Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udaberri-uda denboraldiko San Sebastian Moda Jaialdiak egitaraua indartu eta zabaldu du

Udaberri-uda denboraldiko San Sebastian Moda Jaialdiak egitaraua indartu eta zabaldu du

Ingurumen Departamentuak berriro bultzatuko du Moda Jaialdiaren jardunaldietako bat, ‘masterclass’ batekin eta online bidezko hitzaldiekin.

2021/04/21

Maiatzaren 13an, 14an eta 15ean, indarrez iritsiko da gure agendetara udaberri-uda denboraldiko San Sebastian Moda Jaialdia. Gure lurraldeko kulturako hitzordu garrantzitsuen lorratzari jarraituz, euskal modaren industria ondoen ordezkatzen duen gertakariak bere egitaraua indartuko du, enpresa gehiagoren parte-hartzearekin. Jaialdiaren XV. edizio hau ere ezohikoa izango da, edukiera-mugengatik, segurtasun-neurri zorrotzengatik eta aurrez aurreko  eta online bidezko ekintzak konbinatuko dituelako, kultura-ekitaldietan formatu hibridoak bultzatzen jarraitzeko helburuz.

Zera adierazi zuen Laura Chamorro Jaialdiko zuzendariak: “hiru egun bete-beteak izango dira, eta gure lurraldeak berriro elkartuko du euskal modaren industriaren onena, ‘0 kilometro’ kontzeptuaren, jasangarritasunaren, ekintzailetasunaren, prestakuntzaren, sormenaren, dibertsitatearen, promozioaren eta ikusgaitasunaren aldeko apustu garrantzitsu batekin. Moda jaialdia formatu hibrido batean antolatzeak aukera emango digu nazio zein nazioarte mailako prestakuntzaren arloko, I+G+b eta jasangarritasunaren arloko hizlaririk onenak online elkartzeko; eta desfileetan, berriro ikusiko ditugu zuzenean prestigiodun marken sorkuntzak, hala nola Isabel Zapardiezenak –gure pasarelara itzuliko da, urte eta erdiz Donostian desfilatu gabe egon ondoren–, Sophie et Voilà marka bizkaitarrak eta Matsu Studio nafarrak, besteak beste”.

Aurrez aurreko ‘fashion show’ direlakoak izango dira udaberri-uda denboraldiko Moda Jaialdi honen erakargarririk nagusienak; Laura Chamorrok iragarri zuenez, “desfile bakoitzaren gehienezko edukiera ohikoaren % 30ekoa izango da, zorrotz kontrolatu eta kudeatuko dugu sarrera, jende-pilaketak saihesteko eta segurtasun-distantziak errespetatzeko; desfile batetik bestera, garbiketa eta desinfekzio lanak egingo ditugu, eta zorrotzak izango dira ‘backstage’-eko langileen barne-protokoloak ere”. Zuzendariak gaineratu zuen maiatzaren 15ean, larunbata, sei desfile eta ‘fashion show’ egingo direla San Telmo Museoko elizan, 11:00etan hasi eta 20:45 arte. Matsu Studio, Maialen Campaña, Aldabaldetreku, Sophie et Voilà, Kutxa Kultur Moda (Akukunak, Amarenakek, Eli-TWOk, EME by Maialen Porroyk, Fanny Alonsok, Ione Iruretagoienak eta Laza Clothingek osatutako showa) eta Isabel Zapardiezek taularatze propioa, harrigarria eta berezia izango dute. Eta ezin ahaztuko dugu maiatzaren 13an Garberan egingo den ‘fashion showa’; aurrez aurrekoa izango da hura ere, eta prestigiodun bertako markek eta Euskadin saltokiak dituzten nazioarteko enpresek hartuko dute parte”.

'Gipuzkoan zehar erosketetan’, edizio honetako berritasuna

Jaialdiaren 9 urtetako ibilbidean, lan handia egin dugu pertsonaren ekipamendurako produktuak tokian tokiko komertzioetan erosteari balioa emateko helburuz. Aurten, Covid-19aren inguruabarrak direla eta, indartu egin dugu lan-ildo hori, eta ‘Gipuzkoan zehar erosketetan’ ekimena antolatu dugu, besteak beste Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailaren lidergoarekin. Javier Hurtado Sailburuaren hitzetan, “ekimen horrekin, helburu bikoitza bultzatu nahi du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak. Alde batetik, Gipuzkoako komertzioetan erosteko aukera bultzatzea, tokiko merkataritzan kontsumitu dutenen artean egingo den zozketarako 2.500 euroko saria emanez, erosketa-bale modura. Bestetik, gure herri eta hiriek bizitasuna izan dezaten eta hiri- eta gizarte-kohesioa lortzeko tokiko komertzioek duen garrantziari balioa ematea".  

Parte-hartzaile bakoitzak, denbora-aldi jakin batean (apirilaren 6tik maiatzaren 1era, biak barne), Gipuzkoako hurbileko establezimenduetan erosketak egin izana egiaztatu ahal izango du erosketa-tiketaren edo –tiketen bitartez. Denak sartuko dira opari-txartelen zozketan; txartel horiek berriro itzuliko dira tokiko negozioetara.

