Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruko enpresa-ekimenak sortzeari bultzada

Foto Zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruko enpresa-ekimenak sortzeari bultzada

Zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruko enpresa-ekimenak sortzeari bultzada

Adinberri estrategiako dirulaguntzen deialdi berri bat egin du, zeinera 523.051 euro xedatuko baititu.

Zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruko enpresa-ekimenak sortzeari bultzada

Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri programako dirulaguntzen deialdi berri bat egin du, erronka demografikoaren aurrean negozio eredu berriak sustatzeko eta balio erantsiko aukerak sortzeko, zeinerako, guztira 523.051 euro xedatuko baitira 2020an. Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasak eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Ainhoa Aizpuruk ekimenaren xehetasunak aletu dituzte, zeinaren helburua baita eremu horretan Gipuzkoaren espezializazio adimenduna sustatzea, zahartze osasungarriaren arloa lurraldeko “Silver economy”-aren esparruan identifikatutako aukerekin konektatuz: bizitza-luzerarako etxea eta ingurunea, arreta eta zaintza eredu berriak, osasunaren prebentzioa eta sustapena, eta adineko pertsonen zahartze osasungarria eta zahartze aktiboa.

Deialdia Gipuzkoan kokatutako enpresei zuzentzen zaie, eta jarduera hauei lagunduko die, besteak beste: enpresa aukerak garatzea, adinekoen autonomia etxean bertan sustatzeko, eta adinekoen bizimodu osasungarriko estiloak etxean bertan bultzatu eta mantentzeko, alderdi hauek sustatuko dituztenak: jarduera fisikoa, elikadura osasungarria, osasuna prebenitzeko eta sustatzeko zerbitzuak, ongizate emozionala eta gizarte harremanak; zainketen eta arreta soziosanitarioaren arloan negozio eremu berriak garatzea, bizi-kalitatea hobetuz; produktu eta zerbitzu kultural eta kognitibo espezifikoen garapen esperimentala, ekonomia sortzailearekiko hibridazioaren bidez; eta enpresa-proposamen bideragarriak abiatzea, gizarte ekonomia lehenetsiz, etxeak eta zerbitzu komunitarioak egokitzeko, halako pertsonen autonomiarik handiena sustatzearren.

Informazioa eta eskaeraren inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Enpresa interesdunek beren eskaerak aurkez ditzakete, bai http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa helbidean, bai Foru Aldundiko erregistro elektronikoaren bidez: https://egoitza.gipuzkoa.eus. Aurkezteko epemuga azaroaren 17a izango da. Iaz, deialdi honen eskutik, 16 proiektu babestu ziren, Biodonostia, hurkoa, Matia edo Tknika bezalako erakundeen eskutik.

Laguntza lerro honek erantzun nahi die 55 urtetik gorako kolektiboaren eta sistema soziosanitario publiko edo pribatuaren egoerei eta beharrei, bere arreta asmo komun batean jarriz: bizitza osasungarriaren aldia zabaltzen laguntzea. Bi diputatuek azpimarratu dutenez, behar berri horiek betetzeak, horiei egokitutako produktuak eta zerbitzuak garatuz, berekin dakar “aukera bikain bat kontsumo publiko eta pribatuari lotutako jarduera ekonomikoa sortzeko, berrikuntza teknologikoa akuilatzeko, enplegua sortzeko, eta adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko; azken batean, balio ekonomiko eta soziala sortzeko. Erronka horrek adibideekin adierazten ditu Gipuzkoa ereduaren alderdi nagusiak: lehiakortasun ekonomikoa, eta gizarte ongizatea”.  

Programa horren eskutik, asmoa da Gipuzkoako ekonomia-sarean dagoen potentziala maximizatzea, erronka demografikoari heltzeko, zahartze aktiboa eta osasungarria bermatuz. Zeregin horrek bere baitan hartzen du, hasi produktuak eta zerbitzuak ekonomiaren sektore guztietara egokitu eta integratzetik, eta teknologia aurreratuak hobetutako sistema integratuak –adinekoen bizitza autonomoa babesten dutenak– sartzeraino. Hala, aurreikusitako aplikazioen artean, honelakoak daude: teknologiaren erabilgarritasuna, bizitza independentea babesten duten etxe adimendunak; baita ere, ingurune eskuragarriak eta ingurunearen kudeaketakoak, zerbitzuen robotika, osasuna (hala nola gailu medikoak eta osasun zerbitzu telematikoak), eta, ongizatea, elikadura, segurtasuna, kultura, hezkuntza eta trebetasunak, entretenimendua, garraio pertsonala eta autonomoa, bankuak eta finantza produktuak, turismo aktiboa, kosmetikoak eta moda.

