Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Minbiziaren aurkako lasterketaren asmoa da mila parte-hartzaile baino gehiago lortzea

Minbiziaren aurkako lasterketaren asmoa da mila parte-hartzaile baino gehiago lortzea

Izen-emateekin lortzen den dirua minbizia duten pertsonei laguntzeko programetarako xedatuko da

  • Maiatzaren 13an egingo den Gipuzkoa Martxan jardunaldiak 7 kilometroko lasterketa eta 3 kilometroko martxa, jende guztiarentzako egokia, uztartzen ditu.
  • Irteera eta helmuga Donostiako Alde zaharrean dituen lasterketa bakarra da.
  • Izen-emateekin lortzen den dirua minbizia duten pertsonei laguntzeko programetarako xedatuko da.

Datorren igandean, maiatzak 13 dituela, Donostia berdez jantziko da minbizia duten pertsonei itxaropen mezu bat helarazteko Gipuzkoa Martxan lasterketaren 4. edizioaren bidez. Minbiziaren aurkako Gipuzkoako Elkarteak laugarren aldiz antolatuko du ekitaldia: 7 kilometroko lasterketa goizeko 10:00etan abiatuko da, eta 3 kilometroko ibilaldia, berriz, jende guztiak egiteko modukoa, 12:00etan. 

Donostian egiten diren lasterketen artean, Alde zaharrean hasi eta bukatzen den bakarra da. Korrikalariek Konstituzio plazatik abiatu eta Haizearen orrazira arteko joan-etorria egingo dute, horrela 7 kilometro osatzeko. Izena internet bidez eman daiteke, www.kirolprobak.com orrian; 13 euro ordaintu beharko dira, eta bildutakoa Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkartearentzat izango da.

Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko foru diputatuak azaldu duenez, «proba hau oso garrantzitsua da, ez bakarrik biltzen duen diruagatik, baizik eta lan handia egiten duelako, alde batetik, gaixotasuna gizarteratzen, eta, bestetik, minbiziaren aurka gero eta jende gehiago mugiarazten. Gainera, pentsatzen dugu elkarteak bete-betean asmatu duela jendea mugiarazteko kirola erabiltzen, kirola gipuzkoarron nortasun adierazlea delako eta horrela mezua jende gehiagorengana iristeko aukera dagoelako. Minbiziaren aurkako borrokan kontzientziatuta gaude, eta zenbat eta gehiago lagundu eta diru gehiago bidu, gauza gehiago egin ahal izango dugu. Hori dela eta, gipuzkoar guztiak lasterketan parte hartzera gonbidatu nahi ditut».

Sariak egongo dira lehenengo hiru sailkatuentzat, 55 urtetik gorako beteranoentzat, eta Gipuzkoako Minbiziaren Elkarteko lehenengo bazkide sailkatuarentzat, emakumeen eta gizonezkoen kategorian. Iaz 897 pertsonek parte hartu zuten lasterketan, eta aurten mila korrikalaritik gora izatea da xedea. Berrikuntza gisa, aurten, mugara iristean korrikalariek jasotzen dituzten poltsetan, enpresa laguntzaileek emandako opari sorpresak izango dituzte, ausaz sartuta.

Beste urte batzuetan bezala, igandeko jardunaldiaren helburua da parte-hartze handikoa izatea eta era guztietako herritarrengana iristea; horregatik, hain zuzen ere, martxa bat antolatu da eguerdiko 12:00etarako, Alderdi Ederren hasi eta amaituko dena. ‘AECC Gipuzkoa Martxan’ 4. edizioaren bigarren ekitaldi hori 3 kilometroko ibilaldia izango da, Kontxako pasealekuan zehar Ondarretara joan-etorria eginda. Parte hartu nahi dutenek dortsal solidarioak eskuratu ahal izango dituzte 3 eurotan Alderdi Ederren bertan.

Bi probek helburu solidarioa dute, izan ere, bildutako diru guztia minbiziaren aurkako borrokan murgilduta dauden pertsonei eta haien senitartekoei laguntzeko programak finantzatzeko erabiliko da.  Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak herritar guztiak animatu nahi ditu parte hartzera eta Donostiako kale eta gune adierazgarrienetan ibiltzera, guztion artean minbiziari aurre egiteko helmugara iristeko.

  

1459