Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urriaren 23an, Bizikletaz Adinik Ez elkarteak Donostiako kaleak hartuko ditu egiten duten lana erakusteko

Urriaren 23an, Bizikletaz Adinik Ez elkarteak Donostiako kaleak hartuko ditu egiten duten lana erakusteko

Komunitatea eta zahartze aktiboa, gero eta urte gehiago bizi den gizarte baterako giltzarriak.

Bizikletaz Adinik Ez elkarteak bere egun handia ospatuko du urriaren 23an, larunbata. Sentsibilizaziorako, ikusgarritasunerako eta komunitatea aktibatzeko eguna izango da. Bizikletek Donostiako kaleak hartuko dituzte egiten duten lana erakusteko, herritarrengana hurbiltzeko, euren jardunaren berri emateko eta sortzen duten eraginaren inguruan sentsibilizatzeko. Hala aurkeztu du gaur goizean Bizikletaz Adinik Ez elkarteak, Begoña Calleja presidente eta Iñigo Munilla koordinatzailearen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean antolatutako topaketan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak elkartearen ordezkaritza hartu dute Foru Jauregian. Callejak eta Munillak lagun izan dituzte trizikloak gidatzen dituzten bi boluntario eta BAEko bazkide, Maite Alvarez eta Patxi Alberdi, Julian Rezola egoitzan bizi diren Consuelo eta Josune, eta etxean bizi den Christine.

Markel Olanok Bizikletaz Adinik Ez elkartearen ekarpen sozial "eskuzabal eta positiboa" baloratu eta eskertu du, hain zuzen ere, bere jarduerak gure gizarteko "kolektibo ahulenetako baten ongizatea" epizentroan kokatzen duelako, adinekoak, mendekotasuna edo dibertsitate funtzionala duten pertsonak kasu. "Azken hilabeteak bereziki gogorrak izan dira beraientzat, birusaren aurrean arrisku handiagoko egoeran zeudelako. Egungo testuinguruan, pertsona horien sozializazioa helburu duten ekintzek eta aire libreko aisialdia bultzatzen dutenek, inoiz baino garrantzi handiagoa dute”, azpimarratu du diputatu nagusiak.

Olanok azaldu duenez, triziklo horiek eta gidak Gipuzkoako gizartearen "balio onenetako batzuk" biltzen dituzte, hala nola "ingurumenarekiko harremana, konpromiso soziala, errespetua eta belaunaldi ezberdinetako pertsonen arteko harremana". "Gainera, boluntarioek mugikortasuna, zahartze aktiboa, ingurunearekiko errespetua, osasuna eta pertsona guztien ongizatea bultzatzen dituzte", gaineratu du.

"Desberdintasunei komunitatearen inplikaziotik aurre egin behar dien lurralde baten errealitatea sinbolizatzen dute triziklo horiek, pertsona ahulenen bizitza hobetzen denbora librea ematen duten boluntario guztien konpromisotik. Gizartearen ongizatea erakundeen eta gizarte zibilaren helburu partekatua den Gipuzkoa batean", laburbildu du diputatu nagusiak.

Bestalde, Iñigo Munillak gogorarazi du garrantzitsuena ez dela helmuga, baizik eta konpainia, sortzen diren harremanak, pertsonen arteko hurbilketa eta jarduerak sortzen duen ongizatea. "Berrikuntzan aurrera egin nahi dugu eta pertsonen parte-hartze soziala erraztu, hurbiltasunetik. Elkarrekin, pertsonen mesederako testuinguru berri bat sortzen dugu, hiriaz gozatzeko eta istorioak ehuntzeko aukera eskainiz ".

 

Urriak 23, BAE Eguna

 

BAE Egunaren (Bizikletaz Adinik Ez) lehen edizioa da, eta elkarteak "ilusio eta mimo handiz" prestatu du. Hiru informazio gune antolatuko dira Donostian, Easo Plazan, Katalunia Plazan eta Cervantes Plazan, 11:00etatik 19:00etara. Ibilaldiak egingo dira, esperientzia probatzeko, trizikloak gidatzeko eta ibilaldiez eta hiriaren inguruaz gozatzeko aukera ere izango da.

Egunean zehar, 2021eko elkarteko kideak eta BAEkideak hurbilduko dira: Iñigo Lavado sukaldaria, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, Maite Alvarez Kalapieko idazkaria eta BAEko boluntarioa eta bazkidea, eta Jose Manuel Gomez psikologoa. "Egoitzetan bizi diren adinekoek eta erakunde laguntzaileek ere etorriko dira, BAEren ondoan paseoak egiten baitituzte, eta egun horretan ere gurekin egon nahi dute", azpimarratu du Iñigo Munillak.

Larunbatean, hilak 23, egingo den jarduera guztia hainbat erakundek babesten dute: Laboral Kutxa, BAEren balioekin bat egiten duena eta jardueraren sustatzaile nagusia; Salto Systems, desgaitasunen bat duten pertsonei laguntzan lan egiten duena; DBizi by Movus Urbaser, pertsona mugikortasunaren jardunaren erdigunean jartzen duena, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, BAEren garapenean giltzarria.

Jarduera honen erakunde laguntzaileak dira Donostiako Udala, Deusto Emprende, Caritas Gipuzkoa eta Up to You. "Horien guztien lankidetzari esker, BAE egunak indar eta mimo handia izango du aldi berean", azpimarratu du Munillak.

 

Jatorria Copenhagen, Cycling Without Age

Cycling Without Age 2012an Copenhagen sortutako nazioarteko mugimendu bat da. 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultura-hiriburutzaren testuinguruan, Danimarkan sortu ziren balioak irudikatuta: adinekoei denbora eskaintzea eskuzabaltasunetik, istorioak partekatuz eta harreman berriak sortuz.

Bizikletaz Adinik Ez ekimenaren helburua, nazioarteko mugimenduaren barruan, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, parte-hartzearen, belaunaldien arteko lankidetzaren eta hiri-mugikortasunaren bidez. Eta pertsonengan, mugikortasun iraunkorrean, parte-hartzean, gizarte-kohesioan, jasangarritasunean eta konpromisoan oinarritzen du bere jarduera guztia: "Pertsona da gure balio nagusia. Jardueraren onuradun zuzena da, baina baita bitartekari boluntarioa ere, begiratzen duen herritarra eta kolaboratzaile guztiak", adierazi du Munillak.

  

1549