Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Urte hasieran ekingo diete Deba-Mutriku bideko lanei

Urte hasieran ekingo diete Deba-Mutriku bideko lanei

Lanen iraupena 14 hilabetekoa izango da eta Mutrikuk lurraldearekiko dituen konexioak nabarmen hobetuko dira

2017/09/15
Deba-Mutriku lanen aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-638 errepidea hobetzeko eta kostako bi herriok oinez ere komunikatuko dituen bidea egiteko proiektua aurkeztu du. Obrak 2018ko udazkenean hasiko dira, 14 hilabete iraungo dute eta 11 milioi euroko kostua izango dute. Diputatu nagusi Markel Olanok adierazi du errepide hori dela Mutrikuk lurraldeko gainerako herriekin komunikatzeko duen ia bide bakarra eta GI-638 errepidearen hobekuntzak “nabarmen hobetuko ditu mutrikuarrek Gipuzkoako biribilgunera eta Mendaroko ospitalerako loturak”.

Kostako errepidearen hobekuntzen artean, Mutriku eta Deba elkartuko dituen oinezko bide bat ere egingo da. Oinezko bideak 2 metroko zabalera izango du, eta gaur egungo laugunean tokirik ez dagoen zatietan, hegal moduan egingo da. “Hobekuntza nabarmena izango da debarrentzat eta mutrikuarrentzat”, esan du diputatu nagusiak.  “Auto gidarien segurtasuna handitzeaz gainera, gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzea da gure lehentauna. Eta oinezko pasealeku honekin, herri hauetako biztanleak gure itsasertzeko paisaiaz gozatu ahal izango dute ibilaldi osasungarriak eginez", erantsi du Markel Olano.

Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du azken urteotan hainbat lan egin direla Mutrikuko sarbideak hobetzeko konponbide egoki bat aurkitzearren. “Zirkulazio handiko errepidea da, eguneko batez besteko intentsitatea 6000 ibilgailukoa da, eta gainera, bi udalerri horiek lotzen dituen errepide bakarra da ia. Konponbide bat bilatu nahian, hainbat azterlan egin dira eta, kasu guztietan, frogatu da Kalbariogaina-Sasiola-Astigarribia (GI-3230) errepidetik doazen hautabide guztiek edo ingurumen eragin handiak sortzen dituztela edo ez direla oso funtzionalak. Horrez gain, hautabide guztiak oso garestiak dira”, Oiarbidek adierazi duenez.

Testuinguru horretan, gauzatuko den proiektuaren helburua da, batetik, GI-638 errepidean plataformaren  zabalerari dagokionez dauden gune arazotsuak hobetzea, eta, bestetik, geoteknikoki konprometituak diren eremuak finkatzea. “Galtzada 3 metroraino zabalduko da eta ibilbideko bihurguneak eta punturik arazotsuenak leunduko dira. Jarduera nagusienak “Ipitxarri bihurgunean” eta “Alkolea Muturrean” egingo direla zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak. Era berean, erantsi du proiektu honek nabarmen hobetuko duela errepidearen trazatua.

            Diputatuak azpimarratu nahi izan du, baita ere, obrak inguruko trafikoan izango duen eragina. “Halako obra batek nahitaez sortu behar ditu eraginak. Hobekuntza lanek irauten duten bitartean, zirkulazio alternatiboaz erregulatuko da trafikoa, baina bost bat hilabeteko tarte batean errepidea erabat itxita egongo da eta Kalbariogaineko alternatiba erabili beharko da” aurreratu du Aintzane Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako foru diputatuak bukatu du esanez “itsasertzeko errepide bat izanik, meteorologiaz gainera udako trafikoa ere kontuan hartu behar da, obrak hasteko data baldintzatu baitezake horrek”.

  

1329