Txinarekiko mendekotasun handia Europarentzat. Ildo horretan, diputatuak adierazi du «elementu horiek birziklatzeko eta aprobetxatzeko ikerketaren alde egitea funtsezkoa dela Europako herrialdeen mendekotasuna murrizteko, ingurumenaren zaintza sustatzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko».

Horri dagokionez, nabarmentzekoa da gaur egun gailu elektriko eta elektronikoen 12 milioi tona inguru sortzen direla urtean Europan. Hondakin mota horrek gora egiten du urtez urte, eta material batzuen birziklapen tasak txikiak izaten dira. Hondakin horien osagai batzuk, hala nola iman iraunkorrak, lur arraroetatik eratorritako elementuez osatuta daude.

Ildo horretan, Europar Batasunak gailu elektronikoetan jasotako lehengai kritikoak identifikatu ditu, interes estrategiko handiko materialak berreskuratzeko politikan lehentasunezko arreta eman beharreko bost hondakin motetako bat bezala.

  

1934