Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Uztailaren 2an eta 3an, Frantziako Tourra Gipuzkoatik igarotzean, lurraldebus zerbitzuan egingo diren aldaketak

Uztailaren 2an eta 3an, Frantziako Tourra Gipuzkoatik igarotzean, lurraldebus zerbitzuan egingo diren aldaketak

Frantziako Tourra dela eta, Gipuzkoako errepide sareko zenbait errepide itxi egingo dira ibilgailuentzat, eta horrek Lurraldebusen garraio publikoko ohiko zerbitzuari eragingo dio. Zehazki, igandean, uztailaren 2an, eta astelehenean, uztailaren 3an, itxiko dira, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitartean. Lurraldebusek informazio eguneratua eskainiko du bere webgunean (www.lurraldebus.com), sare sozialetan dituen kontuetan eta erabiltzaileei arreta emateko telefonoan (900 300 340).

2023/06/29
Le Tour 2023 Gipuzkoa

Frantziako Tourra Gipuzkoatik igaroko da uztailaren 2an eta 3an. Hori dela eta, lurraldeko zenbait errepide itxi egingo dira, eta Lurraldebusen zerbitzuak ezingo dira normaltasunez eman 9:00etatik 17:00etara bitartean.

Gauzak horrela, Lurraldebusek erabiltzaileei gomendatzen die beren ibilbideak aldez aurretik planifikatzeko, bai uztailaren 2rako (igandea), bai 3rako (astelehena), eta beste aukera batzuk bilatzeko, beharrezkoa denean. Besteak beste, gomendatzen da joan-etorriak ahal den neurrian egokitzeko, murrizketa handieneko orduak saihesteko. Era berean, Lurraldebusek ohartarazi du Gipuzkoatik igaro aurreko egunetan, mozketa puntual batzuk egon daitezkeela, antolamendu lanak direla eta.

Uztailaren 2an, igandean, Tourreko etapa Gasteizen hasi eta Donostian bukatuko da. Lasterketa Debagoienetik sartuko da Gipuzkoan, Arrasatetik, hain zuzen. Ondoren, Oñatira joko du, eta Udana gainetik Goierrira iritsiko da; Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Beasain, Ordizia eta Zaldibiatik igaro ondoren, Abaltzisketatik Tolosaldean sartuko da eta Amezketa, Alegia, Altzo, Tolosa, Anoeta, Alkiza, Asteasu eta Zizurkil zeharkatuko ditu. Gero, Buruntzaldean, Andoain, Urnieta eta Hernanitik igaroko da. Astigarragatik, Oiartzun aldera egingo dute txirrindulariek Bidasoaldera iristeko; Irundik eta Hondarribitik igaro, eta, Jaizkibelen barrena, Oarsoaldera itzuliko dira; Lezo, Errenteria eta Pasaia zeharkatu, eta Mirakruz gaina eta Gros pasa ondoren, Donostia erdialdera iritsiko dira, eta han izango dute helmuga.

Hurrengo egunean, uztailaren 3an (astelehena), Tourreko hirugarren etapak Zornotza eta Baiona lotuko ditu, eta Gipuzkoako kostalde guztia zeharkatu du. Kasu horretan, lasterketa Mutrikutik sartuko da Gipuzkoara, eta Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia (Igeldotik), Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzun zeharkatuko ditu. Gaintxurizketa gainetik Irunera iritsiko da, eta, ondoren, Iparraldera joko du, Baionan amaitzeko.

Bi egunetan, Lurraldebusek informazio eguneratua eskainiko du bere webgunean (www.lurraldebus.com), sare sozialetan dituen kontuetan eta erabiltzaileei arreta emateko telefonoan (900 300 340).

Debagoiena
Uztailaren 2an, igandean, Arrasate eta Udana gaina bitarteko GI-2630 errepidea itxita egongo da eta bertan behera geldituko da Lurraldebusen garraio publikoko zerbitzua, ez baitu aukerarik izango Zumarraga eta Arrasate bitarteko zerbitzua eskaintzeko (DG04 linea). 30 minutuan behin, anezka zerbitzu bat egongo da Arrasate eta Eskoriatza artean; handik abiatuko dira zerbitzu guztiak autobidez, Donostia, Bilbo, Eibar eta Gasteiz aldera.

Goierri
Igandean, hilak 2, lasterketak Beasainen eta inguruko udalerrien arteko loturei eragingo die, eta Seguraren eta Ordiziaren arteko lotura etenda egongo da GI-2637 errepidetik. Egoera horrek linea hauei eragingo die: GO01 (Zegama–Zaldibia), GO03 (Beasain–Lazkao), eta GO21E (Altzaga–Ordizia), GO22E (Mutiloa–Segura) eta GO23E (Gaintza–Ordizia) eskaripeko zerbitzuak.

