Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ur mara egonaldiak, sorkuntza artistikoa eta gainerako jakintza-diziplinak lotzen dituen proiektua

Ur mara egonaldiak, sorkuntza artistikoa eta gainerako jakintza-diziplinak lotzen dituen proiektua

Kulturako Departamentuak, Ur mara museoak eta Alkizako Udalak Ur mara egonaldiak ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu dute.

2022/03/29

“Artea, natura eta erronka berriak maite dituzten pertsonentzat sekulako gozamena” izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari Mari Jose Telleriak, Ur mara museoko sortzaileak Koldobika Jauregik eta Elena Cajaravillek eta Alkizako Udaleko alkate Iñaki Irazabalbeitiak Ur mara egonaldiak ekimenaren bigarren edizioa aurkeztu dute.

Ur mara egonaldiak sorkuntza artistikoa eta gainerako jakintza-diziplinak lotzen dituen proiektu berritzailea da. Artista eta sortzaileak ez ezik, zientzialariak, pentsalariak, irakasleak eta jakin-nahia duten herritarrak elkarrizketa sortzaile baten partaide egiteko asmoz.

Egonaldi hauek helburu hirukoitza dute, batetik, diziplina arteko elkarrizketa sortu nahi da, artista eta sortzaileak beste jakintza-esparruetako lagunekin harremanetan jarriz, errealitateri buruzko begirada kritikoa garatzeko. Bestetik, gizartea sorkuntza artistikoan ahaldun egitea, artearekiko eta bestelako jakintza-zientzietako interesa duten pertsonen jakin-mina eta esperimentatzeko gogoa asebetuko duen egonaldi berritzailea eskainiz; eta azkenik, Naturagune batean esperimentatzeko aukera eskaintzea, Ur mara Egonaldiek aukera ematen baitute Natura 2000 Sarean onartutako inguru paregabe batean sortzeko Alkizan.

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren gidaritzapean 5 eguneko ikasketa saio teoriko eta praktikoak burutuko dira (bata ekainak 27tik uztailak 2ra bitartean, eta bestea, uztailak 18tik 23ra). Artearekin edota bestelako jakintza-alorrekin zerikusia duten adituen saio teoriko-praktikoak burutuko dira, diziplinarteko elkarrizketa sortzaile baterako aukera paregabea. Hau guztia, paraje ikusgarri batean, Alkiza Natura 2000 Sarea Ekologikoaren baitan aitortutako paisai ikusgarriz inguratuta baitago. Honez gain, Ur marako tailerreko tresnak eta materiala erabili ahal izango dituzte parte-hartzaileek.

Ur mara egonaldiak hezitzaileei, ikasleei eta oro har, artea maite dutenei zuzendurik daude. “Eginez ikasiko dugu, entzunez, hitz eginez, ikusiz, ukituz, pentsatuz, aportuz…”, dio ekintzak. Ingurune sortzaile eta berritzaile berezi baten parte sentitzeko esperientzia da. Honez gain, ikasleek herrian bertan ostatua hartzeko hainbat aukera izango dituzte.

Egonaldietan parte hartu dezake adinez nagusia den eta interesa duen edonork. Astebeteko bi egonaldi eskainiko dira udaran, gehienez ere 12 laguneko lan-taldeak osatuko dira. Gai bat proposatuko da eta parte-hartzaileek hori aintzat hartuz garatuko dute euren lana, bakarka zein taldean.

Gainera, egonaldiak irauten duen bitartean, beste zientzia-alorretako adituen bisita izango dute eta saio teorikoa eta praktikoa eskainiko dizkiete ikasleei. Egonaldiek aukera bikaina eskaintzen diete sorkuntza eta natura maite dutenei, ingurune natural pribilegiatuan ikasi eta esperimentatu ahal izango baitute parte-hartzaileek.

Izena emateko epea

Izena emateko epea irekita dago jada eta ekainak 15era arte egongo da zabalik. Egonaldietan parte hartu nahi dutenek, Alkizan bertan ostatu hartzeko hainbat aukera izango dituzte. Ekimenari buruzko xehetasun guztiak eta izen-ematea https://www.urmara.com/egonaldiak-estancias/ atarian eskuragarri daude.

  

1624