Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako 61 hotelek parte hartuko dute Foru Aldundiaren ekimen aitzindari batean, turismo jasangarritasunerantz

Gipuzkoako 61 hotelek parte hartuko dute Foru Aldundiaren ekimen aitzindari batean, turismo jasangarritasunerantz

Ekimenaren helburuak dira gure eskaintza turismo jasangarrirantz bideratzea, natura ingurunea babestu eta CO2 isurketak murriztea eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzea.

Ekimenaren helburuak dira gure eskaintza turismo jasangarrirantz bideratzea, natura ingurunea babestu eta CO2 isurketak murriztea eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzea.

Gipuzkoako eskualde guztietako 61 hotel eta landa etxek erabaki dute jasangarritasunaren alorrean Foru Aldundiak sustatutako ekimen aitzindari batean parte hartzea.

Denis Itxasok, Kultura eta Turismoko diputatuak, eta Jose Ignacio Asensiok, Ingurumeneko diputatuak aurkeztu dute ekimena, zeinaren helburua baita ostatu etxeek zenbait hobekuntza egitea baliabideen erabilera eraginkorrari, sortutako hondakinen kudeaketa egokiari, edo bezeroei zuzendutako kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzei dagokienez, eta horren truke aitorpen ofizial bat lortzea. Ekimenaren xede nagusiak dira, batetik, jasangarritasuneko politikekin bat egiten duen ostatu sektore bat izatea; bestetik,  turismoko ostatuetan egiten diren jardunbide egokiak aztertu, identifikatu eta sustatzea, eta hobekuntzarako esparruak eta aukerak detektatzea; eta, azkenik, establezimenduak eraginkorragoak bihurtzeko eta baliabideen kontsumoa murrizteko laguntzak ematea.

«Gipuzkoak turismoaren hazkunde kualitatiboaren aldeko apustua egin behar du, non kalitatea, ingurunearekiko errespetua eta kultur ondarearen sustapena funtsezko faktore diren. Hain zuzen ere, faktore horiek ahalbidetzen dute kalitatea hobetzea, balio erantsiko zerbitzuak eskaintzea eta turismoa, etorkizunean ere, aberastasun iturri izan dadin bermatzea. Horregatik, beharrezkoa da turismo jasangarriko eta ekoturismoko eskaintza bat prestatzea, eta, horretan, hotelak funtsezko alderdi dira kalitatezko zerbitzua eskatzen duten bidaiariak erakartzeko eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzeko», azaldu du Itxasok.

«Jasangarritasunaren aldeko apustua egiteak eskatzen du turismo sektorea garapen jasangarriaren premietara eta printzipioetara egokitzeko politikak garatzea. Hotelak, beren dimentsioagatik, ingurunean duten eraginagatik eta jardueragatik, faktore giltzarri dira sektorea egokitzeko. Gipuzkoak turismo jasangarriko eta ekoturismoko eskari handiagoa izan nahi badu, funtsezkoa da ostatu sektore jasangarri bat izatea. Horrela, gure eskaintza turismo jasangarrirantz bideratzea, natura ingurunea babestu eta CO2 isurketak murriztea eta Gipuzkoa turismo jasangarriaren erreferente bihurtzea lortuko dugu», adierazi du Asensiok.

Foru Aldundiak turismo jasangarriko eredu bat bultzatuko du lau asmo nagusirekin: 1- turismo ekologiko, jasangarri eta kalitatezkoaren eskariaren hazkundea aprobetxatzea, 2010ean % 7koa izatetik 2016an % 25ekoa izatera pasa baitzen; 2- turismoaren inpaktu positiboak laguntzea helmugetan, aberastasunaren sorreran eta gure ingurumen eta kultura ondarearen zaintzan eta hobekuntzan; 3- turismo eredu orekatua  finkatzea, hazkundeari eta lurraldean duen banaketari dagokionez, eta urtarokotasuna gainditzea; 4- turismoaren gehiegizko hazkundearen ondoriozko arriskuak arintzea.

Alternativas Fundazioak azaroan Foru Aldundiarentzat prestatutako «Turismo Jasangarria Gipuzkoan: erronkak eta aukerak» izeneko txostenean jasotzen diren ondorioak eta gomendioak erreferentziatzat hartuta, aurten zenbait ekimen jarriko ditu abian Foru Aldundiak Gipuzkoan turismo jasangarriaren garapena indartzeko.

Ekimen horietako bat hotelei eta landa etxeei zuzenduta egongo da.  Proiektuan parte hartzea erabaki duten 61 establezimenduren artean lau izarretako 9 hotel daude, hiru izarretako 6 hotel, bi izarretako 5 hotel, katalogatu gabeko 3 establezimendu, 35 landa etxe, 2 ostatu eta hotel-apartamentu bat.   Establezimendu horiek aitorpen bat jasoko dute esparru horretan egiten dituzten jarduerengatik, eta ostatu jasangarrien identifikazioa jasoko dute. Horrez gain, hobekuntza aukerak identifikatu ahal izango dituzte, garapen jasangarria establezimendu bakoitzaren prozesuetan txertatzeko. Ekimenaren asmoa da ostatuek garapen jasangarriaren printzipioak ezartzea prozesu guztietan eta beren jardueran inplikatuta dauden interes talde guztiekiko harremanetan; eta hori lortzearren inpaktuak gutxitzeko praktika eta teknologia onenak erabiltzea, baliabideen kontsumoa optimizatzea (ura, energia, etab.), hondakinak modu egokian kudeatzea, CO2 isurketak murriztea, eta kultura, ingurumen eta gizarte ingurunearekin konpromiso irmoa izatea.

