Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Uliazpik adimen desgaitasuna duten gazteentzako laguntza unitate berezia handituko du

Uliazpik adimen desgaitasuna duten gazteentzako laguntza unitate berezia handituko du

Uliazpi Fundazioaren gobernu batzar berria osatu ostean, Maite Peña diputatuak Donostia Zentroa bisitatu du.

Uliazpi Fundazioaren gobernu batzarra egin ondoren, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak Donostia Zentroa bisitatu du, Arantza Aguiriano Uliazpi Fundazioko gerentearekin eta gainerako batzarkideekin batera. Bisitaren testuinguruan, diputatuak jakitera eman du Uliazpik 18 plazara gehituko duela, "adimen desgaitasuna duten adingabe eta gazteen beharrei modu egokiagoan erantzuteko zerbitzua. Loiolako Erriberako etxebizitza komunitarioan sei plaza daude, eta Uliako Villa Josetxon, hamabi". Eta gaineratu duenez, "Uliazpin ematen den arreta Gipuzkoako gizarte politiken eredua egiteko moduaren adibide argia da: pertsona ardatz duen arreta, haren profila, adina edo beharra edozein dela ere".

          Maite Peñak adierazi duenez, Uliazpik 2009tik du adingabeentzako etxebizitza eta atsedenerako laguntza zerbitzu bat, eta 2016tik zerbitzu hori "bitan banatu da, arreta jasotzen duten adingabeen eta gazteen beharretara hobeto egokitzeko". Hala, 'Gazteak' gazteentzako modulu berriak tarteko laguntza-maila du adingabeentzako etxebizitzaren eta helduentzako etxebizitzaren artean, eta, horrela, "autonomia handiagoa lortuko da, eta errazagoa eta eskuragarriagoa izango da gazteentzako komunitate konexioa".

"Azken urteotan, adimen desgaitasuna duten pertsonen artean profil berrien gorakada antzeman da eta, beraz, etxebizitza eta atseden premiak hazi dira, bai adingabeena, bai gazteena. Hori dela eta, Uliazpik eskaintzen dituen zerbitzuak zabaldu eta eraldatu egin dira, sortzen ari diren behar berriei erantzun ezin hobea emateko", azpimarratu du diputatuak. Ondoren zehaztu duenez, beharrizan horiek aztertuta, "gazteentzako plazak 8tik 12ra handitzea lortu da, eta, horrela, adin-nagusitasuna betetzen duten adingabeak baliabide horretara pasatzen dira, eta leku gehiago geratzen da etxebizitza iraunkorra behar duten kasu berriak adingabeen zerbitzuan txertatzeko".

 

30 urtetik gora adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzen

Uliazpi Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuari atxikita dago, eta 30 urte baino gehiago daramatza Gipuzkoan adimen desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei "erantzun integral eta pertsonalizatua" ematen, eraginkortasunaren eta berrikuntzaren ikuspegitik. Uliazpiren erabiltzaileek adimen desgaitasuna eta laguntza premiak dituzte ezaugarritzat. Desgaitasun intelektuala izateaz gain, erabiltzaileak nahasmendu eta/edo arazoekin ere lotu daitezke, hala nola espektro autistaren nahasmenduekin, desgaitasun sentsorialekin, motorikoekin, buru-nahasmenduekin, osasun-arazoekin eta abarrekin.

Gaur egun, Uliazpi Fundazioak kudeatzen dituen sei zentroetan, Zizurkilen, Hondarribian, Bergaran, Eibarren eta bi Donostian, 380 erabiltzaileri eta familiari ematen zaie arreta, eta 223 etxebizitza-plaza eta eguneko arretarako 299 plaza dituzte. Gainera, 2020rako aurreikuspenen arabera, sei pertsonari emango zaie laguntza etxean, eta 90 pertsona gehiago artatuko dira aldi baterako egonaldietan, hots, 4.200 egunetan gutxi gorabehera. Hori guztia 20.367.000 euroko aurrekontuarekin.

  

1807