Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Turismo Foru Departamentuak Gipuzkoako industria turistikoa indartu eta sustatzeko laguntzen 2023ko bigarren deialdiaren epea ireki du

Turismo Foru Departamentuak Gipuzkoako industria turistikoa indartu eta sustatzeko laguntzen 2023ko bigarren deialdiaren epea ireki du

Mugikortasuneko, Turismoko, eta Lurralde Antolaketako Departamentuak turismo-enpresak sustatzeko eta merkaturatzeko zerbitzuak eta jarduerak digitalizatzeko eta ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzetarako 2023ko bigarren deialdia egin du. Laguntzen dekretu hau Turismo Zuzendaritzak Gipuzkoako turismo-industria indartzeko, lurraldearen sustapena hobetzeko eta turismo-proiektu berriak sortzen laguntzeko duen estrategiaren barruan sartzen da. Bigarren deialdi honek 164.055,20 €-ko kontingentea aurreikusten du.

2023/10/02
Ayudas turismo 2023

Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua: "Departamentutik Gipuzkoako turismo-industriaren ekimenak babestu eta sustatu nahi ditugu. Lehendik dauden enpresen aurrerapen teknologikoekin edo trantsizio ekologikoarekin lotutako proiektu eta ekimen berriak babestu nahi dira. Kasu zehatz honetan, 164.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu gure lurraldeari aberastasun eta posizionamendu handia ematen dion sektore turistikoa indartzeko".

Dekretuak diruz lagundu daitezkeen kontzeptutzat hartzen ditu turismo-esperientzia berritzaileak, iraunkorrak eta lurraldean turista-fluxuak sortzen dituztenak sustatzeko eta merkaturatzeko kanpainen ondoriozko gastuak. Laguntzen barruan sartzen dira, halaber, tresna teknologikoak garatzeko gastuak eta turismo-industriaren jardueretan sustapena edo merkaturatzea hobetzeko gastuak.

Enpresa sortu berriei dagokienez, horiek abiaraztearekin lotutako gastuak hartuko dira kontuan, hala nola turismo-sustapenerako materiala diseinatzera, prestatzera, maketatzera eta beste hizkuntzetara itzultzera bideratutako partida ekonomikoak. Enpresa eratzeko eta abian jartzeko ohiko eskakizun ekonomikoak, hala nola bideragarritasun-azterlanak, marka-erregistroak edo irudi-diseinuak, foru-laguntza horien barruan sartzen dira. Enpresa sortu berritzat hartzen dira 2022ko uztailaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartean sortutakoak.

Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokienez, 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitartekoak sar daitezke. Enpresa sortu berrientzat, 2022ko uztailaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitartekoak. Kasu honetan, fakturan jasanarazitako BEZa ez da gastu hautagarria.

Azahara Dominguez diputatuak azpimarratu du laguntza hauek emateko asmoa "Gipuzkoako turismo industriaren ekimenak sustatzea" dela. “Lehendik dauden enpresen aurrerapen teknologikoekin edo trantsizio ekologikoarekin lotutako proiektu eta ekimen berriak babestu nahi dira. Kasu zehatz honetan, 164.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu gure lurraldeari aberastasun eta posizionamendu handia ematen dion sektore turistikoa indartzeko".

Laguntzen zenbatekoa eta baldintzak
Foru dekretuak 7.500 euroko gehieneko zenbatekoa ezartzen du enpresa onuradun bakoitzeko, eta 10.000 eurora irits daiteke enpresa sortu berria bada. Era berean, jasotako laguntzak ezin izango du gastu hautagarrien % 50 gainditu.

Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute beren konturako langile fisikoek edo autonomoek eta 10 langile baino gutxiagoko mikroenpresek, edozein dela ere haien forma juridikoa. Ezinbesteko baldintza da egoitza soziala Gipuzkoan izatea eta jarduera Gipuzkoan garatzea.

Diruz lagundu daitekeen jarduera honako hauetako baten barruan sartu behar da: bidaia-agentzien lizentzia duten turismo-agentzia hartzaileak, turismo-gidariak, turismo aktiboko enpresak, hotel-establezimenduak, turismo-apartamentuak, kanpinak, nekazaritza-turismoak, landetxeak eta aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak (betiere titularrak pertsona juridikoak badira eta, gutxienez, besteren konturako langile bat badute). Turismo-ostatuko establezimenduen kasuan, REATEn izena emanda egon behar dute.

Eskabideak aurkezteko epea
Eskabideak asteartea den 2023ko urriaren 3tik 2023ko urriaren 10eko 15: 00ak arte aurkeztu ahal izango dira.

Eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus), dirulaguntzen atarira sartuz eta eskuragarri dagoen berariazko inprimakia betez, proiektuaren memoria aurkeztuz eta dagozkion fakturak edo aurrekontua aurkeztuz.

  

1656