Banco Sabadell bankuak ere bat egin du ekimenarekin, eta Sare Komertzialaren zuzendari Itziar Mahaveren esanetan, "Ez da Banco Sabadell bankuak tokiko komertzioa indartzearen aldeko kanpainetan parte hartzen duen edo era horretako kanpainak bultzatzen dituen lehen aldia. Donostian eta Gipuzkoako herri askotan egin dugu, guretzat tokiko merkataritza funtsezko sektore egituratzailea baita hiriaren edo herriaren hazkundean edo, kasu honetan bezala, probintzia baten hazkundean. Ekintza honen asmoa da komertzioen zein kontsumitzaileen ahalik eta parte-hartze eta oihartzunik handiena lortzea eta, horretarako, pizgarri bat izatea –zozkatuko diren sariak–, beti da erakargarri bat jendeak parte har dezan”.

Udal batzuek ere bultzatu dute ekintza beraien udalerrietan; horien artean, Donostiako Udala nabarmentzen da. Gipuzkoako hiriburuko Ekonomia Sustatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi du “beharrezkoa” zela “hau bezalako ekimen bat sortzea eta abian jartzea. Modaren industria sustatzea eta ezagutzera ematea oso garrantzitsua da Donostia bezalako hiri batean. Gaur egun bizi duguna bezalako testuinguru konplexu honetan, Donostiako hurbileko merkataritzak ikusgaitasuna eta komunikazioa baino zerbait agerikoagoa behar zuen. Eguneroko salmentak sustatzeko ekintza bat behar zuen, eta bikaina ari da izaten merkataritza-sarearen zein bezeroen erantzuna. Eusko Jaurlaritzak eta gaur hemen dauden beste eragile batzuek zuzentzen duten ekimen honekin bat egiteak erakusten digu guztiontzako direla onuragarriak lankidetza eta aliantzak”.

Elgoibarko Udalak –Ekonomia Sustatzeko sailaren bitartez– eta Zumarragakoak ere –Zumerk elkartearen bitartez– bat egin dute ekimenarekin, udalerri horietan egindako erosketak bultzatuz.

Ekimenean parte hartzen duten guztien artean, honako sari hauek zozkatuko dira: 2.500 eurokoa, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren eskutik; 1.500 euro, Banco Sabadell bankuaren eskutik; 1.000 euro, San Sebastian Shopsen eskutik; 500 euro, Elgoibarko Udaleko Ekonomia Sustatzeko sailaren eskutik, eta beste 500 euro, Zumarragako Udalaren eskutik, Zumerk Zumarragako Merkataritzaren bitartez.

Jasangarritasuna, Jaialdiaren ardatz nagusietako bat

Maiatzaren 13an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak berriro bultzatuko du San Sebastian Moda Jaialdiaren jardunaldietako bat, ‘masterclass’ batekin eta online bidezko hitzaldiekin. Jose Ignacio Asensio foru diputatuaren esanetan, “Moda, jasangarritasuna eta teknologia’ jardunaldia moda jasangarria etorkizuneko sektore gisa posizionatzeko funtsezko elementuak dituen ekimena da, eta gure diseinatzaileentzako aukera bat. Jasangarritasuna, digitalizazioa eta teknologia kontzeptuak dira, orain inoiz baino gehiago, sektore guztietan txertatu beharko genituzkeen zeharkako irizpideak, klima-aldaketara egokitutako lurralde jasangarri bateranzko bidean lan egiteko, horixe baita hazkunde ekonomiko berdearen eta tokiko enplegua sortzeko eta bultzatzeko oinarria".

Gema López (Slow Fashion Next), Cynthia Beld (Retviews), Patricia Echevarría Ruiz (Balab Factory), Shubham Kulshrestha (TrusTrace), Carmina Ferri (Care Applications), Albert Alberich (Modare-Cáritas), Jonne Hellgren (Repack), Borja Cembrero Saralegui (NaizFit), Mathias Slabbinck (Quifactum), Pablo Candau Ybarra (Newe), F. Javier Escorihuela Casado (Isostopy) eta Sergio Lucas Ocaña (Fashionalia) izango dira maiatzaren 13ko egitarau bete horretako hizlarietako batzuk.

Maiatzaren 14an, eta hori ere formatu digitalean, hainbat gai jorratuko dituzte Jose Ignacio Hernandez AEG Berrikuntza Profesionaleko Eskolako zuzendariak; Oihana Legorburu patroigintzan eta modan adituak; Ana Olazabal diseinatzaile eta irakasleak; Patricia Echevarriak, Soraya Perezek, Natalia Aldasorok, Xabier Aretak, Carlos Alonsok eta Juan Carlos Rodríguezek, besteak beste. 3D inprimatze jasangarria, I+G+b laborategia, enpresaren ardatzak, zeharkako gaitasunak eta ekintzailetza modan; horiexek izango dira landuko dituzten gaietako batzuk. Hemengo aurpegi horiek osatuko dute prestakuntzaren arloko (jasangarritasuna, diseinua eta I+G+b garapena) aurreko eguneko Estatuko eta nazioarteko hizlarien kartela.

San Sebastian Moda Jaialdia, klik bitartez

Jaialdiko zuzendari Laura Chamorrok ekitaldiaren web-plataformak maiatzaren 13ko eta 14ko hitzaldi guztiak jarraitzeko izango duen garrantzia ere azpimarratu izan du; horixe izango da, gainera, Garberan maiatzaren 13an eta San Telmoko elizan maiatzaren 15ean egingo diren ‘Fashion showak’ aurrez aurre ikusteko aukerarik ez dutenengana iristeko modua ere. “Doan eta zuzenean eskainiko dira desfile guztiak, online.  San Sebastian Moda Jaialdiaren egitarau osoa eskainiko da zuzenean, profesionalei zein zaleei zuzenduta, www.gipuzkoademoda.com webgunearen bitartez eta, gero ere, guztien eskura egongo da material hori”, adierazi zuen amaitzeko.

  

1468