Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gorroto delituen aurrean begiradak batuz

Gorroto delituen aurrean begiradak batuz

LGTBI kolektiboko kideen eskubideen defentsa giza eskubideen defentsarekin lotuta dago.

Ostiralean, ‘Gorroto delituen aurrean begiradak batuz’ Nazioarteko Topaketa egingo da Donostian.

San Martin: “LGTBI kolektiboko kideen eskubideen defentsa giza eskubideen defentsarekin lotuta dago, eta ezinbestekoa da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko”

Maiatzaren 17an ospatzen den Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Fernando San Martin Lankidetzako zuzendariak aurkeztu ditu “Gorroto delituak eta hilketak” izeneko proiektuaren emaitzak. Lan hori Aldarte Gay eta Lesbianen Arreta Zentroak egin du eta Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du, 2017ko lankidetzarako laguntza deialdiaren barruan.  Prentsaurrekoan parte hartu dute Lankidetzako zuzendariak, Fernando San Martinek, eta Aldarte zentroko Cristina Ruedak eta Lola Dejavúk, transgeneroko aktibista mexikarrak.

San Martinek hau adierazi du “LGTBI kolektiboko kideen eskubideen defentsa giza eskubideen defentsarekin lotuta dago, eta ezinbestekoa da berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko”. Horregatik da Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza politikaren ardatz nagusia.

Proiektuak gai hau landu du: Sexu eta genero aniztasuneko (LGTBI) kolektiboaren eta/edo pertsonen aurkako gorroto delituak eta hilketak, sexu orientazio eta genero identitateagatik (SOGI). Giza Eskubideen aurka doan hedadura globaleko indarkeria estrukturala eta transistemikoa. 

ALDARTEK testuinguruaren diagnostikoa egin du, eta agerian utzi du ugaritu egin direla eta gero eta larriagoak direla mundu mailan sexu orientazio eta genero identitateagatik (SOGI) gertatzen diren gorroto delituak. Era berean, azpimarratu du areagotzen ari dela gorrotoaren diskurtsoa eta kolektiboa ikusezin bihurtzea, eta babes mekanismoak falta direla LGTBI kolektiboko kideen aurkako delituen eta hilketen aurrean. Proiektuak nabarmendu du kolektibo horretako kideek, iparraldean nahiz hegoaldean, bizi duten ahultasun egoera larria, baita ikuspegi lokal eta global batetik arazo horri aurre egin ahal izateko estrategiak antolatzeko premia ere.

Proiektu honen bidez tresna teorikoak eta praktikoak eskuragarri jarri nahi izan dira, sexu orientazio eta genero identitateagatik (SOGI) gertatzen diren gorroto delituak aztertu eta identifikatu ahal izateko. Tresna horiek balio baitezakete delitu horiek gutxitzen eta/edo desagerrarazten lagunduko duten gizarte, erakunde eta hezkuntza mailako estrategiak eta proposamenak garatzeko; betiere Gipuzkoako gizarte mugimenduen, elkarteen, GKEen, erakundeen eta hezkuntza entitateen partaidetza eta inplikazioarekin. 

Sexu orientazio eta genero identitateagatik egiten diren gorroto delituak errealitate global bat dira, mundu osoan eta gizarte mota guztietan gertatzen direnak. LGTBI kolektiboko kideen egoera, munduko zenbait lekutan, bereziki larria da; izan ere, herrialde batzuetan homosexualitateari heriotza zigorra ezartzen zaio; alabaina,  LGTBI kolektiboko kideen eskubideen aldeko legedia duten herrialde batzuetan ere sexu orientazio eta genero identitateagatik (SOGI) egiten diren delituak gertatzen dira.

Proiektu hau Donostian, Arrasaten, Zarautzen, Oñatin, Hernanin, Azpeitian eta Zumaian gauzatzen ari da, eta jarduera hauek egin dira:

  • Abian jarri da https: kooperaldarte.org web orria, eskuragarri jartzeko proiektuan jasotako informazioa eta materiala, baita gorrotoko, indarkeria transistemikoko eta giza eskubideen aurkako delituen inguruan, generoaren ikuspegitik, azterketa kritikoa egiteko baliagarriak izan daitezkeen beste material batzuk ere.
  • Diagnostiko txosten bat egin da gai honen inguruan: “Honduraseko sexu eta genero aniztasuna. Tegucigalpa eta La Ceiba”. ALDARTEko bi boluntariok Hondurasen egindako landa lanaren inguruko informazioa jasotzen da. 2009ko estatu kolpea erreferentetzat hartuta, gorroto delituen egoeraren ikuspegi orokor bat ematen da, eta gai horren inguruko datu aipagarriak jasotzen dira. Horrez gain, hurbilketa bat egiten da herrialdeko legedia eta politika publikoak aztertzeko. LGTBI kolektiboaren egoera eta pairatzen duten indarkeria ezagutzeko hurbilketa bat egiten da, eta identifikatutako premiak eta erronkak jasotzen dira.
  • Erakusketa ibiltaria: “Sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituen begirada orokorra”. Erakusketaren helburua da sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituen egoera ikusaraztea, azterketa kritiko bat eta herritarren mobilizazioa sustatuz, egoera hori salatu eta LGTBI kolektiboko kideen eskubideak babesteko.

Gorroto delituen egoera hiru mailatan islatu nahi izan dira —maila lokalean (Euskadi), nazionalean (Espainia) eta Erdialdeko Amerika eta Mexiko mailan—, herrialdeetako bakoitzaren egoera zehatza aztertu ahal izateko. Aldi berean, zenbait elementu eskaintzen dira identifikatzeko zeintzuk diren delitu horien ugaritzea eragiten duten egiturazko arrazoiak eta nola eragin duten politika globalek. Horrekin batera, sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituak desagerrarazteko estrategiak lantzeko gakoak bildu nahi izan dira.

  • Gorroto delituen aurrean begiradak batuz’ Nazioarteko Topaketa honen helburu nagusia da Gipuzkoa eta Erdialdeko Amerikako gizarte eragileen eta politikarien hausnarketa, elkarrizketa eta elkar trukerako espazio bat sortzea, batetik, ikuspegi lokal eta globaletik aztertzeko sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituak, eta, bestetik, salaketako eta gizarte mobilizazioko estrategiak antolatuko dituen eragin globaleko nazioarteko sare bat sortzeko. Topaketa Donostian egingo da maiatzaren 18an, goizeko 9:00etatik aurrera.
  • Sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituen aurrean sarean lan egiteko estrategiak trukatzeko prestakuntza tailerrak.  
  • Sexu eta Genero Aniztasuna Defendatzeko Nazioarteko Sarea:

Kooperaldarte webgunearen barruan beste gune bat sortu da sexu eta genero aniztasuna defendatzeko nazioarteko sarearen bozgorailu izateko.  Sarea osatzen duten elkarte ezberdinen zabalkunde, salaketa eta topaketa tresna izan nahi du, eta bere helburua da sexu orientazio eta genero identitateagatik gertatzen diren gorroto delituen inguruan hitz egin eta hausnartzeko gune bat sortzeko nazioarteko plataforma bat izatea. Indarkeria desagerrarazteko jardunbide eta ekintza egokiak partekatu nahi dira, egoerari aurre egin eta erantzuteko estrategia kolektiboak sortzeko ahalmena bultzatuz.  Nazioarteko Topaketaren barruan aurkeztuko da.

Eranskinak:

  

1521