UPCYCLING proiektua Urbilera iritsi da Ingurumen Departamentuaren eskutik
UPCYCLING proiektua Urbilera iritsi da Ingurumen Departamentuaren eskutik
Arropa eta ehun-gaiak Urbil merkataritza zentroan jarritako edukiontzi batean bilduko dira eta arropa-jantzi berri bihurtuko dira AEG ikastetxeko moda-zikloko ikasleen laguntzari esker.
José Ignacio Asensio: "Proiektuaren helburua da hondakina lehengai bihurtzea, tokiko fabrikazioa bultzatzea eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriaren potentzialari balioa ematea".
UPCYCLING edukiontzia lehen aldiz iritsi da Urbil merkataritza zentrora, arropa berreskuratu eta bigarren bizitza bat emateko, berrerabil daitezkeen egungo moda-jantzi bihurtuta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenak AEG prestakuntza zentroaren eta Urbil merkataritza zentroaren laguntza du.
Asensiok azaldu duenez, " "UPCYCLING" proiektuaren helburua da hondakina lehengai bihurtzea, tokiko fabrikazioa bultzatzea eta Gipuzkoako moda jasangarriaren industriaren potentzialari balioa ematea". Era berean, adierazi du moda jasangarria "aukera bat dela ekonomia berdea garatzeko eta tokiko enplegua sortzeko", eta bere Departamentuak ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustuaren barruan kokatu du jarduketa hau.
«Proiektu honetan parte hartzea ingurumenaren aldeko apustua da, eta, batez ere, une hauetan garrantzi berezia duen ekonomia zirkularraren aldeko apustua.», esan du Leyre Lobato Urbileko kudeatzaileak.
UPCYCLINGa, birziklatzen dena baino balio handiagoko produktu bat lortzean datza. Kasu honetan, jantzi bat edo ehun-gai bat arropa berri eta modan dagoena bihurtzen da, diseinatzaileen lanari esker. Helburu horrekin, arropa-edukiontzi bat instalatu da Garbera merkataritza gunean eta, bi hilabetez, herritarrek erabiltzen ez dituzten arropa edo ehun-gaiak utzi ahal izango dituzte bertan, birziklatzeko eta berrerabiltzeko, eta bigarren bizitza bat emateko jantzi eta ehun horiei. Bildutako materialekin, AEG ikastetxeko moda-zikloko ikasleek diseinu berriak egingo dituzte, eta Moda Jasangarriko desfilearen seigarren edizioan aurkeztuko dira. Desfile hori datorren azaroan izango da, Miramar Jauregian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak antolatzen duen Hondakinak Prebenitzeko Astearen barruan.
Upcycling proiektuak lau urte daramatza Garbera merkataritza gunean, eta lau edizioetan 7 tona arropa baino gehiago bildu dira. 2020an, proiektua gelditu egin zen pandemiaren ondorioz, eta AEG ikastetxeko ikasleek egindako bilduma batekin birformulatu zen, Zinemaldiko "alfonbra gorria" berreskuratuz.
Asensiok "oso positiboki" baloratu du proiektu hori, "herritarren ingurumen kontzientzia handia" erakusten baitu, eta bereziki nabarmendu du AEG Ikastetxeko diseinatzaileen lan "zoragarria". Era berean, Upcycling proiektuaren ekarpena azpimarratu du: "Gipuzkoan aberastasuna eta enplegua modu jasangarrian sortzeko bidea erakusten duen proiektua". "Ekimen hau modaren sektorea eta herritarrak sentsibilizatzeko sortu zen, eta uste dut Gipuzkoan urrats garrantzitsuak egiten ari garela norabide horretan", esan du Asensiok
1684