 

“Ikuspegi ekonomikoa eta askotarikoa»

Aurtengoa dirulaguntzen hirugarren deialdia da, Adinberri estrategia abian jarri zenetik.  Abiapuntu hartuta ebaluazio positibo bat eta aurrekoen ikaskuntza, ikuspegi berri bat eman zaio: alde batetik, bideratuagoa enpresetatik jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren garapen eta sustapenera; beste alde batetik, adinekoen errealitatearen ikuskera heterogeneoago eta askotarikoago bat, ez mugatua alderdi sanitarioagoetara bakarrik. “Nahiz eta biztanleria-talde hori homogeneizatzeko joera dagoen, zahartzea bizi-prozesu bat da, eta aldakortasuna du ezaugarri. Zahartze aktiboak adinekoek dituzten eskubideak aitortzen ditu –aukera eta tratu berdintasuna bizitzaren alderdi guztietan–, eta bizitza sozialaren eta komunitarioaren alderdi guztietan parte hartzeko duten erantzukizuna babesten du. Ondo zahartzeko produktu eta zerbitzu espezifikoek, bai eremu pribatuan, bai publikoan, asko lagun diezaiokete zahartze aktibo eta osasungarriari, bizitza autonomoari”, azaldu du Aizpuruk.

Lasak, bestalde, nabarmendu du “Silver economy”-ari lotutako ekintzailetzak “potentzial ikaragarria” daukala, “adinerako ingurune atseginak sortuz, barne hartuta irisgarritasuna eta pertsona guztiek erabil ditzaketen produktuak eta zerbitzuak. Jarduera horiek garatzeak lan aukera berri garrantzitsuak ekar ditzake, bai epe ertainean, bai luzean, eta intentsiboak, bai teknologian, bai enpleguan. Orobat, trakzionatu dezakete digitalizazioaren aldeko apustua, dagoeneko giltzarria zena gure enpresa-sarea eraldatzeko, eta neurri handiagoan izango dena egungo krisia gainditzeko, bai ekonomia mailan, bai osasun mailan”.

2031rako biztanleria-proiekzioek adierazten dutenez, Gipuzkoako 55 urtetik gorako pertsonek % 46,5eraino handituko dute beren ehunekoa, 738.700 laguneko biztanleria total handixeago baten aldean. Biztanleria horren % 27,1ek gainditua izango du 65 urteen atalasea, eta % 5ek, berriz, 36.700 bat lagunek, 85 urteen atalasea. Mundu mailan, 65 urtetik gorako pertsonek kontsumoaren % 40 egiten dute, eta horrek bihurtzen du adinekoen taldea jarduera ekonomikoaren lehentasunezko xede, haien behar eta motibazioak –baita ere haien familiartekoenak– betetzen dituzten produktu eta zerbitzuekiko. Gaur egun, "Silver Economy" delakoa Europako BPGd-aren % 25 da, eta adinekoek beren errentaren % 70eraino daukate erosketak egiteko.

 

Adinberri estrategia

Azkenik, Ainhoa Aizpuruk esan du, pandemiak urteko lehen seihilekoan eragindako inpassea gaindituta, Adinberriren etorkizuna "bermatuta" dagoela eta Pasaiako erreferentziazko zentroaren eraikuntzak bere horretan jarraitzen duela. Baikor agertu da proiektua Europako berreraikuntzako funtsetan txertatzeari dagokionez. "Adinberrik bat egiten du pandemiaren ondorenerako eraiki nahi den munduarekin. Iraunkortasuna, digitalizazioa, erresilientzia... dira Europak sustatu nahi dituen ezaugarrietako batzuk, eta proiektu honek ezaugarri horiek biltzen ditu. Egungo krisiak agerian utzi du egoitza-ereduari eta adinekoen arretari buruzko eztabaida. Gaur-gaurkoz, denek diote eredua aldatzeko garaia dela. Gipuzkoan, urteak dira erronka horri Adinberriren eskutik heltzen ari gatzaizkiola, eta hor daude 'Etxean Bizi' edo 'OK en Casa' bezalako ekimenak, ingurune errealetan aplikatzen ari garenak ", azaldu du. Hala, Adinberri "etorkizuna duen ekimena" dela esan du, "bultzatzen jarraituko duguna, Europako funtsekin % 100ean lerrokatuta, baliabide horien bidez indartu nahi duguna, eta lortzeko borrokatuko duguna".