Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak Igerain egoitzaren lur zati bat eman dio Zarauzko udalari “eraztun berde-urdin” ean sartzeko

Aldundiak Igerain egoitzaren lur zati bat eman dio Zarauzko udalari “eraztun berde-urdin” ean sartzeko

dgs

Denis Itxaso Kultura eta Gazteriko diputatuak iragarri du biharko Diputatuen Kontseiluak onartuko duela Zarauzko Igerain Egoitza (Monte Albertia) izeneko higiezinaren parte den 734,33 m2-ko lur-zerrenda bat Zarauzko Udalari doan lagatzea, hogeita bost urterako, “eraztun berde-urdin” deiturikoan sartzeko. Epe hori luzatzeko aukera egongo da.

Zarauzko Ingurumeneko Zinegotzi den Gloria Vazquezek azaldu duenez Udalak “eraztun berde-urdina” izeneko proiektua jarri du abian, hau da, Zarauzko hirigunea inguratzen duen 11,7 km-ko ibilbide zirkular eta perimetrala. Proiektuaren helburua udalerriko natura-eremuak balioestea eta ezagutaraztea da, eta, horretarako, ibilbideak hainbat interes gune lotzen ditu, hala nola, Iñurritzako Biotopoa, Asti-Iritako hezeguneak, Tejeriako haltzadia, Igerain eta Mutxio parkeak, 2000 Natura Sarearen parte diren Garate-Santa Barbara inguruak, Zingira basoa, Santa Barbara baseliza, Vista Alegre parkea, hondartza eta bertako ingurua.

Jarduketa hori aurrera eramateko beharrezkoak dira Igerain Egoitza (Monte Albertia) izeneko finkaren lur batzuk.

Finkan bi eraikin daude: bat, nagusia, non Monte Albertia aterpetxea eta Lanbide Heziketako Ikastegi Bateratua baitaude; eta beste bat, horri erantsia, Etxe Txikia izenekoa. Finkaren gainerako azalera aisialdira bideratutako eremu berdeak dira.

Udalak proiektuan proposatzen du finka horren hegoaldeko mugan, Donostia-Bilbo trenbide lineatik hurbil, lur zerrenda bat hartzea. Hartuko lukeen eremua gutxi gorabehera 134 m luze eta 5 m zabaleko eremu bat izango litzateke, guztira 734,33 m2.

Zarauzko Udalak Foru Aldundiari eskatu dio lur zerrenda hori lagatzeko, dohainik, hain zuzen ere lur hori egokitu eta bertan oinezkoentzako bidexka bat egiteko, ondoren eraztun  berde-urdineko ibilbidean sartzeko.

Itxasok adierazi duenez Aldundiak azalera horri uko egin diezaioke, finkatik igarotzen den xenda edo ibilbide horrek ez dielako Igerain aterpetxearen erabilerei kalterik eragiten.

Eremuak bereizteko, Udalak hesiak jariko ditu. Ingurunea aintzakotzat hartuta egokiak diren hesiak jarri beharko dira.

Etxe txiki

Bestalde, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Etxe txiki izeneko eraikina Monte Albertiko LHII Institutua handitzeko ikastetxeari ematea eskatu dio Aldundiari. Aldundiak baiezkoa eman dio eta hasiak ditu barne tramiteak zesioa lehenbaitlehen onar dadin.

  

1378