Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urretxu-Zumarragako Kilometroak jaldian parte hartzera dei egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

Urretxu-Zumarragako Kilometroak jaldian parte hartzera dei egin die Markel Olanok gipuzkoarrei

Euskararen aldeko lanean “zubiak batzeko” helburuarekin bat egin du Gipuzkoako diputatu nagusiak, urriaren 7ko ikastolen festaren atarian

2018/09/17

Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuko du datorren urriaren 7an lurraldeko ikastolen festa, Kilometroak. Jaialdiaren antolatzaileak hartu ditu gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundian. Zubiak batuz lemapean egingo den ekitaldiaren helburuekin bat egin du Olanok eta gipuzkoarrei bertan parte hartzera dei egin die, euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko lanak herritarron arteko “zubiak eta elkarlana sendotzea beharrezko” egiten baitu.

Urretxuk eta Zumarragak hirugarren aldiz antolatuko dute elkarrekin Kilometroak jaialdia,  hain zuzen ere, eta xehetasunen eta antolakuntza lanen berri eman diote diputatu nagusiari ikastolako lehendakariordeak, Jakes Antiak, Montse Alkorta zuzendariak, eta Igor Elortza eta Nekane Artola ikastolen elkarteko ordezkariek, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, euren artean zutela.

Olanok babes eta atxikimendu osoa adierazi dizkio euskararen eta ikastolen aldeko ekimenari eta Urretxu-Zumarragako Ikastolak bere-berea duen lankidetza eredua goraipatu du –1966an sortu zenean, Urola Garaiko bi herri hauetako neska-mutilak elkarrekin heziko zituen lehen ikastetxea izan zen–. Aurtengo edizioak arreta berezia jarriko dio zubigintzaren garrantziari, zenbait ikuspegitik gainera: hezkuntza komunitatearen barneko zubiei, parekidetasunaren eta aniztasuna lantzeko beharrezko zubiei eta euskara bultzatzeko beharrezko zubiei, besteak beste.

“Hainbat alorretan Urretxu eta Zumarragaren artean jorratutako elkarlana eredugarria da”, diputatu nagusiaren iritziz, eta “ikastolaren jatorria eta ibilbidea da horren lekuko”. “Zubigintza eta lankidetza ezinbesteko balioak dira euskararen erabilerari eta hizkuntza berdintasunari bultzada berri bat eman nahi badiogu. Kilometroak jaialdiak aukera paregabea eskainiko digu elkarlanaren konpromisoa berritu eta hizkuntza biziberritzeko lanean pauso berriak emateko beharra aldarrikatzeko”, adierazi du Olanok.

  

1344