Tolosaldea
Igandeko etapak Tolosa eta eskualdeko zenbait udalerri lotzen duten zerbitzuetan izango du eragina, eta bertan behera geratuko dira honako linea hauek: TO03 (Tolosa–Orexa), TO07 (Tolosa–Larraul), TO08 (Larraul–Aduna), eta TO20E (Tolosa–Alkiza), TO21E (Tolosa– Hernialde), TO23E (Aduna–Andoain), TO25E (Alegia–Altzo), TO27E (Villabona–Alkiza) eta TO29E (Ibarra Izaskun–Ibarra) eskaripeko zerbitzuak.

Tolosari dagokionez, lasterketak erdigunea zeharkatuko du hegoaldetik iparrera, eta murrizketak egongo dira. Hori dela eta, Donostiarako autobusak Larramendiko biribilgunetik (gasolindegia) abiatuko dira: BU07 (Tolosa–Donostia, herriz herri), BU08 (Tolosa–Donostia zuzena), eta BU09 (Tolosa–Donostia, Ospitalak). Tolosa eta Berastegi lotzen dituen TO02 linea Ibarrako anbulatoriotik aterako da.

Buruntzaldea
Buruntzaldeari dagokionez, igandeko etapak N-1 errepidea eta Urumeako korridorea erabiltzen duten Lurraldebuseko autobusei eragingo die. Ibilbide aldaketak egongo dira, eta Andoain eta Donostia N-1 errepidez lotzen dituzten lineetarako –BU03 (Antiguatik) eta BU04 (Ospitaletatik)–, abiapuntu bat ezarriko da Borda Berri poligonoan. Tolosa eta Donostia lotzen dituen BU07 lineak, berriz, ezin izango du zerbitzurik eman Andoainen Gipuzkoako hiribururantz, eta zuzenean Lasartera joango da autobusa. Andoaindik Tolosarako linea, berriz, arazorik gabe ibiliko da.

Andoain, Urnieta eta Hernani Donostiarekin lotzen dituzten ibilbideetan –BU05 (Andoain–Donostia) eta BU06 (Andoain–Donostia Ospitaleak) lineak–, aldaketak egongo dira, eta A-15 autobiatik joango dira, Urnietatik igaro gabe.

Hernani eta Astigarraga arteko autobusetan ere –BU12 (Hernani–Donostia Martutenetik barrena) eta BU13 (Hernani–Donostia)–, izango du eragina lasterketak, eta ibilbideak aldatu egingo dira: linea horiek A-15 autobia erabili beharko dute.

Uztailaren 3ko (astelehena) etaparen ondoriozko eraginei dagokienez, eskualdea Donostiarekin lotzen duten lineetan soilik egongo dira aldaketak. Buruntzaldeko linea gehienek Federico García Lorca pasealekuan izango dute abiapuntua, BU05 lineak izan ezik (Andoain–Donostia), linea hori Antigua auzoko Europa plazaraino iritsiko baita.

Oarsoaldea
Uztailaren 2an, igandean, Frantziako Toura Astigarragatik iritsiko da Oarsoaldera, Oiartzun zeharkatu, eta, Gurutze gainetik, Bidasoa aldera joko du. Lurraldebusek ezin izango du zerbitzurik eman Oiartzunen.

Bidasoatik igaro ondoren, lasterketa Oarsoaldera itzuliko da Jaizkibeldik, eta Pasai Donibane, Lezo, Errenteria eta Pasai Antxo zeharkatu eta gero, Mirakruz gainetik sartuko da Donostian helmugara iristeko. Hori dela eta, E01 (Pasai Donibane–Donostia) eta E02 (Oiartzun–Donostia) lineek ez dute zerbitzurik eskaniko.

Erabiltzaileek E08, E09 eta E07 lineak erabili ahal izango dituzte, San Pedro eta Trintxerpe Donostiarekin eta Ospitaleekin lotuko baitituzte GI-20tik.

Beraun eta Donostia lotzen dituzten zerbitzuak ere murriztu egingo dira, Pasai Antxon ezinezkoa izango baita ohiko geldialdiak egitea. Hori dela eta, E05 lineak (Beraun-Donostia) beste geraleku bat izango du Molinaoko biribilgunean, horrela, lasterketaren ibilbidea saihesteko, eta GI-20 errepidetik Donostiaraino jarraituko du. Gogoan izan behar da linea horrek geralekua duela Morrongilletan, Errenterian, eta herri horretan ezin izango direla erabili ohiko Lurraldebus lineak, probaren eraginpeko orduetan bertan behera geldituko baitira.