Hori guztia lortzeko, lehenik eta behin, ingurumen gaietan espezializatua den MARGUBEko teknikariek ingurumen diagnostiko pertsonalizatu bat egingo dute, gai hauek kontuan hartuz, besteak beste: energia kontsumoak eta BEG isuriak murriztea (argiztapena, klimatizazioa, etxetresna elektrikoak, energia berriztagarriak, efizientzia energetikoa, eraikinetako inguratzaileak etab.); ura behar bezala erabiltzea (aurrezteko sistemak, erabilera aholkuak, aurretratamenduko sistema etab.); hondakinak murriztea eta horiek behar bezala kudeatzea (ezagutzea hondakin kopurua eta korronteak, elikagaien xahubidea, gaikako bilketa eta berrerabiltze sistemak); mugikortasun jasangarria (garraio jasangarriari eta baliabideak izateari buruzko informazioa); produktuak eta zerbitzuak erosteko eta kontratatzeko praktika onak ezartzea (erosketa berdea eta ekoetiketak); ingurunea zaintzea (landareztatze integratua, prozesu naturalak aintzat hartzea…); ingurune sozialean behar bezala integratzea (tokiko langileak eta produktuak, bizilagunekiko harremanak, kultur jardueren sustapena etab.); elikadura; kontzientziazioa eta ingurumen alorreko sentsibilizazioa (ingurumen politika eta langile eta bezeroei dagozkien praktika onak). 

Diagnostikoa amaitu ondoren, establezimendu bakoitzari ingurumen arloko aitorpen maila jakin bat emango zaio, turismo jasangarria sustatzeko jardueretan edo zerbitzuetan duen inplikazio mailaren arabera, eta, horrez gain, establezimendu bakoitzerako, Jasangarritasuna Hobetzeko Plan bat definituko da. Plan horretan zehaztuko da establezimenduak zer ekintza edo aholku ezarri behar lituzkeen jasangarritasunari buruzko alderdi guztiak behar bezala integratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak behar bezala aztertu eta balioetsiko ditu lortutako emaitzak, eta, hala badagokio, kontuan hartuko ditu horiek jasangarritasuna hobetzeko ekintza planak eta neurri berritzaileak diseinatzerakoan, ingurunearekin eta turismo jasangarriarekin konpromisoa hartua duen establezimendu baten irudia gizarteratzea, sustatzea eta inplikazioa lortzea ahalbidetzeko asmoz.

Gaur arratsaldean, “Hotel zerbitzuak: jasangarritasuneranzko bide bat” informazio jardunaldian, jarraitu beharreko metodologia eta egingo diren jarduketen kronograma zehatz-mehatz azalduko zaizkie interesa duten establezimenduei.  

Asensiok azpimarratu du turismoak eragina duela klima aldaketan eta, ondorioz, klima aldaketaren aurkako «Gipuzkoa Klima 2050» estrategiaren esparruan; sektore horretan esanguratsuak diren sektoreekin lankidetzan aritzeko beharra ikusi da jarduteko moduak adosteko, eta, horri esker, turismoak helmugetan dituen gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko ondorioei mesede egiteko, eta jarduera neurrigabe hazteak ekar ditzakeen eragin negatiboak arintzeko.

Turismoa mundu mailako enplegu eta aberastasun iturri bat da, eta, Gipuzkoan, BPGaren % 7,4 eta 27.900 lanpostu eskaintzen ditu; 2016an, bi milioi (2.179.877) ostatu gauko muga gainditu zuen lehenengoz. Hazkunde horrek aukerak dakartza, baina baita arriskuak ere: saturazioa, zerbitzuetan kalitatea murriztea, ingurumena kaltetzea etab. Hori dela eta, «Gipuzkoak turismo jasangarriaren alde egin behar du, baliabideak modu arduratsuan erabiltzea giltzarria baita, besteak beste, turismoak aberastasun eta enplegu iturri izaten jarrai dezan», esan du Itxasok.

Informazio jardunaldia Donostiako Arima hotelean egingo da. Hotel horrek ingurumen bokazioa du, geotermia eta aerotermia bezalako energia garbiak baliatzen ditu, garbiketa uren bilketa sistema, ur fluxua murrizteko filtroak eta hondakinen gaikako kudeaketa erabiltzen ditu, besteak beste, eta filosofia jasangarri hori partekatzen duten hornitzaileak eta kolaboratzaileak ditu, gainera.

  

1632