Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalak eta Aldundiak Oiardo udal kiroldegia birgaituko dute

Udalak eta Aldundiak Oiardo udal kiroldegia birgaituko dute

Aldundiak 247.880 euro jarriko ditu lan horietarako

Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Xabier Arregi alkateak hitzarmena sinatu dute bertako udal kiroldegia birgaitzeko. Aldundiak 247.880 euro jarriko ditu lan horietarako. Esku-hartze horren bitartez, area horiek herritar guztiek erabiltzeko baldintzak hobetu nahi dira.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. 

Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.

Oiardo udal kiroldegia Usurbilgo erdialdean dago. Eraikin nagusia jatorrizko bloke bat da, zeinaren proiektua 1987. urtekoa baita. Haren geometria prismatiko trinkoaren barruan daude zerbitzu nagusiak, hala nola igerilekuak (sarbidearen mailan eta kirol kantxaren azpian), aldagelak, funtzio anitzeko hainbat areto, squash-a (beheko bitarteko maila batean), komunak, kafetegia, eta atezainaren etxea. Geroago, beste gorputz osagarri bat atxiki zitzaion, barne hartzen dituena sarbidea eta hango kontrola, baita gimnasio batzuk ere, haren hiru mailetan fatxada nagusira ematen dutenak. 

Bi eraikinak, azkenean, ez dira ondo uztartzen, konexio arrapalak eta mekanismoak behar dituztelako, partekatzen duten komunikazio bertikaleko nukleo bakarraren osagarri. Era berean, hango instalazioak, 30 urtean etengabe erabili ondoren, eta mantentzea izan duten arren, eraberritze baten beharrean daude, efizientzia handiago eta kudeaketa hobeago baterako, eta irisgarritasun baldintzak hobetzeko. Instalazio hori osatzen duten kirol espazio nagusiak hauek dira: 25 metroko igerileku bat, kirol anitzeko pista bat, muskulazio areto bat, areto balioaniztun bat, squash bat, judo-karaterako bi areto –tatamirekin–, spinning areto bat, kanpoko pista bat, aldagelak, eta sauna.

Instalazio honek bereziki estaltzen ditu Usurbilgo herriko erabiltzaileek kirola egiteko dituzten beharrak. Usurbilgo herriak 6.197 biztanleko populazioa dauka, gutxi gorabehera.

Egin asmo diren lanak

Honelako lanak egiteko asmoa dago: aire-girotze eta aireztatze instalazioak eraberritzea, gaur egungo arautegia betetzeko; haur igerilekua handitzea, hezkuntza eta fisioterapia erabileretarako edukiera izan dezan; eta klimatizazioko lan eta instalazio osagarriak.

Aldundiak lurraldeko baliabide energetikoak  optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Usurbilgo Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta. 

  

1629