E03 lineak ere (Pasai Donibane–Donostia Ospitaleak) aldatu egin beharko du ibilbidea eta murrizketak izango ditu, hau da, Pasai Antxoko Molinaoko biribilgunea eta ospitaleak lotuko ditu, eta Pasai Donibane eta Molinao arteko tartea zerbitzurik gabe geratuko da.

Uztailaren 3ari dagokionez, Frantziako Tourra behin igaroko da Oarsoaldetik, Bidasoalderako bidean. Kasu horretan, eta aurreko egunean bezala, erabiltzaileek E08, E09 eta E07 lineak erabili ahal izango dituzte San Pedro, Trintxerpe eta Donostia eta Ospitaleen artean GI-20 errepidetik. Aurreko eguneko egoera berean egoteaz gain, E05 linea eta E15 linea, Beraun ospitaleekin lotzen duena (Errenterian, Morrongilletan geralekua duena) eta igandeetan ez dabilena, astelehenean martxan egongo dira.

Halaber, astelehenean, E02 lineak aldaketak izango ditu, Oiartzun eta Donostiako erdigunea bitarteko ibilbidea GI-20 errepidetik egingo baitu Errenteriatik igaro gabe.  E04 lineak ere Oiartzun eta Donostiako Antiguako Europa plaza lotuko ditu, baina Errenteriatik igaro gabe. E01 lineari dagokionez, igandean bezala, bertan behera geratuko da.

Bestalde, E06 lineak lanean jarraituko du, baina Errenteriatik eta Pasai Antxotik igaro gabe, eta ibilbidea aldatu egingo da Altza, Garbera eta Astigarraga lotzeko. 

Bidasoaldea
Bidasoako eskualdean, non Tourreko etapa Gaintxurizketa gainetik iritsiko den, zerbitzu guztiak mugatuta geratuko dira, eta ezingo da inolako konexiorik egin Lurraldebusen bidez.

Igandean bezala, astelehenean, uztailaren 3an, ez da Lurraldebusko zerbitzurik egongo Bidasoaldera, nahiz eta egongo diren zerbitzu batzuk Hondarribia eta Irun bitartean.  Horrela, E22 lineak Hondarribitik Bidasoako Ospitalera eta Txingudiko Merkataritza Zentrora eskainiko du zerbitzua. Gainera, E25 lineak Irun eta Hondarribia lotuko ditu eta Mendeluko biribilguneraino iritsiko da.

Debabarrena
Uztailaren 3an, astelehenean, Frantziako Tourra Ondarroatik sartuko da Gipuzkoan, eta Mutriku eta Debatik igaroko da. Udalerri horietan zerbitzua ematen duten lineak bertan behera geldituko dira; beraz, kasu honetan, lasterketak kostaldetik doazen lineei eragingo die. DB03 (Lekeitio–Donostia) eta DB05 (Mutriku–Zumaia) lineak bertan behera geratuko dira; eta DB04 eta DB06 lineek, berriz, zerbitzu mugatua eskainiko dute, kostaldera iristea ezinezkoa izango baita. Beraz, Mallabiatik abiatzen den DB04 linea, eta Soraluzetik abiatzen den DB06 linea Mendaroraino iritsiko dira. 

Urola Kosta
Uztailaren 3an, astelehenean, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio Donostiarekin lotzen dituzten lineek ezin izango dute zerbitzurik eskaini. Hau da, UK09, UK10 eta UK11 lineak (Zumaia eta Donostia lotzen dituztenak) eta UK07 eta UK08 lineak bertan behera geldituko dira. UK06 lineak Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa artean emango du zerbitzua; UK03 lineak, berriz, ibilbidea aldatuko du, eta Zarautzen, suhiltzaileen biribilgunean geldituko da.

Donostia
Oro har, igandean zein astelehenean, Donostiako erreferentzia puntuak autobus geltokia eta Federico García Lorca pasealekuko geralekuak izango dira. Dena dela, linea batzuk, hala nola BU05 eta E04, Antiguako Europa plazaraino sartu ahal izango dira.

Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Frantziako Tourrak ez die eragingo. Beraz, Donostiatik Bilbora, Loiura eta Gasteizera doazen ohiko zerbitzuek ez dute inolako aldaketarik izango.

  

8380