Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Turismoko sektoreko profesionalek Goierri eta Tolosaldea bisitatu dituzte

Turismoko sektoreko profesionalek Goierri eta Tolosaldea bisitatu dituzte

Ekimen honen helburua turismo sektoreko profesionalek lurraldea sakon ezagutzea da.

2018/05/09

Aldundiko Turismo Departamentuak, EXPLORE SAN SEBASTIAN REGION turismo bulegoaren bidez, bost bisita tekniko antolatu ditu urtean zehar Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei aukera emateko lurraldea eta haren eskualdeak, leku bereziak eta altxorrak bertatik bertara ezagutzeko. Horrela, joan den urteko  «Eskualdeen Txokoa» ekimenari jarraipena emango zaio. Ekimen horren bidez, turismo sektoreko profesionalek lurraldea sakon ezagutzea nahi dugu, horrela, Donostiara iristen diren bisitariei lurraldeko beste leku batzuk aholkatzeko modua izan dezaten. 

Gaurko bisita Goierri eta Tolosaldean izan da, kultura, gastronomia, natura eta abentura ezin hobeto uztartzen dituen ekimena. Elikaduraren eta Gastronomiaren Interpretazio Zentroan egin da harrera, eta handik Ordiziako asteroko azokara joan dira. Ondoren, Segurako gaztandegi bat bisitatu dute: instalazioak ezagutu dituzte artzain batek gidaturik, eta Idiazabal gazta dastatzeko aukera ere izan dute. Txindokiren magaletan, Txindokiko Itzala abentur parkea ezagutu dute, eta, segidan, Tolosara joan dira, bertako produktuak dastatzera. Bukatzeko, TOPIC Nazioarteko Txotxongilo Zentroa bisitatu dute.

«Gipuzkoako eskualdeek eta herriek ahalegin handia egin dute hamarkada hauetan, eta oso emaitza interesgarriak eta baliabide erakargarriak lortu dituzte. Argi dago gure kostako herri batzuk aski ezagunak direla eta aspalditik izan direla helmuga turistiko edo bisitatzeko leku gipuzkoarrentzat eta mundu osoko lagunentzat. Horiei guztiei beste herri eta hiri batzuk erantsi nahi genizkieke orain, tradizio turistikorik izan ez badute ere, gaur egun bisitatzeko aukera harrigarri eta desberdinak eskaintzen dituztenak», azaldu du Maite Cruzadok.

«Hori lagungarri izango da turista fluxuak geroz eta orekatuagoak izan daitezen. Guztion artean lortzen badugu Donostia lurraldera irekitako helmuga zabal gisa hartzea eta hainbat egun igarotzeko modukoa dela erakustea, ziurrenik egonaldien batez bestekoa hazi, eta bisita errepikatuak areagotu egingo dira», baieztatu du Cruzadok.

 

  

1432