Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumenak 215.000 euro bideratuko ditu, udaletan energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko

Ingurumenak 215.000 euro bideratuko ditu, udaletan energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko

Ingurumeneko Departamentuak diru laguntzetarako deia egin du energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko.

2016/04/04

Ingurumeneko Departamentuak diru laguntzetarako deia egin du udalentzat, mankomunitateentzat eta udal nahiz eskualde mailako merkataritza sozietateentzat, energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko eta aurrezpen zein eraginkortasun energetikoa lortzeko, José Ignacio Asensio diputatuak iragarri zuenez, pobrezia energetikoa prebenitzeko estrategiaren barruan.

Ingurumeneko Departamentuaren iritziz, energiaren alorrean aurrera egin nahi baldin bada, asko dira esku hartu behar duten eragileak. Aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa, sorkuntza banatua eta autohornidura energetikoa bezalako kontzeptuek bere baitan daramate, nahitaez, sistema osoaren barruan ekintza dibertsifikatzearen osagaia, guztion artean sortu beharra dagoen ekintza koordinatuen aukera zabal bat, alegia. Ezinbestekoa da tokian tokiko gobernuek beren politikak irizpide energetikoen ikuspuntutik birbideratzea, sektoreko eragile nagusi horiekin koordinazioan.

“Gipuzkoa Energia Foru Plana – 2012-2015 ekintzak” izeneko dokumentua landuz, lagundu nahi da sistema energetiko iraunkor bateranzko trantsizioa bizkortzeko egiteko nagusia lortzen, Europako aginduak betez. Plan horren lerro estrategikoetako bat da tokian tokiko eta eskualdeko politika energetikoen ezarpena bultzatzea, eta udalerriz gaineko izaera duten premia energetikoak detektatu, koordinatu eta sustatzea. Horregatik, Departamentuak 215.000 euroko kontusail bat prestatu du udalentzat, mankomunitateentzat eta udal nahiz eskualde mailako merkataritza sozietateentzat.

Diru laguntzak jarduketa lerro hauetarako dira:

a) Eraikin publikoetan aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko:

  • Airea girotzeko edo ur bero sanitarioko instalazioak berritzeko.
  • Kogenerazioko/erregenerazioko instalazioak ezartzeko.
  • Energia monitorizatzeko sistemak ezartzeko.

b) Energia berriztagarriak ezartzeko:

  • Trukaketa geotermikoko instalazioak.
  • Tenperatura baxuko eguzki instalazio termikoak.
  • Energia termikoa ekoizteko, egur birjinatik edo tratamendu kimikorik jasan ez duten egur hondakinetik etorritako biomasa erabiltzen duten instalazioak.
  • Eguzki instalazio fotovoltaikoak eta instalazio eolikoak, autokontsumo erregimenean.

c) Azterlan, plan edo ekintza batzuk energiaren alorrean:

  • Energiaren arloan udal eta eskualde ekintzak antolatzeko eta definitzeko planak egitea.
  • Pobrezia energetikoa gutxitzeko (zuzentzeko eta prebenitzeko) azterlan eta planak egitea.
  • Hedapen eta sentsibilizazioko ekintzak energiaren alorrean, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika energetikoarekin bat badatoz.

Diru laguntza jasoko bada, jarduketak hasi gabe egon behar du 2016ko urtarrilaren 1ean, eta burutu, 2017ko martxoaren 31 baino lehen burutu beharko da. Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izango da. Deialdi honetan, aldatu egin da diru laguntza emateko prozedura.

Diru laguntza jasotzen duen erakundea udalerri bat edo udaleko erakunde autonomo bat baldin bada, diru laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako jarduketaren gastu lagungarrien ehuneko bat izango da, bíztanle kopuruaren arabera; hartara, zenbat eta biztanle kopuru txikiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da laguntza. Ehuneko hori honako hau izango da: 10.000 biztanle edo gehiago, % 40; 5.000tik 10.000ra bitartean, % 50; eta 5.000 biztanle baino gutxiago, % 60.  

Diru laguntza jasotzen duen erakundea mankomunitate bat edo eskualdeko garapen agentzia bat bada, diru laguntzaren zenbatekoa % 60 izango da, zenbait udalen artean aurrera eramandako jarduketak aldezteagatik. Edozein kasutan, diru laguntzaren gehienezko zenbatekoa ezin izango da 50.000 eurokoa baino handiagoa izan, obretan, ez eta 15.000 eurokoa baino handiagoa ere, azterlan eta planetan.

  

1488